MONDRAGONek eta Mondragon Unibertsitateak (MU) euskararekiko duten konpromisoa dela-eta, euskaraz hobekien idatzitako titulu ofizialetako amaierako bi lan (gradu edo master amaierakoak) saritu dituzte aurten, laugarrengoz. Sariek lanen txostenaren euskararen kalitatea eta egokitasuna saritzen dituzte.

Arizmendi Ikastolan Josune Etxanizek egindako lan batek jaso du lehen saria, eta Electra-Vitorian Ander Elustondok egindakoak bigarrena.

lantalan_MU

Electra-Vitoriako tutorea, Eider Olabe -argazkian eskuinetik bigarrena- Anderren izenean saria jasotzen

Sari hau MONDRAGON Korporazioaren Euskara Batzordearen ekimenez sortu zen eta unibertsitatetik lan-mundura pasatzen diren ikasleek ikasketa amaierako lanak euskaraz egitera animatzea du helburu.

Mondragon Unibertsitatean, 2014an, guztira 277 lan egin ziren euskaraz (2013n 176 izan ziren). Bestalde, sarietan parte hartzeko 5 baldintzak kontuan hartuta (MUko ikaslea izatea; lana MONDRAGONeko erakunde batean egitea; txostena euskaraz idaztea; 2014an aurkeztea; 9 edo hortik gorako nota akademikoa izatea) sarietara 20 lan aurkeztu ziren 2014an (2013an 32 izan ziren).

Electra-Vitoriari saritutako lanak “Barne-logistikaren hobekuntza eta muntaketa-prozesuetako lan-kargaren orekatzea, igogailuen fabrikazioan” izenburua zuen eta, esan bezala, Ander Elustondo gasteiztarrak egindakoa zen.

Ander, une honetan, Kopenhagen ari da Operazioen Analisia eta Kudeaketa espezialitatean masterra egiten, baina aurreko ibilbidea Duranako Ikasbidea Ikastolan –DBH eta Batxilergoa–, Mondragon Unibertsitatean –Industria Antolakuntzako Ingeniaritza Gradua– eta Electra-Vitorian –ikasketa amaierako lana– egin zuen.

Anderri sariaren errudunen gainean galdetuta, Electra-Vitoriako lan-taldeak emandako babesa oso garrantzitsua izan zela nabarmendu digu. “Babes horrek aldaketak eta hobekuntzak gauzatzen lagundu zidan, jendea motibatzen batik bat. Horrek proiektuaren arrakastan zeresan handia izan zuen. Horrez gain, bai Eiderrek –Electra-Vitoriako tutoreak– eta bai Aitorrek –unibertsitateko tutoreak– emandako aholkuek lana hasieratik bide onean jartzen lagundu zidaten”.

Sari honekin Electra-Vitoriak 2014. urtea biribildu du, duela 3 hilabete Lazarraga saria jaso baitzuen.

Irakurtzen jarraitu...

Enpresarean azokako “formazioa: etorkizuneko erronkak” solasaldian parte hartu berri du Jon Altunak, Mondragon Unibertsitateko (MU) errektoreordeak; erronka horien gainean gehiago jakin nahian berarengana hurbildu gara eta hainbat gauza interesgarri esan dizkigu.

Emunerako argazkia1

  • Hizkuntzen erabilerari dagokionean, zein da, une honetan, MUren hezkuntza-eredua?

Eleaniztasuna da Mendeberri proiektuan definituta dugun 4 ardatzetako bat –konpetentzien garapena, IKTen erabilera eta balioekin batera–; eleaniztasun hori nola kudeatzen dugun azaldu aurretik, komeni da historia pixka bat egitea, eta zein bilakaera izan dugun aztertzea: 1) MUren hastapeneko urteetan gaztelania hutsezko hezkuntza-eredua genuen; 2) bigarren fase batean bi lerro eskaintzera pasatu ginen, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz; 3) egungoa, erabaki estrategiko baten ondorioz ezartzea erabaki zena, 2007. urtetik dugu indarrean eta lerro bakarreko eredua da: euskara ardatz duen hezkuntza-eredu hirueleduna da; %60 inguru euskaraz, %20 gaztelaniaz eta beste %20 ingelesez, hain zuzen ere. Eredu hori erreferentzia bat da, eta nagusiko gure graduko eskaintzan garatzen da.

Mondragon Unibertsitateak enpresa eta erakundeen beharretara egokitzen du bere eskaintza eta, hizkuntzei dagokionean, uste dugu gure egungo eredua dela behar horiei hobekien erantzuten diena.

Dena den, kasu partikularrak edo salbuespenak ere egiten ditugu; gastronomia eta lidergo ekintzailearen graduak, esaterako, nazioarteko proiekzioarekin sortu ziren eta horietan euskarak duen presentzia txikia da; irekita gaude kasu partikular horietara, baina guk argi dugu zein den gure eredua, elkarren osagarri dira.

  • Nola irudikatzen duzu Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza-eskaintza 10 urte barru?

Orain ari gara hausnarketa hori egiten, baina, dagoeneko, ikusten dira joera batzuk: IKTen gero eta erabilera handiagoa, curriculum malguagoa, erantzun pertsonalizatuagoa… Hizkuntzei dagokionean, ez dut uste etorkizunean egungo eredutik gehiegi aldenduko garenik.

  • Egungo eredu hirueledunera, beste hizkuntzaren bat gehitu al daiteke?

Ziurrenik, txineraren presentzia handitzen joango da. Horren erakusgarri, gaur egun, lidergo ekintzailearen graduan, txineraren oinarrizko formazioa jasotzen dute ikasleek, eta 3. mailan hilabete eta erdiko egonaldia egiten dute Txinan.

  • Zer egin dezake unibertsitateak lanean hasi behar diren edo gradu amaierako proiektuak egin behar dituzten ikasleek euskara gehiago erabil dezaten?

Batetik, azpimarratu beharrekoa da Emun moduko aholkularitzek kudeatzen dituzten euskara planei esker, fakultateetan eta enpresetan euskara lan-erreminta bihurtzen ari dela, eta harremanetan ere euskararen erabilera handitzen doala.

Bestetik, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen mahai teknikoan parte hartzen du besteak beste, sari bat ere antolatzen dugu euskaraz egindako gradu amaierako proiektu onenarentzat eta ikasleei aukera horren berri ematen diegu. Horren fruituak ere jasotzen ari gara: bi urtean %40 igo dira euskaraz egindako gradu amaierako proiektuak.

Egia da, beste arlo batzuetan, etengabeko prestakuntzan eta ikerketa eta teknologien transferentzian, esaterako, ibilbide luzea dugula oraindik egiteko.

  • Nola ikusten da euskaraz egiten duen unibertsitate bat nazioartean? Nola begiratzen gaituzte?

Herrialde askotan gabiltza –Kolonbian, Mexikon, Saudi Arabian, Korean…–, horietan guztietan unibertsitate euskaldun bezala aurkezten gara eta ez dugu oztoporik ikusten, alderantziz; guk argi dugu nondik gatozen eta non gauden, eta haiek ere hori balioan jartzen dute; nire iritziz, balio jakin batzuekin lotutako kultura sendoa duten herrialdeek abantaila konpetitiboak dituzte.

Horrez gain, gure errealitatean berri emateko, atzerritik datozen ERASMUS ikasleentzat basque culture ikasgaia daukagu, ikasle guztiek egiten dutena.

Irakurtzen jarraitu...