Euskararen normalizazioan eta garapenean gabiltzanok sormena eta ideia berriak behar-beharrezkoak ditugu. Adituek esaten dutenez, gizartearen ezaugarriak eta beharrak aldatu egin dira eta euskara gehiago erabili eta zabaldu dadin bestelako bideak aurkitzea eta jorratzea dagokigu. Baina nola? Lan egiteko moduak aldatzeak, adibidez, ikuspegi eta eremu berriak zabaltzen lagunduko digu. Ezagutza asko geureganatuta eta sortuta daukagu, norberak bere esparrutik. Bere horretan utziz gero gainera, aukera berriei ateak ixten arituko gara ziurrenik.

Elkarren berri izatea gutxienekoa da, baina abiapuntua ere bada, aldi berean. Abiapuntua izan daiteke, hain justu, denok esku artean ditugun erronka berdinei elkarrekin erantzuteko aukera eman dezakeelako. Baina horri bultzada eta segida ez badiogu ematen, horretantxe geratzeko arriskua dago. Ezagutzaren kudeaketa kontzientea egitea garrantzitsua da, ezagutza horretatik denontzat etekina atera nahi badugu. Ezagutza partekatu, helburu bati lotu eta ideiak konbinatzean, ezagutza berriak sortuko dira. Asmatu beharrekoa asmatuta omen dago. Zerbait berria nahi izanez gero, dagoeneko asmatuta dauden horien arteko konbinaziotik sortuko omen da.

Prozesu bat da noski eta norbaitek gidatu eta dinamizatzea ezinbestekoa da. Baliteke, gainera, ezagutzaren kudeaketari ekin aurretik, sentsibilizazio kanpainatxo bat egitea komenigarri izatea. Norberak duen ezagutza eta esperientzia gutxietsi, eta horiek besteentzako baliagarriak izango direnaren zalantza izan ohi dugu-eta. Besteak ikusiko du gure ezagutza baliagarri zaion edo ez. Eman diezaiogun ezagutzaren fluxu-plazari aukera, bide berriak topatu eta aurrera egiteko.

Presentación1

 Bidaltzailea:  EMUNeko Berrikuntza Arloa

Irakurtzen jarraitu...