2015ean hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundia lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko diru laguntzak ematen enpresei. Orduan 114 enpresak jaso zuten diru laguntza eta 253 ikasleri eragin zien.

Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

GFAko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak martxoaren 7an argitaratu ditu lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko diru laguntzak ematea arautzen duten oinarriak. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 8an hasi da eta 2017ko martxoaren 30ean bukatuko da.

Diru laguntza hauen xedea da Lantokiko Prestakuntza modulua euskaraz eskaini ahal izateko enpresa eskatzaileek egin ditzaketen gastu jakin batzuk konpentsatzea. Hiru gastu mota hauek izango dira diruz lagungarriak:

  1. Enpresaren aldetik Lantokiko Prestakuntza euskaraz egin ahal izateko instrukzioaz, garapenaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzen diren pertsonen prestakuntza berezituaren kostua.
  2. Xede horretarako dokumentu materialak euskaraz egiteko kostuak.
  3. Praktika aldiak euskaraz egin ahal izateko sortzen diren berariazko beste gastuak edo kostuak.

Diru laguntza hau jasoko duten enpresek 600 euroko zenbateko finko bat jasoko dute eta ikasle bakoitzaren prestakuntza ordu bakoitzeko 0,50 euroko zenbatekoa, gehienez ere 400 orduko mugaz. Edonola ere, ematen diren diru laguntzen kopuruaren gehienezko muga 3.000 euro izango da.

Irakurtzen jarraitu...

Urriaren 2an, “Adin Adin” proiektua aurkeztu zen Gipuzkoako Foru Aldundian; aurkezpen horretan parte hartu zuten Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Ander Zapirain Ezinduen eta Desgaituen laguntzako zerbitzuburuak, Marta Agirrezabala Lankuko ordezkariak eta Xebastian Lizaso bertsolariak.

adin adin logoa

Argazkia: Lanku

“Adin Adin” proiektua Lankuk sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin; eta, EMUNen bezero diren San Jose eta Iurreamendi egoitzek, Gipuzkoako beste 9 adineko egoitzekin batera, egitasmo horretan hartuko dute parte.

Emanaldi horien baitan, bertso munduan ohikoak diren helburuak daude; errimez gozatzea eta tarte atsegin bat pasatzea, esaterako. Badira, ordea, adinari lotutako beste helburu berezi batzuk ere, horien artean daude, umorea eta oroimena lantzea edota barneko emozioei espazioa eskaintzea. 

San Jose eta Iurreamendi egoitzetan data hauetan izango dira bertso saioak:

  • Urriaren 15. San Jose egoitza. 17:00. Eneritz Artetxe eta Anjel Larrañaga.
  • Azaroak  24. Iurreamendi egoitza. 16:30. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.

Emanaldien egutegia osoa hemen

Irakurtzen jarraitu...

Iragan urriaren 1ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko Udal<>ekin egitasmoaren muina diren Proiektu Elkartuen azken berriak entzun ahal izan genituen.

proiektu_Elkartuak_3.mintegia

Gotzon Egia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuburuaren esanetan, Proiektu Elkartuak egitasmoak emaitza aplikagarriak ematen dituzten ikertzeko guneak dira; ikerketa eta garapenaren bulegoak, hain zuzen ere. Hauek dira orain arte emaitza aplikagarriak emateko sortu diren proiektuak:

  1. Helduen euskalduntze-alfabetatzerako diru laguntzen kudeaketa
  2. Kontratuetako hizkuntza irizpideen jarraipena
  3. Lanlekuko ahozko harremanak euskalduntzea
  4. Gurasoen erabilera handitzea
  5. Hizkuntza hautua aplikazioetan

Proiektu Elkartu bakoitzean talde sendo bat aritu da elkarlanean, 46 lagun 5 proiektu horietan buru-belarri; gehienak euskara teknikariak, baina baita zinegotziak eta euskaltegietako partaideak ere. Lantalde bakoitzak sortzen duen lana eta materiala euskara teknikari eta arduradun politiko guztien eskura jartzen du, gainerako udaletan ere aplika dadin. Horixe da, hain justu, Proiektu Elkartuen muina, taldean sortu, gero udal guztietara hedatzeko.

Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariak, azpimarratu zuen beste erakunde batzuk euskalduntzeko traktore lana egin beharra dagoela, eta hori elkarrekin eginda, beti dela eraginkorragoa. Sarea zabaltzen joatea beharrezkotzat jo zuen, era horretan ahaleginak biderkatuko baitira. Beraz, datozen urteetako iparrak, besteak beste, ondorengoak izango dira: helduen euskalduntze-alfabetatzean doakotasunerako bidea jorratzea, kontratuetako irizpideekin jarraipena hobetzea arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzen joan dadin, administrazioan zerbitzu eta lan hizkuntza euskara bihurtzeko ahozko harremanak euskalduntzea, arnasguneetako gurasoen arteko erabilera handitzea eta, azkenik, IZFEko aplikazioetan hizkuntza kudeaketa hobetzea. Horiek jarraipen fasean sartu ahala, berriei ekingo zaie.

Amaitzeko, mintegian aipatutako hitzik esanguratsuenak gogora ekarri zituen Zigor Etxeburuak:  inertziak apurtu, gogoeta egin, kontzientzia, jarrera aldaketa, ohitura aldaketa eta jarraipenaren garrantzia, besteak beste.

Irakurtzen jarraitu...

Urrian hasita, astero Info7 irratian Gureaz blai irratsaioa entzungai duzue. Irratsaio hau Emunek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ekoizten du.

Euskaldunak aktibatzeko irratsaioa da, euskaldunei euskaraz bizitzeko deia eginaz eta hizkuntza ikuspegitik, herritar kontziente aktibo bilakatzen lagunduz. Euskaldun kontziente aktiboak laguntzeko irratsaioa (eta horren aktiboak ez direnak aktibatzeko ere).

Irakurtzen jarraitu...

Gipuzkoako Foru Gobernuaren asmoa da euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzea eta bide horretan udalak nahitaezko aliatutzat ditu. Konplizitatea eta lankidetza bultzatu nahirik, ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalen arteko elkarlana sustatu du, Udal<>ekin egitasmoaren bidetik. Horretarako, hiru tipologiako lankidetza eredua jarri dugu abian, biztanle kopuruaren eta euskaldunen ehunekoaren arabera antolatuta.

Batetik, UEMAn biltzen diren eta ezaugarri berdinak dituzten udalak (biztanle gutxien eta, ehunekoetan, euskaldun gehien dituztenak; > %80). Bestetik, euskaldunen bataz bestekoa altua (%60-80 artean) duten herri kozkorrak (4.600-22.000 biz.). Eta azkenik, euskaldunak %60 baino gutxiago diren herri eta hiriak.

Ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalek proiektu elkartuen bidez irtenbideak elkarrekin diseinatzea proposatu dugu, praktika-komunitateak antolatzeko beste abiapuntu bat izango da. Tipologia bakoitzeko bizpahiru proiektu diseinatzea aurreikusi da.

Lankidetza eredu hau dagoeneko aurkeztu zaie udal ordezkariei eta euskara teknikariei, legegintzaldirako Foru Gobernuaren asmoak aurkezteko berariaz antolatutako bilkuretan eta begi honez hartua izan da ikuspegi hau.

Horretaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigu arduradun politikoen babesa eta inplikazioa lortzea, eta ziur gaude horretarako prestasun osoa izango dela denon partetik. Euskara teknikaria-zinegotzia binomioak garrantzia berezia hartuko du, beraz.

Iruditzen zaigu lankidetza eredu hau egokia izan daitekeela euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzeko eta horretan saiatuko gara.

Bidaltzailea: Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia)

Irakurtzen jarraitu...