Ekainean Eman zeure euskara! kanpainari ekin genion Bergarako eta Gernikako epaitegietan. Kanpainaren helburua da arlo juridikoan jarduten duten eragile guztien komunitatea sortzea, alegia, justizia arloko euskara emaileen komunitatea.

?????????????

Bi hauek dira komunitatearen xede nagusiak:

  • Arlo juridikoan lan egiten duten euskaldunek elkarren berri izatea eta informazioa partekatzea
  • Horiei euskaraz lan egiteko laguntza tresnak eskaintzea (formazioa, tresnak, kontsulta zerbitzua …)

Zenbaki politak lortu genituen bi epaitegietan: 32 euskara emaile Gernikako barrutian, eta 35 Bergarakoan. Eragilekako datuei begiratuta, Gernikan 19 langileak dira, bat idazkari judiziala, 2 prokuradoreak eta 10 abokatuak; Bergaran, berriz, 22 langile ditugu, 2 idazkari judizial, epaile bat, 9 abokatu eta prokuradore bat.

Bi barruti horietan ekin diogu bideari, baina asmoa da autonomia erkidegoko barruti guztietara zabaltzea egitasmoa. Hartzaileak honako hauek izango dira: epaileak, idazkariak, fiskalak, abokatuak, prokuradoreak, funtzionarioak, auzitegietako medikuak, lantalde psikosozialeko langileak eta unibertsitateko eragileak. Komunitateko kide izateko baldintza bakarra izango da euskaraz jakitea.

Kanpaina egiteaz gainera, Gernikako eta Bergarako epaitegietan bi saio egin ditugu euskara emaileekin proba pilotu gisa, epaitegietako euskararen egoera aztertu eta aurrera begira zer egin adosteko. Askotariko proposamenak jaso ditugu: abokatuen euskarazko txanda ezagutaraztea; deklarazioak euskaraz egin eta jasotzeko aukerak; prozedurarik errazenen zerrenda, idazkiak euskaraz aurkeztu eta izapidetzeko urratsak egiten hasteko, eta abar.

Horrenbestez, epaitegi horietan euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko proposamenak gure esku ditugu orain, eta konpromisoa hartu dugu barruti horietako idazkari eta epaile euskaldunekin bildu eta horiek kontrastatzeko.

Era berean, egitasmoari jarraipena ematea merezi duela uste dugu, eta bileretara etorritakoen aldetik ere iritzi bera jaso dugunez, irailean beste bilera bat egingo dugu barruti horietako euskara emaileen komunitateko kideekin.

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

Eman zure euskara!

Bidaltzailea: epaiBi – Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizazioko Taldea

Irakurtzen jarraitu...

Auzia Euskaraz proiektua Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute; besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, idazkari judizialek, fiskalek eta auzitegietako medikuek.

Proiektu horren bukaerako helburua honako hau da: EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara –epaia eman arte– euskaraz izapidetzea. Iparra hori izanda, proiektu horretan parte hartzen ari direnen lana oraingoz bitarteko zereginetara bideratuko da, prozesu hori gauza dadin azpiegitura eraikitzera, hain zuzen ere.

DSC_0158

Joan den urtean Auzia Euskaraz proiektuan egindakoen artean nabarmenenak bildu dituzte eta, horrez gainera, beheko lerrootan 2015erako esku artean dituzten erronka nagusien berri ere ematen da.

Iazkoan

Hasteko, EAEko barruti judizial guztietako justizia jauregietan bilerak egin zituzten bertako abokatu eta prokuradore euskaldunekin proiektua aurkezteko, haiengandik proposamenak jasotzeko eta lantaldeak martxan jartzeko. Horrez gainera, 2014. urtean abokatu eta prokuradoreen bulegoetan e-Toolbar izeneko tresna informatikoa instalatzen aritu ziren. Guztira, autonomia erkidegoko 134 bulegotan  instalatu zuten iaz, ia 200 abokaturengana iritsiz.

Epaile, idazkari judizial eta fiskal euskaldunekin bilerak egin zituzten. Proiektuaren aurkezpena egin zieten eta hurrengo pausoak definitzeko laguntza jaso zuten. Auzia Euskaraz Batzordea eratu zen 2014an proiektuaren helburuak zehaztu eta eginkizunak bultzatzeko.

Komunikazio arloa ere landu zuten iazko urtean. Hainbat albiste eta bideo sortu zituzten proiektuaren berri emateko eta horiek kanal ugariren bidez zabaldu: bloga, buletina, twitter kontua… 2014an hiru lehiaketatan hartu dute parte: Buber, Q-epea eta Blogetan. Hiruretan finalista izatea lortu dute.

Amaitzeko, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatu zuten, egun horretan, Euskara Emaileen komunitatearen sorreraren berri eman zuten eta izena emateko kanpaina hasi.

Aurtengoan

2014an egindako hainbatek jarraipena izango dute aurten ere, esaterako, jarraituko dute e-Toolbarra abokatu eta prokuradoreen elkargoetan instalatzen, komunikazio arloa lantzen eta eragile euskaldunekin bilerak egiten.

Bestalde, Euskararen Egunean aurkeztu zuten Euskara Emaileen Komunitatean parte hartzeko kanpaina izango da aurten proiektuak izango duen ardatzetako bat: Eman zeure euskara!

Horrez gainera, euskaraz sartutako demanden kasuan jarraitu beharreko protokoloa zehaztu eta inplantatzeko asmoa dute 2015ean. Horrekin lotuta, aurtengo egitasmoetako bat da euskarazko izapidetza ahalbidetzen duten tresna informatikoen gaineko prestakuntza ematea epaitegietako langileei.

Bukatzeko, legeen itzulpenarekin ere aurrera jarraituko dute.

Irakurtzen jarraitu...