“THE CONVERSATION Academic rigour, journalistic flair” blogetik atera dugu aste honetako artikulua. Gabrielle Hogan-Brun, Bristoleko Unibertsitateko ikerlariak zalantzan jartzen du ingelesa bakarrik erabiltzen duten enpresen estrategia. Jatorrizko argazkia eta artikulua hemen dituzue kontsultagai; guk hona ekarri dugu, euskarara itzulita.

Ez da oso estrategia ona merkataritza harremanak soilik ingelesez hitz egiten dutenekin izatea.

Estatu Batuetako Larry Summers ekonomialari ezagunak txio hau idatzi zuen orain dela gutxi Erresuma Batuarekiko harremanean Estatu Batuek duten ikuspegiari dagokionez. Eta arrazoi du. Beste herrialdeei merkataritza oztopoak jartzeak ondorio ekonomiko larriak ekarriko lizkieke Estatu Batuei –edo beste edozein herrialderi–.

Hizkuntzak badu bere garrantzia, ez soilik eskala handiko nazio mailan, baita negozio txikien mailan ere. Gazta eta haragi sandwichak saltzen dituen Geno’s izeneko Filadelfiako saltoki famatu batek ez zien saltzen ingelesa ez zen beste hizkuntza batean eskatzen zuten bezeroei. 2011ra arte ez zuten kendu errotulu hori.

Geno’s saltokiko erakusleihoko errotulua, 2011n kendua. Brian Zambrano / flickrCC BY-NC-SA

Halako jarrera itxia duena saltoki txiki bat besterik ez denean, apenas eragiten dio maila handiko ekonomiari. Aitzitik, Donald Trump presidente hautatzearekin batera, Estatu Batuetara sentimendu protekzionista itzuli da– eta horrek bai, horrek askoz ere eragin handiagoa izan lezake ekonomian.  Trump presidenteak behin eta berriz azpimarratzen du “America First” (Amerika aurrena) merkataritza politika; haatik, AEBak merkataritza askearen sustatzaile nagusiak izan dira hamarraldi askoan. Erretorika isolazionista hori ateak ixten ari zaio trukeari, berrikuntzari eta hazkundeari. Eta, hala ere, merkataritza askeak aberastu egin gaitu guztiok.

Gailurrera iritsi ziren antzinako zibilizazioek, hala nola, Txinak, Greziak eta Erromak, kulturen arteko merkataritza harremanekin lortu zuten arrakasta. Antzinako merkatariek bazekiten ezinbestekoa zela haien bezeroekin elkar ulertzea emaitza ekonomiko onak lortu nahi bazituzten. Eta horien artean Marco Polo zegoen, Mediterraneotik hasi eta Txinaraino negozioak egin zituen merkatari eleanitz arrakastatsua.

Era bertsuan, gaur egun ere, ongi informatutako enpresariek hainbat hizkuntza ezagutzen dituzte. Horren erakusgarri diren hainbat adibide aurkitu nituen nire libururako (Linguanomics. What is the Market Potential of Multilingualism?) ikertzen ari nintzenean. Besteak beste, Mark Zuckerberg Facebooken sortzailea, mandarin txinera ikasten ari da. Bere emaztearen familia txinatarra da eta, beraz, mandarin txinera ikasteko motibazio pertsonala duela pentsa dezakezu. Haatik, merkatua bera ere txinera ikasteko pizgarria da beretzat. Izan ere, bere konpainia aspalditik dabil Txinako merkatuan sartu nahian.

Alde horretatik, aspaldiko mantra bati eusten dio Willy Brandtek, Alemaniako Errepublika Federaleko kantziler izandakoak, era gogoangarrian hauxe adierazi zuenean:  “Saltzailea ni naizenean, zure hizkuntza hitz egingo dut. Baina eroslea naizenean, dann müssen Sie Deutsch sprechen [orduan zeuk hitz egin behar didazu alemanez]”. Horrek erakusten digu, gaur egun, oraindik ere, bezeroa dela agintzen duena.

Hizkuntzaren ahalmen ekonomikoa

Britainia Handia merkatu berriak ireki nahian dabil Europar Batasunetik kanpo, eta horrek hizkuntza premia berriak sortuko ditu segur aski. Erronka horri erantzuten dioten konpainiek eleaniztasun gaitasun handia izan beharko dute mugaz haraindiko merkatuetan aritzeko. Horretarako, ezinbestekoa da zirkulatzeko askatasuna izatea. Izan ere, Britainia Handiko herritar askok diote ez direla trebeak ingelesa ez den beste hizkuntzak hitz egiteko. Zoritxarrez, gobernuaren azken estatistiken arabera, Erresuma Batuak, dagoeneko, BPGaren %3,5 galtzen du langileek gabeziak dituztelako hizkuntza gaitasunei dagokienez.

Aitzitik, AEBek, historian aspaldi errotutako kultura nahasketari esker, hizkuntza aukera zabala eskaintzen dute itxurazko elebakartasun horren azpian. Hain zuzen, ingelesa ez da AEBetako hizkuntza ofiziala, Geno’s saltokiari hala izatea biziki gustatuko litzaiokeen arren. Eta hori, herrialdearen osaera kultural pluralari zor zaio. Baina, erdi lo dagoen heterogeneotasunaren kontura, AEBetan elebakartasuna sustatzeko estrategia erabiltzen bada, ekonomia kaltetuko da. Izan ere, orain gutxiko azterketa batzuek erakutsi dutenez, AEBetako sei negozioetatik batek kalte ekonomikoak pairatzen ditu bere langileek hizkuntza gaitasun eta kultur kontzientzia nahikoa ez dutelako.

Beste herrialde batzuek argi erakusten dute eleaniztasunari etekina atera diezaiokegula eta, ekonomia globalizatu honetan, baliabide baliagarria izan daitekeela trukea. Suitzan, adibidez, eleaniztasunaren balio ekonomikoa BPGren %10 dela balioztatu da. Eta hori hala da, nagusiki, negozio eta enpresa askotako langileek hainbat hizkuntzatan lan egin dezaketelako.

Estatu Batuetako joera protekzionista Erresuma Batuan eta Europar Batasunean indartuz gero, segur aski, beste herrialde batzuk gailenduko dira, besteak beste: Txina, India, Mexiko, Indonesia eta Turkia. Gero eta dibertsifikatuago dagoen mundu mailako ekonomia honetan, gerta liteke etorkizunean ingelesak nagusitasuna galtzea. Eta nagusitasun galera hori ironiaz beteta legoke, “make America great again (bihurtu Amerika berriro handi)” lelopean gertatuko balitz.

Irakurtzen jarraitu...

Antzuolako Goizper kooperatibak 5 kontinentetan eta 112 herrialdetan saltzen ditu ihinztagailuak. Goizper-entzat hizkuntzen kudeaketa oso faktore garrantzitsua da produktua kalitatez ekoitzi eta mundu zabalean kalitatez saltzeko orduan. Hori dela eta, hizkuntzen kudeaketaren arloan hainbat proiektu lantzen dihardu EMUNen aholkularitzapean (euskara plana, hizkuntza politika orokorra nazioartekotzerako…).

Begoña Arruti Ihinztadura negozioko esportazio arduradunetako bat da. Bideo honetan, eleaniztasuna Goizperren nola kudeatzen duten aurkezten du: hainbat esperientzia eta praktika azaltzeaz gain, hizkuntzak modu egokian kudeatzeak Goizperri ekarri dizkion onuren berri ematen du. Hitzaldi hori Euskalitek antolatutako Kudeaketa Aurreratuaren XXI. Europar Astearen barruan egindako hitzaldia da, hain zuzen ere “Eleaniztasunaren kudeaketa enpresa globalean: dirua galtzen ari naiz?” izeneko jardunaldian.

Irakurtzen jarraitu...

Bilbon ekainaren 12an aurkeztu zen prentsa aurrean Language Rich Europe proiektua. Horren ostean, hainbat komunikabidetan agertu da haren berri.  Egia esan, aspaldian prentsaurreko batean egoteko aukerarik gabe, ahaztuta neukan kazetariek titularra bilatzeko duten grina. Horren ondorioz, hurrengo egunetan bertaratutako kazetarien titularren bila jo nuen.

Irekian edo zuzeun esaterako, ikerketaren txostenean jasotzen direnak bere horretan laburtu zituzten. Beraz, lana aurreratu zidaten, ez baitut laburpen hori errepikatzeko asmorik.

Deiako kazetariak aurkitu zuen titularra ikerketaren erpin batean: irakasleen ingeles maila eskasa.  Albistea horren inguruan landu zuen, bikoizketaren eragina ere aipatuz. Berriak eta El Paisek ikerketaren laburpena eta prentsaurrekoan Ivan Igartuak aipatutako ondorio nagusiak jaso zituzten eta El Paisek inkesta soziolinguistikoko datu batzuk gehitu zituen, sarrera moduan.

(Uste dut kazetarientzat formatu berriak behar ditugula hizkuntzari buruzko ikerketen berri modu egoki batean eman nahi badugu. Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko Kale Neurketaren datuak emateko kazetariekin egin nahi duen lan-gosaria adibide oso egokia izan daiteke.)

Irakurtzen jarraitu...

Hezkuntza da arlorik eleanitzena eta etorkinen hizkuntzak gutxien babesten direnak.

Language Rich Europe ikerketaren emaitzak aurkezten ari dira Europa osoan zehar. British Councilek bultzatutako ikerketa honek hiru helburu nagusi ditu:

–       kulturarteko  elkarrizketa sustatzeko jardunbide egokien trukea erraztea

–       hizkuntza politikak eta praktikak garatzeko europar lankidetza sustatzea

–       EBren eta Europako Kontseiluaren gomendioei buruzko kontzientzia areagotzea

Helburu horiek lortzeko bideari ekiteko, diagnostiko lan bat egin da 18 herrialdeetan, bertako hizkuntza errealitatea ezagutzeko. Hizkuntzak lau multzotan banatu dira:

–       Atzerriko hizkuntzak

–       Eskualde edo gutxiengo hizkuntzak

–       Etorkinen hizkuntzak

–       Hizkuntza nazionalak

Kataluniako diagnostikoaren emaitzetan Universitat de Barcelonako ikertzaileek aipatu duten moduan, hizkuntza nazionalak eta gutxiengo hizkuntzak kontzeptuek gurea moduko errealitate batean gaizki ulertuak sortu dituzte.

Language Rich Europe ikerketan  8 arlo nagusi neurtzen dira (ikus azpiko irudia). Lehen lau arloak dokumentu objektiboak oinarri hartuta aztertzen dira eta hurrengo laurak lagin bati pasatako inkesten bidez. EAEko datu bilketa hau EMUNek egin du:

 

 

 

 

 

Irakurtzen jarraitu...