Elgoibarko Udala urteetan dabil euskararen erabilera Udal barruan normalizatzen; hasieratik hona urrats handiak egin dira eta, hori, Udaleko langileen ahaleginaz gain, bertako Euskara Sailak egindako lanari eta Udalak eskainitako babesari esker izan da bereziki. Azken 2-3 urteetan Udaleko langileen eta politikoen protagonismoa indartu nahi izan da Erabilera Planaren barruan, poliki-poliki eguneroko zereginetan euskara txertatzeko asmoz.

Elgoibarko hizkuntza normalizatzaileek Emunen laguntza eta aholkularitza jasotzen dute eta, besteak beste, hainbat sailetako langileez osatutako Euskara Lantaldea gidatzen dute. Egiten duten lana hobeto ezagutzeko Kristina Zuatzubizkar eta Itziar Agirregomezkortarekin elkartu gara:

argazkia

Euskara Taldeko kideak ETM saioan

1. Azken bi urteotan egindako lanari esker, zein urrats nabarmenduko zenukete Udal barruko Erabilera Planean egindako lanari dagokionez? Zerekin zaudete gustura?

Langileek Euskara Plana eta Erabilera Plana daudela jakin arren, bakoitza bere lanean murgilduta egoten denez, Euskara Zerbitzuan pentsatu genuen horiek ere parte-hartze aktiboa izan behar zutela plan horietan. Hori dela eta, Euskara Taldea sortu genuen sail bakoitzetik langile bat aukeratuz. Langile horiek aukeratzeko irizpideak era askotakoak izan ziren: euskaldun zaharren eta euskaldun berrien arteko oreka, sail bereko langileak ez izatea. Parekidetasunaren aldetik ere saiatu ginen oreka mantentzen; baina, egia esan, ez zitzaigun kopuru bera atera, eta emakume gehiago daude taldean. Gure asmoa da talde horretatik ahalik eta langile gehien pasatzea, ikusi baitugu eurek ere eskertzen dutela kontuan hartu izana, eta era horretan inplikazio maila ere altuagoa izango da.

2. Langileak inplikatzeko gakoak zeintzuk diren asmatu duzue?

Helburu egingarriak jartzea, hau da, eurei aukera ematea ekintzak proposatzeko, euren kezkak entzutea… Dena den, tamalez, ez da beti asmatzen, horregatik uste dugu ETM bezalako saioak oso onak direla inplikazio maila areagotzeko. Konturatu gara langileek asko dutela esateko eta, eurek hala aitortuta, oso laburra egin zaie eskaini diegun 3 jarduneko ikastaroa. Gure ustetan jarraitu beharko genuke horrelako saioak antolatzen.

3. Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?

  • Erronkarik handiena Udaleko langile guztiak Euskara Plana eurenganatzea izango litzateke.
  • Ordezkari politikoak ere jabetzea beharko lirateke euskararen normalizazioan dituzten ardurez eta egitekoez, betiere, Udalaren hizkuntza-politika kontuan hartuta.
  • Azken finean, Elgoibarko Udalean euskara lan-hizkuntza ere izatea, eta horretarako baliabideak eskaini behar dizkiegu, gaur egungo teknologietara egokitzeko.
  • Euren lanean trebatzeko beharra daukaten langileei trebakuntza eskaintzen jarraituko dugu.
Irakurtzen jarraitu...

Halaxe dio esaera zahar batek. EMUNeko bezeroek euren egunerokoan ur freskoa beharrezko dute eta, horri erantzuteko, pitxarrak berritzeko sistema indartzen dihardugu azken hamar urteetan.

lantalan

Dagoeneko 2002. urtean, I+Gko egitekoak zerrendatu genituen orrialde batean, eta baita ondorio azkar bat atera ere: baliabide eta dedikazio gabe ez goaz inora!

Beraz, 2005ean berrikuntza arduraduna izendatu –Imanol Larrea– eta erabaki organoa eta talde teknikoa jarri ziren lanean. Berezia izan zen urte hura, dena baitzegoen sortzeko. Pentsatzeko eta antolatzeko urtea izan zen. Hainbat kontzeptu ere deskubritu genituen: zaintza sistema, estandarizazioa, word-cafeak, praktika onak, hobekuntza…

Hurrengo bi urteak ikasitakoa EMUNeratu eta martxan jartzeko urteak izan ziren, eta oparoa izan da ordutik gaur egunera arte egindako bidea:

  • EMUNeko teknikari guztiek parte hartzen dute, urtero, IGBk proposatutako barne proiekturen batean. Horretaz gain Soziolinguistika Klusterra edo Langune moduko erakundeekin hainbat proiektu martxan ditugu.
  • 200 praktika on edo baliagarritik gora jaso dira.
  • Hainbat liburuxka argitaratu ditugu: Zer egin…?, Hizkuntza harrerarako gidaliburu praktikoa
  • Beste hainbat produktu merkaturatu dira: kultura planak, aniztasun zerbitzuak, ETM edo TELP saioak (azken horiek Gemma Sangines eta Ferran Suay-k sortutako saioen egokitzapena dira)…
  • 2013ko Hausnartu Sarietan 1. Saria jaso zuen I+G+Btik bideratutako “Lantokietako ahozko erabileraren neurketak. Interpretaziorako eta interbentziorako hainbat gako” lanak.
  • Une honetan 5 teknikari dabiltza I+G+Bko taldean –dedikazio desberdinekin–.

Eta oraindik ere pitxerra berritzeko langintza horretan dihardugu. Horretarako behar-beharrezkoa dugu EMUNkide guztiok berrikuntza sisteman aktibo izatea eta talde tekniko indartsu bat izatea, bideratzaile lanetan. Bide horretan jarraituko dugu, ur freskoa etengabe izan dezagun.

Bidaltzailea: Olatz Olaso (EMUNeko I+G+Bko zuzendaria)

Irakurtzen jarraitu...