Gaizka Garitanok garbi dauka euskaraz ez egiteak ondorioak dituela kirol arloan. Erantzukizuna bere egin, eta nonahi eta noiznahi egiten saiatzen da. Hori egiteak, ordea, kalte egin dio profesionalki. Eragindako olatua aberatsa izan da kirol, komunikabide eta herritarren artean, uste, aurreiritzi eta ezarritako hizkuntza arauak auzitan jarri baititu. Gaizka Garitano eredu izan da gutariko askorentzat, bere balioekin koherente eta ausart. Eibar taldean bertan ere utzi du bere alea, prentsa arduraduna alboan izan baitu hizkuntzaren dema horretan.

356281921_bbbdd9675c_o

Argazkia: flickr

Eta Kittok maiatzaren 25ean antolatutako Euskararen transmisioaren inguruko mintegian bere esperientzien berri eman zigun Gaizka Garitanok beste askorekin batera.

Horietako beste esperientzia bat Gipuzkoako Foru Aldundiak Udal<>ekin egitasmoan Emunen laguntzarekin landutako ikerketa izan da. Biak euskaldunak izanda, bikotekidearekin gaztelaniaz aritzen diren gurasoen bizipen, uste eta iritziak bildu dituzte ikerketa kualitatibo horretan.

Gurasoak, Gaizka Garitano bezala, hizkuntzaren transmisioan duten erantzukizunaren jabe dira, eta horregatik egiten diete seme-alabei euskaraz. Baina bikotekide euskaldunari gaztelaniaz egiteagatik, zer, ezer gertatzen al da? Hor ere eredu izan behar al dute? Gaiak erpin asko ditu baieztapen borobilak egiteko. Hona ondorio aipagarrienak:

a) Hizkuntza ohiturak aldatzea zaila dela barneratuta dute ikerketan parte hartu duten gurasoek. Batzuk ez dira saiatu ere egin bikotekidearekin euskaraz egiten. Saiakerak egin dituztenen artean, batzuek harreman hizkuntza euskalduntzea gatazka-iturri bihurtzeko arrazoi izan daitekeela sumatu dute, gehienetan batek euskara maila baxuagoa duelako. Halakoetan, penaz, saiakera alde batera uztea erabaki dute.

b) Azkenaldian kanpainak egin dira gurasoak eredu direla azpimarratzeko eta ohartarazteko gurasoek euskaraz jakin arren gaztelaniaz egiten badute, seme-alabek etorkizunean ere ez dutela egingo. Horren aurrean, gurasoek aipatu dute hizkuntza arloan, beste arloetan bezalaxe, seme-alabentzat eredu direla. Baina bat du, ordea, baieztapen horrek. Ez dute uste euren jokaera determinatzailea denik. Lagunarteak, auzoak, eskolak, teknologia berriek ere eragiten dute seme-alaben hizkuntza ohituretan.

c) Gune euskaldunetako zenbait guraso kezkatuta daude seme-alaben gaztelania mailarekin. Horrek eskola eta familia batzuetan nahasmena sortzen du, eta gaztelaniaz praktikatzeko guneak eta uneak sortzea eragiten ari da. Esaterako, asteburuetan tarte bat hartzea familian gaztelaniaz egiteko, 4-5 urteko umeari batek gaztelaniaz egitea, eta abar.

Ez dakigu joera horiek ohikoak diren ala ez, horretarako ikerketa kuantitatiboak egin beharko genituzkeelako. Hori bai, lehentasuna du bigarren hizkuntzaren ikaskuntzaren prozesua zein den argitzea familia eta eskoletan. Nahasmen handia dago. Ikaste prozesua adin eta gune soziolinguistikoaren arabera nola gertatzen den azaltzeak saihestuko du esperimentuak egitea eskola eta familia batzuetan.

d) Familietan hizkuntza ohiturak erdaldundu daitezke seme-alabak nerabezarora iristean. Aldaketa seme-alaben aldetik zein gurasoen aldetik etor litekeela uste dugu, mahaiaren bueltan hizkuntzak nahasten hasi eta erdalduntzen has daitezkeela ikusi baitugu.

Komeniko litzateke fenomeno horren zabalpena eta joera zein den ikusteko ikerketak egitea etorkizun hurbilean.

Ikus daitekeen moduan, pasatu, gauza asko pasatzen ari dira etxeko hizkuntzan. Buruz buru jokatzea dagokigu orain, jakinda bikotekideen harremanak aldatzen saiatzea baino lehenagoko lanak baditugula.

Bidaltzailea:  Amaia Balda (EMUNeko euskara teknikaria)

Irakurtzen jarraitu...

Parkean nago. Umeak, 7 urteko lau mutil, txabola apaintzen dabiltza, harri koxkor, egur, makil eta bestelakoekin. Lau dira, lagunak, ikaskideak. Asmakizun betean dabiltza. Hurbildu zaizkio beste hiru lagun, eta tak, erdaraz hasi dira. Lehengoan Eibarko hizkuntza transmisioaren jardunaldian Paula Kasaresek esandakoak datozkit gogora:

Hizkuntza baten indarberritzearen termometroa parkean, egoera komunikatibo ez instituzionalizatuan, hartzen da. Indarberritzearen xedeetako bat bete da parkean umeak euskaraz ari direla ohartzen garenean.”

– Beñat, Anartz, zergatik egiten diezue erdaraz? Galdetu diet nik.
– Ez dakite ondo. Erantzun didate.

Baita zera ere! Haiek hobeto dakite euskaraz zuek erdaraz baino, eta, hala ere, zuek erdaraz ari zarete pentsatu dut nik.

Irakurtzen jarraitu...