Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Udal Euskara Patronatuko zuzendaria da. Euskararen normalizazioaren gainean bere ikuspegia azaltzeko “Elefantea ikusi” izeneko artikulua argitaratu zuen pasa den udazkenean, eta hainbat adituren ekarpenak eta iritziak jaso zituen. Otsailaren 12an, Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak gonbidatuta, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian hitzaldia eman zuen, eta hona ekarri ditugu Patxi Saezek hitzaldi hartan azaldutako hainbat ideia:

Patxi_Saez

Argazkia: uztarria

Motzean, diagnostikoa

  • Azkeneko 50 urteotan, euskararen normalizazioaren paradigma eskolan oinarritu dugu. Eskolak, dezakeena egin du: gazteen artean, batik bat, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ekarri du. Ez, ordea, erabileraren nonahiko zabalkundea.
    • Gaur egun, EAEn, 20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak; eta, duela 30 urte, ez ziren %20ra iristen.
    • 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute.
    • Baina erabilerak bere horretan jarraitzen du azken 15 urteotan (2011n euskararen kale erabilera %13,3koa zen).
  • Egia da erronketako bat erabileran dugula, baina ez nagusia. Inork gutxik erreparatu dio euskara etxean jaso duten euskaldunen kopurua ez dela mugitu azken 20 urteotan. Lehen hizkuntza erdara duten euskaldunek, ondorengo urteetan, etxeko hizkuntzaren transmisioan nola jokatuko duten funtsezkoa izango da hizkuntza indarberritzearen partidan euskarari xake materik gerta ez dakion.
  • Gainera, lehenengo erronka hori bigarrenarekin estu-estu lotuta dago: lehen hizkuntza euskara izateak lotura zuzena du euskaraz egiteko erraztasunarekin, eta batak zein besteak eragin handia du erabileran.
  • Elebidun gazteen artean, euskara gehiago ez erabiltzeko arrazoi nagusiak hauek dira: lehen hizkuntza erdara izatea, euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa izatea, eta gehienak gune erdaldunetan bizitzea.
  • Ondorengo 20-30 urteetan euskararen estatusean eragin beharra dago euskara gizarteko bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera igaro dadin, eta euskarak eta gaztelaniak gizartean estatus berbera izan dezaten.

Egoera irauli behar da, baina nola? Beharrezko eginez.

  • Iraultza zientifiko bat behar dugu, Txepetxek zionetik beharraren paradigmara.
  • Maslow jaunak ikasketa-prozesua lau urrats edo mailatan banatu zuen:
    • Ezgaitasun inkontzientea: ez dakigu eta, gainera, ez dakigu ez dakigula. Kontzientzia hartuz gero, 2.era…
    • Ezgaitasun kontzientea: ez dakigu baina badakigu ez dakigula. Ikasi eta trebatuz gero, 3.era…
    • Gaitasun kontzientea: badakigu eta, gainera, badakigu badakigula. Praktikaren bidez barneratuz eta automatizatuz gero, 4.era…
    • Gaitasun inkontzientea: badakigu baina ohartu gabe egiten dugu.
  • “Esan zidaten eta ahaztu egin nuen; ikusi nuen eta ulertu egin nuen; egin nuen eta ikasi egin nuen (Txinako Konfuzio)” edo “Egiten ikasi behar duguna, eginez ikasiko dugu (Aristoteles)” edo “Ikastea esperientzia izatea da, gainontzeko guztia informazioa izatea da (Einstein)”.
  • Hizkuntzaren erabileraren oinarrizko akuilua komunikaziorako beharra da. Komunikaziorako beharretik sortzen da hizkuntza bat ikasi eta erabiltzearen motibazioa, nahia edo borondatea. Motibazioa, nahia eta borondatea, hizkuntzaren erabileran, bigarren mailako eragileak dira. Lehen mailakoa, ezbairik gabe, komunikaziorako beharra dugu.
  • Euskaraz egin beste erremediorik ez duten egoerak sortu behar dira; izan ere, jende gehienak aldaketa egingo du ez motibazioagatik, ez kontzientziagatik, baizik eta daukaten giro sozialera egokitu behar duelako. Baina, nola sortu inertzia edo jokabide sozialak euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko, arau sozial bihurtzeko?
  • Beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ere ez.
  • Euskaraz egin beharreko egoerak sortuta, eta ez bestela, etorriko da gaur egun gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz baino erraztasun handiagoa duten euskaldun berrien jokabide egokitzailea, alde batetik, eta euskara etxekotzea, bestetik.

Erronkak

  • 1) Euskara etxetik kanpo ikasi dutenek euskara etxeko bihur dezaten, 2) erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen diren euskaldunak euskarazko jokabidea gailentzen den bizibidera ekarri behar ditugu eta 3) euskararen estatusean aldaketa ezinbesteko bat eragin behar dugu: euskara beharrezko bihurtzea, komunikaziorako beharrezko bihurtzea.

Beharra lan munduan

  • Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzia soziala ukaezina da, toki bat ematen digu gizartean, eta baita gizarte maila bat ere.
  • Historiaurrean bezalaxe, gaur egun ere, lana taldeko jarduera da, jarduera soziala. Jarduera soziala den aldetik, gizon-emakumeen arteko elkarrekintza etengabea gertatzen da laneko eremuan eta harreman horiek eragin betea dute etxean, familian eta lagunartean. Estatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik, esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe hartze, bidaia, lan bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira.
  • Lan mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari dendan eta okindegian, kirol ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude, eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie.
  • Beraz, euskarak gizartean garrantzia eta zentralitatea irabazteko giltza lan munduan dugu.
Irakurtzen jarraitu...

Bikain kanpo ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Bikainek hiru garapen-maila edo ziurtagiri hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez); eta goi maila edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).

Aurtengo ziurtagiriak astelehenean, abenduak 21, banatu ziren Gasteizko Europa Jauregian, eta Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta CONFEBASKeko presidente Roberto Larrañagak ere parte hartu zuten.

2015_12_21_lhk_bikain_196

Argazkia: irekia

Ebaluazioa egiten, orotara, Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 158 kide aritu zirela nabarmendu zen; bestalde, banatutako 65 ziurtagirietatik 41 urrezkoak izan ziren, 20 zilarrezkoak eta 4 oinarrizkoak. EMUNen zerbitzua eta aholkularitza jasotzen duten erakundeetatik, aurtengo edizioan ziurtagiria jaso dutenak honako hauek izan dira:

“Gure helburua da euskararen erabilerari aplikatutako kalitate-parametroek toki naturala topatzea gure enpresen eta erakundeen kudeaketan, ekoizpenean eta komunikazioan”, adierazi zuen Urkulluk. Berritzailea izan zen Bikain bere sorreran, eta aurrerantzean ere berritzaile izaten jarraituko du, Bikain berria eta berritua, enpresetara ez ezik, administrazio eta erakunde publikoetara ere zabalduko baita.

Bukatzeko, Bikain ziurtagiriak duen babesa azaltze aldera, gogora dezagun Bikain Ziurtagiriaren zuzendaritza organoan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea dela batzordeburu, eta EAEko enpresarien elkarteak (CONFEBASK, SEA, CEBEK eta ADEGI), Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, hiru foru aldundiak, Euskalit, Euskaltzaindia eta EUDEL biltzen direla bertan.

Iturria: irekia

Irakurtzen jarraitu...

Araban euskarak suspertze handia izan du azken 40-50 urte hauetan. Ildo horretatik, Euskaltzaindiari garrantzitsua iruditu zaio euskarak lurralde honetan bizi izandako garapenari eta arabarrok egindako ahaleginari arreta berezia jartzea.

Euskararen bilakaera eta indarberritzean buru-belarri aritutako herri-ekimen eta pertsonen lanaren berri eman zen jardunaldiotan eta Arabako euskal hiztunen ezaugarriak ere azaldu ziren, non hezkuntza, euskaltegia eta gurasoen sentsibilizazioa batetik, eta trasmisioa bestetik, jauzi horretan giltzarri izan diren. Baina ez hori bakarrik, euskarari buruzko diskurtso berriak partekatzeko eta iritziak trukatzeko aukera ere izan baikenuen.

Tartean, bertan paratutako Euskera agerkaria erakusketaz eta Euskaltzaindia eta Araba liburuxkaren aurkezpenaz gozatu ginelarik.

Amaitzeko, Henrike Knörr euskaltzain zenduari omenaldi xume bezain hunkigarria egin zitzaion.

Izena eta izanaz, euskara bertakoa, Manu Ruiz Urrestarazuk. Azken 25 urteotako bilakaeraz, HPSko Jon Aizpuruak. Kale-neurketaz, Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak, ezagutza eta erabileraren arteko ohiko erronkaz. Arabako herri-ekimenaren inguruko narrazioa, bertso eta guzti, Miel Anjel Elustondoren eskutik: Arabaren antzindaritasuna eta arabarron ahalegina agerian, eta ahalegin hori guztia batu eta babestuko lukeen aterkiaren bila. Iñaki Martinez de Lunak euskararen inguruan dauden jarrerei loturiko hausnarketarako proposamen interesgarria mahaigaineratu zuen. Hori goizean.

Euskararen sustapena herri-erakundeetatik mahai-inguruak hasiera eman zion arratsaldeko saioari, non bertako zenbait egitasmoren berri ere eman zen jarraian:

  • Mintzalaguna
  • Gurasolaguna
  • Gaztelaguna
  • Arabako Koadrila Arteko Bertso Txapelketa
  • GEU elkartea eta Hala Bedi Irratiaren Egitasmo Komunikatiboak
  • Emun-en Gasteizko Aisialdiko programa
  • Merkataritza (Artez) eta Ostalaritza (GEU) arloko egitasmoak.

Amaitzeko, arestian esan legez, paso eman zitzaion Henrike Knörren omenaldiari, bere sendiari leku berezia eginez.

Informazio gehiago: azaroaren 18tik aurrera hitzaldien edukiak ere bere osotasunean eskuragarri.

Argazkien jabetza: AMAIA OKARIZ (euskaltzaindia.net).

Bidaltzailea: Estitxu Breñas Gonzalez de Zarate, Emuneko teknikaria.
Irakurtzen jarraitu...