Ondarroan errenta aitorpenen %42,8 euskaraz egiten dira. Aurten baietz %45era igo!

Badira urte batzuk UEMArekin bat eginda, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egiten dela Ondarroako Udaletik. Horren eraginez, euskaraz egindako aitorpenen kopuruak goranzko joera dauka gure herrian eta joera hori mantentzea da Udalaren helburua. Hona hemen datuak:

Iaz, 2015eko errenta egiteko garaian, akordio bat sinatu zuten Ondarroako Udalak eta herriko aholkularitza eta finantza erakundeek. Akordio horren bidez, eragileen inplikazioa bilatu nahi genuen, baita lortu ere!

Entitate sinatzaileek konpromisoa hartu zuten bezeroak euskaraz egitera animatzeko; bezeroei aitorpena euskaraz egiten laguntzeko eta kanpainaren amaieran, euskaraz egindako aitorpenen datuak jaso eta Udaletxera bidaltzeko. Dudarik gabe, horrela egiteak eragin biderkatzailea duela adierazten digute lortutako emaitzek:

Hala ere, entitateen bidez aurkeztutako errenta aitorpenak, egiten diren aitorpen guztien laurdena baino ez dira. Eta, horrenbestez, aurten, aurreko urteetako dinamikaz jarraitzeaz gain, beste urrats bat egin nahi dugu. Izan ere, errenta aitorpenen erdia inguru, Ogasunak berak etxera bidaltzen dituen autolikidazio proposamenak dira, eta, horiek, euskaraz etortzeko noizbait euskaraz aurkeztu behar izan da aitorpena, edota bestela, eskatu egin behar da.

Beraz, zure aitorpen proposamena etxean jasotzen baduzu, eta berau ez badago euskaraz, deitu 901 503 000 telefonora eta eskatu euskaraz bidaltzeko eta hortik aurrera beti iritsiko zaizu euskaraz.

Udaleko postontzi urdina ere erabil dezakezu (Alameda aurrean dagoena); idatzi paper batean “Errenta aitorpena euskaraz eskatu” eta zure telefonoa. Udala arduratuko da guztiaz eta eskatuko du, zure izenean, euskaraz bidaltzeko.

Horrez gain, eragin zure inguruan! Esan senide eta lagunei, zabaldu mezu hau eta baietz %45era iritsi!

Bidaltzaileak: Maite Rey (Ondarroako Udaleko Euskara Saila) eta Urrate Etxaburu (EMUN)

Irakurtzen jarraitu...

Azken asteetan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen dekretuaren betetze-maila aztertu du Eusko Jaurlaritzak, alde batetik, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, bestetik.

Aurkezpena1

Kontseiluak egindako azterketan, besteak beste, Pesa eta Dbus garraio enpresak aipatzen dira, eta azterketa horren arabera, biek ere bete egiten dute txartel fisikoak eta elektronikoak euskaraz emateko eginbeharra.

Txartel fisikoei dagokionez, bi enpresa horien kasuan 2011. urtean egindako azterketak erakutsi zituen emaitza onak errepikatu dira oraingoan ere. Txartel fisikoak behar bezala daude, euskara gutxienez gaztelaniaren maila berean, eta dataren formatua bera ere euskaraz dago, hau da, uuuu/hh/ee hurrenkeran.

Txartel elektronikoei erreparatuz gero, bi enpresen kasuan txartelak erosteko prozesua euskaraz egiteko aukera eskaintzen da eta, gero, aukera hori, beste kasu batzuetan ez bezala, erreal bilakatzen da.

Laburbilduz, eta jasotako frogak aztertu ondoren, bi enpresa horiek txartel fisikoen zein elektronikoen kasuan 123/2008 Dekretuak gaiari buruz esaten duena betetzen dutela ondorioztatzen da. 2011. urtean egindako azterketaren emaitza errepikatu den heinean, argi dago bi enpresa horiek euren bezeroen eskubideak bermatzen jarraitzen dutela.

Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera, eta sektore pribatuari dagokionez, dekretuaren betetze-maila apala da, batez beste %22koa.

Halere, alde handiak daude sektore batzuetatik besteetara; batez besteko horretatik gora azaltzen dira finantza-erakundeak, %50eko betetze-mailarekin, merkataritza-kate handiak (%35,3) eta garraioak (%25,5). Batez bestekotik behera daude, aldiz, posta eta komunikazioa (%16,7), energia (%7,1), merkataritza oro har (%6,3; merkataritza-guneetan %3 eta hipermerkatu eta supermerkatuetan %1) eta etxebizitza (%2,4).

Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa kualitatiboaren arabera, bezeroaren eskaera da sektore pribatuan eragin handiena duen faktorea.

Irakurtzen jarraitu...