Lan-mundua euskalduntzearekin lotura zuzenik ez badu ere, ohikoa da EMUNen aholkularitza jasotzen duten erakundeetako eta enpresetako langileek euskarazko liburuak gomendatzeko eskatzea; maiz, etxeko txikienekin edo txikienek irakurtzeko.

Hori dela-eta interesgarria iruditu zaigu Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegitik iritsi zaigun gida; mintegi horretan unibertsitateko irakasleek, eta Debagoieneko ikastetxeetako eta udal liburutegietako profesionalek parte hartzen dute, eta 2001 eta 2014 urteen artean argitaratutako 1.614 haur eta gazte literatura libururen irakurketa partekatua egin dute; eta, irakurketa horretatik oso gomendagarriak direnak gida honetan jaso dituzte. Gidaren sarreran adierazten denez, mintegiko kide direnak ere harrituta daude euskaraz zenbat liburu on ditugun ikusita; bitxikeri gisa, 1.614 liburu horietatik 686 jatorriz euskaraz argitaratuak dira.

Haur eta Gazte Literatura Irakur Gida 2001-2014-1

Iturria: http://www.mondragon.edu

Irakurtzen jarraitu...

Ander Ansuategi eta Izaskun Fernandez IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak dira, Sistema Autonomo Adimendunen eta Informazio Sistema Adimendunen unitatekoak, hurrenez hurren.

Ansuategiren ikerketaren helburua, hautemateko eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten sistemei autonomia maila altua ematea da, eta robotikan espezializatua da. Azken urteetan, besteak beste, kTBot robotarekin aritu da lanean; robot horrek era autonomoan nabigatzen du eta gidari-lanak egiten ditu. Fernandezen ikerketa arloak, berriz, hizkuntzen teknologia, hizkuntza ingeniaritza edo konputazioa, eta hizkuntza naturalaren prozesaketa dira.

KTbot

1.- kTBot robota Eureka Zientzia Museoko gidaria da, ezta? Eta euskaraz egiten du, nola da hori?

Ander: kTBot proiektuaren helburu teknologikoa mugikorra, autonomoa eta erabilera anitzekoa den zerbitzu robot bat garatzea izan da; eta, proiektuaren izen bera duen robota, garatutako gaitasunen erakusle da, prototipo bat azken finean, Eureka Zientzia Museotik era autonomoan mugitzen dena eta jendeari gidari-lanetan laguntza eskaintzen diona.

Proiektu horretan hiru arlo nagusi landu dira: nabigazioa, interakzioa eta segurtasuna. Interakzioaren arloan, jendearen presentziaz ohartzeko gaitasunaz gain, hizketaren sintesi sistema bat ere badu kTBot-ek. Hizketaren sintesi sistemek, sarritan, TTS text-to-speech edo testu-ahots bihurtzaile izena hartzen dute testua hizketa bihurtzeko duten gaitasunarengatik. Aurretik finkatuta daukan testu bilduma batetik, egoeraren arabera aproposa den testua aukeratu eta berau sintetizatzen du kTBot-ek. TTS-a gaztelaniako eta euskarako testuak sintetizatzeko prestatua dago, kTBot elebiduna da, beraz.

Irakurtzen jarraitu...

Pasa den uztailean, Ainhoa Beolak EMUNeko langileoi eskaini zigun formazio saioan, besteak beste, hizkera ez-sexistari buruz jardun zuen.

miscelanea.01Argazkia: http://revista.consumer.es/web/eu/20050201/miscelanea1/69540.php

Euskara genero gabeko hizkuntza izan arren, erabilitako terminoen eta kontzeptuen bidez botere egoerak, rolak, bazterkeriak eta abar azaleratu daitezke. Hori dela-eta hizkuntza inklusiboa, ez-sexista eta generoekiko errespetuzkoa erabiltzera eta sustatzera gonbidatu gintuen Ainhoak.

Beraz, dauden aukerak ezagutu eta horiekin jokatzen ikasi behar dugu, errepikakorra izan gabe eta hizkuntzen ekonomiari jarraiki, baina, era berean, generoen arteko oreka mantenduz. Horretarako, hona hemen gomendio batzuk:

o   Emakumeak izendatzeko modu iraingarriak saihestu: alua, txotxola, tuntuna, txolina

  • MARI+zikin, +purtzil, +maestra, +matxarda, +txu…
  • EMA+galdu, +txar, +gizon, +tu, +zikin…

o   Estereotipoak saihestu: zortzi kontseilari eta euren emazteak etorri ziren beharrean > zortzi kontseilari eta euren bikotekideak etorri ziren

o   Kontuz hitanoaren erabilerarekin. Erabiliz gero, generoa zaindu.

o   Ahal denean giza- ordezkatu: gizaki, gizaseme, gizarte, giza… beharrean > pertsona, jendarte, sozietate, sozial…

o  Ahal denean anaiaren eratorriak ordezkatu: anaikor, anaitar, anaitasun, anaiarte… > senide, adiskidetasun, elkarte, herrikide

Gizon hitzarekin osatutako hitz elkartuak ordezkatu: lege-gizon, enpresa-gizon, kultura-gizon, itsasgizon… beharrean > legelari, enpresari, kultura-pertsona, itsas-langile

o   Generoa daukaten izenak, biak erabili: emakumeak eta gizonak, seme-alabak, aiton-amonak, neska-mutilak

o   Termino orokorra erabili: guraso, irakasle, gazte

o   sa atzizkia gero eta hedatuago dago, baina euskarak ez du estrategia horren beharrik: alkatesa, aktoresa… beharrean > alkate (edo alkate andrea generoa nabarmendu nahi denean), aktore (edo emakumezko aktore)…

Eta ikurren erabilerarako araurik bai?

o    “@” eta “x” grafismoak dira, testuetan generoa identifikatzeko ez dute balio, beraz. Izatekotan, sare sozialetan erabili ahalko genituzke, karaktere kopurua mugatua denean, hain zuzen ere.

o    “-” erdiko marra erabili behar da: emakume-gizon, neska-mutil…

o   “/” barra ere erabil daiteke, batik bat espazio arazoa dagoenean: emakume/gizon, jaun/andre…

Irakurtzen jarraitu...