Iragan urriaren 1ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko Udal<>ekin egitasmoaren muina diren Proiektu Elkartuen azken berriak entzun ahal izan genituen.

proiektu_Elkartuak_3.mintegia

Gotzon Egia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuburuaren esanetan, Proiektu Elkartuak egitasmoak emaitza aplikagarriak ematen dituzten ikertzeko guneak dira; ikerketa eta garapenaren bulegoak, hain zuzen ere. Hauek dira orain arte emaitza aplikagarriak emateko sortu diren proiektuak:

  1. Helduen euskalduntze-alfabetatzerako diru laguntzen kudeaketa
  2. Kontratuetako hizkuntza irizpideen jarraipena
  3. Lanlekuko ahozko harremanak euskalduntzea
  4. Gurasoen erabilera handitzea
  5. Hizkuntza hautua aplikazioetan

Proiektu Elkartu bakoitzean talde sendo bat aritu da elkarlanean, 46 lagun 5 proiektu horietan buru-belarri; gehienak euskara teknikariak, baina baita zinegotziak eta euskaltegietako partaideak ere. Lantalde bakoitzak sortzen duen lana eta materiala euskara teknikari eta arduradun politiko guztien eskura jartzen du, gainerako udaletan ere aplika dadin. Horixe da, hain justu, Proiektu Elkartuen muina, taldean sortu, gero udal guztietara hedatzeko.

Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariak, azpimarratu zuen beste erakunde batzuk euskalduntzeko traktore lana egin beharra dagoela, eta hori elkarrekin eginda, beti dela eraginkorragoa. Sarea zabaltzen joatea beharrezkotzat jo zuen, era horretan ahaleginak biderkatuko baitira. Beraz, datozen urteetako iparrak, besteak beste, ondorengoak izango dira: helduen euskalduntze-alfabetatzean doakotasunerako bidea jorratzea, kontratuetako irizpideekin jarraipena hobetzea arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzen joan dadin, administrazioan zerbitzu eta lan hizkuntza euskara bihurtzeko ahozko harremanak euskalduntzea, arnasguneetako gurasoen arteko erabilera handitzea eta, azkenik, IZFEko aplikazioetan hizkuntza kudeaketa hobetzea. Horiek jarraipen fasean sartu ahala, berriei ekingo zaie.

Amaitzeko, mintegian aipatutako hitzik esanguratsuenak gogora ekarri zituen Zigor Etxeburuak:  inertziak apurtu, gogoeta egin, kontzientzia, jarrera aldaketa, ohitura aldaketa eta jarraipenaren garrantzia, besteak beste.

Irakurtzen jarraitu...