Jarraian irakur dezakezue Abel Irizar lankidearen iritzi-artikulua; ULMAn antolatu berri duen “Bidegorriak euskararentzat” ekintzatik abiatuta eskaini digu Abelek bere hausnarketa.

emun-1-2013-117-copia

Pasa den ostiral iluntzean dozena erdi papertxo erori ziren zerutik Elgeta aldeko landetxe bateko zelaian. Bikote ingeles bat zegoen bertan, eguzkia hartzen, hamakan etzanda, eta harrituta gelditu ziren zerutik jausitako paperei erreparatuta. Euskaraz idatzitako galderak zeuden papertxoetan, eta ULMAko logotipoa zeukaten alboan. Landetxeko nagusiak ingelesera itzuli zien papertxoetan idatzita zegoena. Baina, ezin ulertu nolatan erori ziren paper zati haiek zerutik…

Pasa den ostiralean ‘Bidegorriak euskararentzat’ ekintza egin zen Oñatin, ULMAko euskara planeko Motibazio taldeak eta ULMA Fundazioak antolatuta. Euskarak bidegorriak behar dituela aldarrikatu zuten ehun eta berrogei lagun inguruk, hizkuntza txikien aldeko jarrera etikoa eta ekologikoa aldarrikatuz. Horretarako, 5 kilometroko ibilbidea egin zuten bizikleta gainean, bidegorrian zehar, eta 9 gunetan geldialdia egin zuen tropelak: geldialdi bakoitzean globo bat eztandarazten zuten, eta  globoak barruan zekarren galdera bat irakurtzen zioten ULMAko kooperatiba bakoitzeko presidenteari, eta presidente bakoitzak erantzun egiten zion galderari:

  • Zer da hizkuntza batek osasuntsu bizitzeko behar duena? Ahozkoan erabiltzea – erantzun zuen Arregik.
  • Zer da hizkuntza moderno batek behar duena gizarte moderno batean? Teknologia berrietan hizkuntza erabiltzea – erantzun zuen Medinak.
  • Zer da hizkuntza txiki batek bere nortasuna eraikitzen hasteko behar duena? Hiztunei euren hizkuntza eskubideak bermatzea – erantzun zuen Yarzak.
  • Zer da hizkuntza batek bere transmisiorako behar duena? Gero eta jende gehiagok jakitea – erantzun zuen Garciak.
  • Zer da hizkuntza batek prestigioa izateko behar duena? Idatzizko euskarri ofizial guztietan hizkuntza erabiltzea – erantzun zuen Diaz de Gereñuk.
  • Zer da hizkuntza batek estandarizatzeko behar duena? Hiztegiak egitea eta bertako hitzak errepikatzea – erantzun zuen Aramendik.
  • Zer da hizkuntza batek alai bizitzeko behar duena? Hiztunak motibatzea eta geure hizkuntzaren beharra sentiaraztea – erantzun zuen Querejetak.
  • Zer da hizkuntza batek autokonfiantza edukitzeko behar duena? Hiztunak elkartu, sormena landu eta euren hizkuntzan ondo pasatzea – erantzun zuen Idigorasek.
  • Zer da hizkuntza batek erakunde batean osasuntsu mantentzeko behar duena? Organoen babesa eta politikak sustatzea – erantzun zuen Garciak.

Presidenteek babesa eta inplikazioa adierazi zioten euskara normalizatzeko ULMAk daukan proiektuari. Sanchez Carrión ‘Txepetx’ soziolinguistak aipatzen du berebiziko garrantzia daukala boterea euskararen zerbitzura jartzeak euskararen normalizazioa lortu nahi bada. Eta, neurri handi batean, horixe lortu nahian ari gara enpresetako euskara planen bidez: enpresako erabakiak, normalizatu nahi den hizkuntzaren zerbitzura jarri nahian.

Argituko dizuet, bada, zeruko papertxoena: galdera horiek berak zituen ordezko bigarren globo-sorta bat zeraman Naroak bere bizikletan, eta haizeak globoak eraman zituen, galdera eta guzti. Troposfera gainditutakoan, eztanda egin eta Elgetako zelaian amaitu zuten papertxoek, ingeles hiztunen eskuetan.

Oraindik ere galderen erantzunak aurkitu ezinik dabil bikote ingelesa, ez baitute inoiz halako ariketarik egiteko premiarik eduki. Pozik eta seguru bizi dira ingeles hutsean. Baina, ez dakite ondo zer arrisku daukan hizkuntza handi batek asko zabaltzen denean. Majo ohartarazi gintuen Querejeta presidenteak bere diskurtsoan, pasadizo baten bidez: duela 2.000 urte Pirinioetan topo egin zuten erromatarrak eta euskaldunak, eta halaxe esan omen zion artzain euskaldunak erromatar lerdenari: “bi mila urte barru, zure hizkuntza handia (latina) desagertuta egongo da, eta nire hizkuntza txikia (euskara), aldiz, biziko da oraindik…”. Eta, halaxe gertatu. Adi, hortaz.

 Abel Irizar (EMUNeko lankidea)

Irakurtzen jarraitu...