Raul Garcia, ULMA Taldeko lehendakaria

ULMAn euskara kudeatzeko politika orokorrak zehazteko, lehenik eta behin atzera begiratu dugu, ULMAko Euskara Planek 14 urteko ibilbidean egindakoa baloratzeko. Izan ere, zenbaitetan sentitu dezakegu aurrerapausorik ez dugula ematen, baina, egungo argazkia eta hasierakoa konparatuz gero, balorazio ona egiten dugu oro har. Lan asko egin da, pertsona askok parte hartu du eraikitze eta eraldatze prozesu honetan eta lorpen garrantzitsuak ere aitortzen ditugu.

ULMAko kooperatibetan egun daukagun euskararekiko giroak ez du zerikusirik orain dela urte batzuk zegoenarekin. Euskara, poliki-poliki, barneratzen joan gara, eta horrek harrotasuna eta poza sortzen du gugan. Aldi berean, aurrerapauso horiek ematea ez da erraza izan, oztopo eta erresistentzia faktore asko egon direlako, eta honek zenbaitetan nekea sorrarazi izan du.

Gainera, bidea luzea dela ere aitortzen dugu. Obra hau bukatzeke dago, oraindik asko falta zaigu, eta politikak zehazteko egin berri dugun lanketa honek eraikin horri bultzada indartsua emateko balioko duelakoan gaude.

ULMA Taldearen berezko araudian aipatzen da euskal kultura eta hizkuntza babestu eta bultzatu egin behar ditugula, baina bakarrik horrekin ez dira bermatzen gure nahiak. ULMAn, gai sozialak eta eguneroko lanekin lotutako gaiak Talde bezala arautu eta landu egiten dira, eta hori da euskararekin ere egin nahi duguna, eta horretarako zehaztu ditugu Euskara kudeatzeko politika orokorrak. Horrekin, euskararen kudeaketak indarra eta homogeneotasuna lortuko du ULMAn. Era berean, gure kolektiboari eta gizarteari begira, talde izaera eta hizkuntzarekiko konpromisoa ere indartuko ditugu.

Euskal Herriko egoitzetan euskaraz lan egitea da gure helburua. Beste hizkuntza batzuk ere erabili eta kudeatu behar ditugu, noski, baina euskara erdian jarri nahi dugu. Badakigu bide luzea dela, eta horregatik esaten dugu progresiboki landu behar dugula. Hori bai, era proaktiboan, hau da, aurrerapausoak egiteko planak martxan jarriz eta beraien jarraipena eginez, etengabe. Hau guztia ez dugu gure lau hormen artean bakarrik egin nahi. Gure bezero eta hornitzaileei begira eta oro har gizarteari begira ere eredu eta eragile izan nahi dugu, euskararen garapen iraunkorrari gure ekarpena eginez.

ULMAko 8 kooperatibetako Batzar Nagusietan eman dugu hizkuntza politikaren berri, prozesuan parte hartu duten pertsonekin egindako bideo hau jarriz:

Euskararen normalizazio prozesuari dagokionez, gure kolektiboan landu eta lortu nahi ditugun jarrerak balio hauen isla izango dira:

– Erantzukidetasuna: denona delako euskara normalizatzeko erantzukizuna. Organoek eta batzordeek arauak, kudeaketa sistemak eta baliabideak jarriko dituzte eta eredu izango dira eta pertsona bakoitzak bere esku dagoena egiteko erantzukizuna dauka.

– Proaktibotasuna, etengabe aurrerantz tira egin nahi dugulako, planak eta ekintzak proposatuz, orain daukagun sugar hori itzali ez dadin.

– Positibotasuna: denok konbentzituta baldin bagaude, arlo sozialean zein exekutiboan, eta iparra garbi baldin badaukagu, baikortasuna, konfiantza eta barne kohesioa hobetzeko ere balio izango du arlo honetan egiten dugunak.

– Parte-hartzea: gure izaerarekin bat doalako, euskararen garapenerako denon ekarpena behar dugulako.

Politika orokorrak adostu eta zehazteko prozesuan ULMAko 100 langilek hartu dute parte. Lantalde nagusian, Taldeko Kooperatiba bakoitzeko lehendakariak eta euskara koordinatzaileak hartu dute parte. Horretaz gain, ULMA Taldeko zuzendari nagusia ere izan da lantalde horretako kidea, bere bitartez alderdi exekutiboaren partaidetza bermatzeko. Hau oso gauza positibo eta eraikitzailea izan da, lantalde honek egindako proposamenak nolabait exekutiboaren lehenengo oniritzia baitzeukan. Taldeko Motibazio Taldeak eta baita Euskarazko IKTen Batzordeak ere egin dute beraien ekarpena, bakoitzak bere ikuspegitik, eta ULMAko kooperatibetako Euskara Batzordeekin ere egin da prozesua.

Behin prozesua bukatuta, ULMAko Euskara Planen logotipoa eta lema sortu ditugu. Hitz nagusi bezala “haritza” hartzen dugu. “Hartu” eta “hitza” hitzekin jokoa egin dugu horretarako. Haritza zuhaitz indartsua da, eta horrelakoa nahi dugu izatea euskararen presentzia ULMAn: indartsua, sendoa eta ondo errotua. Haritzaren hostoek komikietako elkarrizketak irudikatzen dituzte, eta hosto bakoitzak ULMAko kooperatiba baten kolorea dauka. Horretaz gain, “ULMAn har ezazu hitza” esaten dugunean, parte hartzea sustatu eta eskatzen ari gara.

Prozesuaren eta emaitzaren balorazio positiboa egiten dugu ULMAn. Prozesua bera aberasgarria izan da. Batetik, parte-hartzaileok geneuzkan ideiak eta egonezinak antolatzeko balio izan duelako. Bestetik, Talde osoarentzat marko orokor berri bat diseinatzeko prozesuan, gure arteko kohesioa hobetu delako eta pertsona bakoitzaren euskararekiko atxikimenduari ere bultzada polita eman diogulako. Horretaz gain, ULMA Taldeko zuzendari nagusiaren parte-hartzea argi eta garbi lanketa honen arrakastarako gakoetako bat izan dela esan dezakegu.

Raul Garcia (ULMA Taldeko lehendakaria)

Irakurtzen jarraitu...

Aurrekoan, beste artikulu batean, azaldu genuen bezala, Soziolinguistika Klusterrak, Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez, hizkuntza kudeaketa arrakastatsua duten lau erakunde txikiren testigantza bildu du. Orduan Koniker-en kasua azaldu genuen; gaurkoan, berriz, Edertek-en txanda da.

Presentación1

Irakurtzen jarraitu...

Berariazko trebakuntzaren arrakastarako gakoak identifikatzeko Ander Zuloaga, Donostia Unibertsitate Ospitaleko euskara teknikariak, bertako trebakuntza arrakastatsua izan dadin proposatutako egitasmoa aztertzetik abiatu ginen. Bertan, edukiak lantzeaz gain, prestaketa eta jarraipen faseak behar bezala planifikatu eta lantzea gakoa dela adierazten zuen Anderrek, emaitzak erabileran isla izatea nahi badugu behintzat. Planteamendu horretatik abiatuta, berariazko trebakuntza saioak arrakastatsuak izan daitezen, hizkuntzaren, hiztunaren eta inguruaren (hiztun komunitatea) aldetik kontuan hartu beharrekoak zeintzuk diren lantzen aritu ginen.

Hizkuntzari dagokionez, metodologian eta materialetan hutsune handia daukagula ondorioztatu genuen. Ona litzateke arlo honetan dabiltzan erakundeak (HABE, unibertsitateak, euskaltegiak…) elkarlanean aritzea material gehiago eta egokiagoa sortu eta metodologia hobetzeko, gaur egun bakoitza bere aldetik dabil eta. Kontuan hartzekoa da, halaber, berariazko trebakuntzaz ari garenean, hizkera ulergarri eta erraza erabili eta irakasteak pisu handiagoa izatea faktore garrantzitsua litzatekeela jabekuntza prozesua arrakastatsu izate aldera eta, era berean, zuzentasunari garrantzia kentzea (jariotasunaren mesedetan).

Hiztunari dagokionean, eta aurreko puntuan aipatu zuzentasunari erreferentzia eginez, akatsak egiteko eskubidea aldarrikatzea gakoa dela aipatu genuen ikasleei erabileran pausoak ematen laguntzeko eta, horrekin batera, jarrerak aldatzeko laguntza eta gertutasuna ematea, motibazioan eragitea, alegia. Ikasitakoa praktikan jartzeko guneak eskura jartzea ere garrantzitsua da norabide honetan.

Trebakuntza saioak garatzen diren inguruari dagokionez, bukatzeko, mintzagai ditugun trebakuntza saio horiek testuinguru planifikatua izatea ezinbestekoa da. Trebakuntza saioak arrakastatsuak izatea nahi badugu, ezinbestekoa da plangintza baten barruan kokatzea (honek berekin dituen helburu, epe eta arduradunak zehaztuta, besteak beste). Zentzu honetan, berebiziko garrantzia du plangintzaren jabe den erakundeak konpromisoa hartu eta eredugarri izatea.

Irakurtzen jarraitu...

Sentsibilizazioaren helburu nagusia izan beharko luke euskaraz bizitzeko dauden aukerak azaltzea. Horretarako, ezinbestekoa da motibazio iturriak identifikatzea, balio gehigarria azalera ekartzea eta euskararen egoera azaltzea.

Baina sentsibilizazioa ezin da modu bakartuan joan. Izan ere, horrek eragina izan dezan ezinbestekoak dira koherentzia eta eredugarritasuna. Gainera, sentsibilizazioak zentzu osoa izateko, beharrezkoa da horrekin batera aisialdian, zerbitzuetan eta abarretan aurrerapausoak egitea. Eta, zelan ez, horiek sendotuko duten neurri instituzionalak.

Izan ere, sentsibilizazioa ezin da plangintza isolatu gisa hartu. Beharrak ere motibazioa elikatzen du eta neurri ausartek ere bai. Testuinguru osoak lagundu behar du motibazioan, bestela alferrik arituko gara. Gainera, motibazioa euskara ikasten ari direnekin ez ezik, beste euskaldun guztiekin ere landu beharko genuke.

Kanpaina asko egin dira gurean, baina jarraipenik gabekoak. Gainera, esfortzu handiagoa egin da ezagutzan horretan baino. Bakoitza bere esparrura begira ari da eta horrela ezinezkoa da sendoa izango den kanpaina egin. Plangintza baten barruan egon beharko lirateke kanpaina horiek, adierazleak, epeak, arduradunak eta abarrekin hornituak. Gainera, ez dugu pentsatu behar kanpaina batekin pertsona bat betiko motibatuko dugula. Motibazioa etengabe landu behar da, egunero elikatu behar da. Eguneroko ekintzen bidez landu beharko genuke sentsibilizazioa eta neurri sozialekin hauspotu, indartu.

Batzuen ustez, sentsibilizazioa gaur egun ezagutzen dugun moduan, akaso agortuta egon daiteke. Izan ere, abiapuntutik bertatik motibatuta ez dagoena zelan motibatu? Eta, bestetik, zelan lortu sentsibilizaziotik erabilera handitzea? Gainera, motibazioa gehiegi lotu omen dugu ludikotasunetik eta emaitzak ez dira izan behar adinakoak.

Gazteekin zuzeneko mezuak saihestu beharko genituzke. Subliminalagoak eta originalagoak izan beharko genuke, baita umorea erabili ere. Euren gustuko jardueretan txertatu beharko lirateke sentsibilizazioa. Eta, gainera, sentsibilizazioa egiteko akaso euren adinetik gertuago daudenak inplikatu beharko genituzke, eraginkorragoa izan dadin. Gainera, motibatu nahi ditugun horiek ere hartu beharko lukete parte, ezta?

Irakurtzen jarraitu...

Moti+batu topaketan euskara ikasten ari direnek erabilerarako jauzia eman dezaten nola lagundu izan da galderetako bat. Gure ustez, horretarako baliabide edo praktika interesgarria izan daiteke elkarrizketa elebiduna.

Juanjo Ruizek topaketetarako bideoan azaltzen duen bezala, elkarrizketa elebiduna hizkuntza batean baino gehiagotan elkar komunikatzen duten bi pertsona edo gehiagoren arteko elkarrizketa da. Izan ere, euskara ulertzeko arazorik ez dagoenean, hizkuntza ezberdinak erabil ditzakegu elkarrizketa berean.

Eta hortxe dago, hain zuzen ere, gako nagusietako bat, ulermenean. Euskal Herrian euskaraz ulertzen duen gero eta jende gehiago dago, nahiz eta gaitasun faltagatik, edo dena delakoagatik (oraindik…) hitz egiten ez duen. Horrela, esate baterako, ezagutza datuetan azaltzen den elebidun hartzaileen multzokoekin euskaraz egingo bagenu, batetik, euskaraz egin nahi dugunoi aukerak biderkatuko litzaizkiguke; eta bestetik, hizketakideari euskara entzuteko, praktikatzeko, euskalduntze prozesuan aurrera egiteko…aukera emango genioke.

Hala ere, esan dezakegu, oro har, Euskal Herrian elkarrizketa elebiduna ez dela ohiko praktika bat. Gure ustez oztopo nagusiak maila kognitiboan dauzkagu, eta zehazki, gure aurreiritzi edo interpretazio okerretan oinarritzen dira. Beraz, beste gakoetako bat, horiek desmuntatzean datza: hizkuntza alternantzia normala da munduan, ez daukagu zertan guztiok/guztia hizkuntza bakarrean egin behar, bestearentzat ez dauka zertan traba izan behar, lagungarria baizik, agian besteak hala nahi du, ez da errespetu eza, gaiaz hitz egitea lagungarria izan daiteke, ez dauka zertan gatazkatsua izan behar…

Azken finean, elkarrizketa elebiduna probatu, praktikatu, kalera atera, normalizatu…egin beharko genuke, eta aukera daukagunean baliatu.

Horrela, hasierako galderari erantzunez, erabilerarako jauzia emateko bide horretan, euskara ikasten ari den horri laguntzeko modu bat izan daiteke eta euskaraz bizi nahi dugunontzat gure hizkuntza erabiltzeko aukera ezin hobea.

Irakurtzen jarraitu...