Merkataritzan Euskaraz kanpainaren barne, urtero proposamen bat egiten diete merkatari eta erosleei. Aurten salerosketak euskaraz egiten dituzten erosle eta merkatariei elkarrekin argazki bat ateratzea proposatu diete.

Aurtengo egitasmoa azaroaren 30ean aurkeztu zuten, Urretxuko kultur etxean. Ekitaldian Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak, Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteko Sebas Iturriotzek, ZingiZango euskara elkarteko Nekane Gonzalezek, euskara teknikariek eta hainbat merkatarik parte hartu zuten.

Duela bi urte euskara erabiltzeko prest dauden bezeroen argazkiak eskatu eta 1.400 lortu zituzten. Iaz, berriz, euskarazko zerbitzua ematen duten establezimenduen argazkiak eskatu eta 99 eskuratu zituzten. Aurten, euskaraz erosten duten bezeroei euskaraz saltzen duten dendariekin selfieak ateratzeko eskatu diete. Bezero bakoitzak nahi adina selfie bidali ahal izango du, baina establezimendu bakoitzeko bat. Merkatariek ere bidali ahal izango dituzte, baina bezero diren dendetakoak.

Argazkiarekin batera bezeroaren telefono zenbakia eta dendaren izena bidali behar da. Kanpainaren bukaeran erosketa txartelak zozkatuko dituzte selfieak bidali dituzten bezeroen artean. Txartelak selfietan agertzen diren dendetan gastatu behar dira. Argazkiak Goierri garaiko 18 urtetik gorako edonork bidali ditzake

Otsaila amaiera baino lehen bidali behar dira, pozikgainera@gmail.com helbide elektronikora edo Whatsappez 628 759 948 telefono zenbakira.

Jatorrizko albistea: Otamotz-Goierriko Hitza

Irakurtzen jarraitu...