14 erakunde horietatik 4k urrezko Bikain lortu dute (Elgoibarko Udala, Fagor Elektronika, Fagor Automation Usurbil eta Kide), 8k zilarrezkoa eta 2k oinarrizkoa.

image

Argazkia: Tu Lankide

Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Kursaal Jauregian banatu zituen atzo, abenduak 19, Hizkuntza Kudeaketako Bikain Ziurtagiriak.

Ziurtagiri horiek banatzeko ekitaldira joan ziren, baita ere, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabal, Osasun sailburu Jon Darpon eta Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga.

Aurten, guztira, 21.500 langile barnean hartzen dituzten 52 enpresek jaso dute aitorpen hori, aurreko edizioetan baino bost aldiz gehiago, jauzi garrantzitsua “bide onetik” aurreratzen ari dela ondorioztatzeko, lehendakariak ziurtatu zuenez. Hala ere, Urkulluk, autoatseginean erortzetik urrun, uste du Eusko Jaurlaritzak arrakasta-dinamikak analizatzen jarraitu behar duela -hori da, hain zuzen ere, Euslan programaren helburua- eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi zuen aurrerapen positibo horri eusteko aukera emango duten neurriak planteatzen jarraitzeko.

Emunek zerbitzua ematen dien erakundeei dagokionez, 14 erakunde aurkeztu dira eta lortu dute ziurtagiria; hauxe da zerrenda:

Elgoibarko Udala (urrezkoa)

Fagor Elektronika (urrezkoa)

Fagor Automation – Usurbil  (urrezkoa)

Kide (urrezkoa)

Guggenheim (zilarrezkoa)

Carrefour Olaberria (zilarrezkoa)

Fagor Ederlan (Burdina) (zilarrezkoa)

Hazi (zilarrezkoa)

Askora (zilarrezkoa)

Zarauzko Hiribusa (zilarrezkoa)

LKS Koop. E. (zilarrezkoa)

IK4-Ideko (zilarrezkoa)

Autocares Unitravel (oinarrizkoa)

Abere (oinarrizkoa)

Irakurtzen jarraitu...

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS), EUSLAN programa pilotua jarri du martxan. Programa horren helburua honako hau da: enpresa industrialetako lan hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatzea eta gauzatzea.

Programa horretan parte hartu ahal izateko enpresek baldintza zorrotzak bete behar izan dituzte eta, azkenean, honako hauek dira parte hartzen ari direnak: JMA, Batz, Cikautxo, Elay, Maier, Orkli, Copreci, Danobat, Eika, Goizper, Erreka eta Ulma Eraikuntza (azken seiei EMUNek aholkularitza eskaintzen die). Enpresa horietatik 8 Gipuzkoan daude, eta beste 4rak Bizkaian; guztien artean 5.000 langiletik gora biltzen dituzte.

Halaber, helburu eta konpromiso bat hartu dute programa pilotuan parte hartzen duten enpresek: enpresa barruko ahozko eta idatzizko lan harremanei eta hizkuntza paisaiari dagokionez euskararen erabilera %90era iristea edo, gutxienez, %20ko hobekuntza izatea 2017an. Konpromiso horren neurgarritasuna Bikain ziurtagiriaren bidez bermatuko da –enpresa parte-hartzaileek 2017an Bikain ziurtagiriari dagokion ebaluazioa izango dute–.

Programa horren oinarrian Elay enpresak euskara normalizatzeko egindako ibilbidea dago.

Euslan_Logoak

EUSLANi buruz gehiago jakiteko asmoz, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari den Jorge Giménez Bechengana hurbildu gara:

Irakurtzen jarraitu...

Aipaturiko Mondragon Korporazioaren koordinatzaileen topaketan, bigarren saioan, kooperatibagintza eta  etorkizuna hizpide hartuta, Igor Ortegaren (Lanki) eta Mikel Lezamizen (Mondragon) hitzaldi bana entzun ahal izan genuen.

P1040638

Mondragoneko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna den Mikel Lezamizek mundu mailan kooperatibismoaren sorrera ekarri zuen gogora, 1761. urtean, Glasgow inguruan Fenwick Consumer Cooperative delakoa sortu zenekoa, hain zuzen ere. Gerorago etorri zen Manchester inguruko Equitable Pioneersof Rochdale esperientzia arrakastatsu eta iraultzailea, 1844. urtean. Gurera etorriz, auzolana, natur baliabide komunalak eta bestelako esperientzia komunitario batzuk aipatu ondoren, Jose Maria Arizmendiarrietari heldu zion. Lanaren subiranotasuna eta langileen duintasuna bilatzen zituela aipatu zuen Mikelek.

Lanki-ko Igor Ortegak ere kooperatibismoaren ibilbidea izan zuen aztergai. Sarreran aipatu zuenez, Jose Maria Arizmendiarrietak, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren sorreran enpresa egitura kapitalisten metabolismoaren iraulketa bilatzen zuen, barne egituraketak pertsonaren duintasunaren oinarriari erantzun ziezaion, eta enpresaren funtzio soziala eraldatuz.

Hasierako helburu hura lortu den ala ez, balantzea alderdi askotatik egin daiteke, baina emaitza gozoak (kooperatiben euskararekiko konpromisoa, besteak beste) nahiz gaziak topa daitezke, hala nola, kapitalismotik bereizteko zailtasunak handitzea eta, ideologia alboratuz, enpresa pragmatikoaren ideia indartzea.

Igorren iritziz, kooperatibagintzaren balio berrituak badu zer eskaini; aldagai berrien premia sumatzen baita. 3 adierazle aipatu zituen: liberalismo ekonomikoaren utopiaren pitzadurapublikotasunaren paradigmaren agorpena, eta emantzipazio narrazio potoloekiko mesfidantza. Izan ere, gizartea errotik aldatu zaigu eta paradigma zaharrekin gabiltza.

Etorkizunera begira, Ormaetxearen gogoeta edo aurreikuspena behin baino gehiagotan egon zen bi hizlarien ahotan: “Iragar daitekeen hipotesia da, 2055. urtean egongo diren enpresen multzoan kooperatibismoa eta pertsonen gizartea aztarna ohoragarri gisa aitortuko direla” (Ormaetxea, 2006)

Igorrek uste du kooperatibak eragile izan behar direla etorkizunean, baina ikerlari moduan dilema baten aurrean gaudela uste du; erantzun erraza ez duena. Batzuek diote, enplegua babestu ahal izateko ziurrenik kooperatiben nortasun elementu gogorrak lausotu beharko ditugula, ziurrenik soberania partekatu beharko dugula kapitala errazteko edo egonkorragoak izateko, baldin eta dimentsioa garrantzitsua den sektoreetan lehiatu behar badugu. Horren aurrean, beste batzuen iritziz, agian, kooperatibaren formularekin egungo testuinguruan ezin dugu lehiatu eta, aldiz, gure hautua izan beharko litzateke berrikuntzaren nitxoetan gotortu gaitezkeen bideak, non ezagutzaren ekonomia horretan pertsonen baliabideak diferentzial konpetitibo nabarmenagoak diren. Bidegurutze zaila.

Mikel baikor agertu zen etorkizunari begira, kooperazioa eta kooperatibak gailenduko direla uste baitu; badira zantzu batzuk hori adierazten dutenak; esaterako, Europako Parlamentuak kooperatibak indartzeko emandako ebazpena, edo kooperatibak sortzen laguntzeko hainbat tokitan egin diren lege aldaketak (New York hirian, edo Hego Korean, besteak beste). Mondragonen erronkei dagokienez, talde bezala jarraitzea, balioak mantentzea, kanpoko enpresak kooperatibizatzea (mistoak), eta enpresa zordunetan esku-hartzea aipatu zituen, besteak beste.

Euskarak kooperatibetan eta lan-munduan izan dezakeen etorkizunari dagokionez, kooperatibak aitzindari izan direla gogorarazi zuen Mikelek; azken 40 urteetan kooperatibak eta euskara eskutik joan direla azpimarratu eta etorkizunean ere hala izango dela uste du. Horren erakusgarri dira egun 60 kooperatibek euskara plana izatea, Jaurlaritzak martxan jarri berri duen EUSLAN proiektuan 11 enpresatik 9 kooperatibak izatea, eta Kontseiluaren EUSKARAGILEAK egitasmoan ere beste horrenbeste.

Irakurtzen jarraitu...