Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, hizkuntza lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta.

Zergatik diogu lankidetza modu berri bat dela? Lankidetza klasikoan gailendu izan den “Zenbat diru dugu emateko?” galderari buelta pare bat eman eta “Zein esperientzia dugu elkartrukatzeko?” galdegiten hasi ginelako 2005ean Garabide martxan jarri zenean. Izan ere, hor baitago gakoa kooperazioa laguntza asistentziala izan ez dadin. Itaun berri honek lagunduak-laguntzaileak dinamika aldatzen du eta polo guztiak (dualitatetik haratago) jakintza eta bizipenen hartzaile eta emaile bilakatzen ditu; horrela doa sortzen berdinen arteko lankidetza harremana, duina eta aberasgarria. Gaur gaurkoz, 10 hizkuntza komunitaterekin gabiltza elkarlanean, nagusiki Hego eta Ertamerikan.

Hona hemen GARABIDEren egoera eta jarduna modu laburrean azaltzeko 2017ko memorian jasotako hainbat datu:

·         Bulego teknikoan 6 pertsona aritu dira.

·         Entitate babesleak –diru-ekarpena egiten dutenak-: 23 dira, entitate publiko zein pribatuak, gehien-gehienak udalak.

·         Entitate laguntzaileak –diruz bestelako ekarpena egiten dutenak-: 38 dira, tartean EMUN.

·         Kanpo komunikazioari buruz, 59 komunikabidetan 95 agerpen izan ditu.

·         Lehen aldiz antolatutako “Ikastaldi Trinkoa”: 9 hizkuntza komunitateko 12 lider izan dira Euskal Herrian hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruzko hilabete bateko ikastaroa egiten.

·         Formazioaz haratago, GARABIDEk  2017an 7 “Bidaide” edo hizkuntza-lankidetza proiektu landu ditu: Ekuador, Guatemala, Mexiko (2), Polonia eta Txilen. Kasu batzuetan zuzenean egin da GARABIDEtik eta, beste batzuetan, euskalgintzako eragileen eta hegoko erakundeen arteko zubigintza lanetan aritu da, erakundearen lankidetza filosofiari jarraiki.

GARABIDEren erronkak antolaketari zein jarduerari dagozkionak dira. Antolaketari dagokionez  4 lan-talde jarri dira indarrean eta indartu nahi dira: ikastaroak eta aholkularitza, komunikazioa,  ikerketa eta nazioartea eta Euskal Herriko ekintzak. Eta Kontseilu Nagusia organoa sortu da, guztira 15 kidek osatzen dute taldea, horietatik bat EMUNeko ordezkaria.

Jarduerari dagozkion erronka nagusiak bi dira: lehen aldiz Euskal Herritik kanpo antolatzen ari garen formazio ikastaro trinkoak: Kolonbiako Caucan eta Mexikoko Yucatan-en batetik, eta, bestetik, EMUNekin elkarlanean, Mexikoko Pueblako TOSEPAN kooperatiba taldean garatzen ari garen hizkuntza plan orokorra.

Laburbilduz, hori da eta hori egiten du GARABIDEk. Gaiak interesatu bazaitu, irakurle, informazio gehiago eskura dezakezu gure webgunean dagoen 2017ko memorian eta, urtean 3-4 aldiz argitaratzen den buletinera harpidetu zaitezke debalde.

Garabide Elkartea

Irakurtzen jarraitu...

Urtarrilaren 17an, zeinu hizkuntzak izan zituzten hizpide Oihaneder Euskararen Etxean, Hitz Adina Mintzo  egitasmoaren eskutik. Hizkuntza gutxituak ezagutzera emateko hitzaldi zikloak antolatzen dituzte Hitz Adina Mintzo egitasmoko kideek, eta 2017-18koa hirugarren aldia izan dute.

Urtarrileko hitzaldian, beraz, zeinu hizkuntzak eta gorren komunitateak izan ziren protagonista; lau “hizlari” aritu ziren:  Miren Lazkano Baltzategi arlo teorikoaz arduratu zen; Cristina Campok zeinu hizkuntzen ikastaro txiki bat eman zuen eta, horrez gainera, gor izanda, bere bizi esperientziaren eta iritzien berri eman zuen; Cristinak zeinu hizkuntza bidez adierazitakoa euskarara ekarri zuen Ainitze Laskurain interpreteak,  eta lanbideari buruzko hainbat argibide ere eman zituen; azkenik, Sheila Garcia saio osoan interprete lanetan aritu zen, euskaraz esandakoak zeinu hizkuntzara ekartzen. Horrenbestez, osoko ikuspegia izan zuen saioak.

https://www.facebook.com/Oihaneder/videos/1940127999571192/

Zeinuen hizkuntzei buruzko historia azaltzen hasi zuten saioa; argi-ilunez beteriko narrazioa da. Lehenengo erreferentziak XVI. mendekoak dira, eta horien bidez dakigu zeinuak erabiltzen zirela nobleziako seme-alaba gorrei ahozko hizkuntza irakasteko. Horren ondoren, XVII. mendetik aurrera, gorrentzako eskolak ugaritu egin ziren Europan eta Estatu Batuetan. Eskola horietan, gorrak elkartu egin ziren, komunitate gisa eratzen hasi ziren, eta horrek ekarri zuen zeinu hizkuntzak nabarmen garatzea.

1881ean, zeinu hizkuntzen normalizazioan eten nabarmena ekarri zuen gertakari bat jazo zen: Gorren Irakasleen Nazioarteko Kongresua. Bildutako irakasle gehien-gehienak entzuleak ziren, eta erabaki zuten zeinua baino askoz hobea zela hitza gorrak gizarteratzerako. Helburua zen, nolabait, gorrak entzule bilakatzea, eta horrek ondorio larriak izan zituen, eskola zein elkarte askotan zeinuak erabiltzea galarazi baitzen. Egoera hori iraultzen hasteko mugarria William Stokoe hizkuntzalariak 1960an  argitaratutako Sign language Structure lana izan zen.

Stokoe-ren lana iraultzailea izan zen; besteak beste, zeinu hizkuntzak ahozko hizkuntzen pare jartzen zituelako, “hizkuntza oso” izaera aitortuz. Gaur egun, lan horri eta horrek izandako zabalpenari esker, gero eta gor gehiagok bizi dute harrotasunez gor izatea, eta horren eraginez, gero eta ohikoagoa da zeinu hizkuntzak ama hizkuntzatzat hartzea eta horien zabalkundea sustatzea.

Bestalde, gorren eta zeinu hizkuntzen egungo egoeraz ere jardun zuten: zeinu hizkuntzek haur eta gaztetxo gorren hezkuntzan duten lekua, erkidegoko interpretaritza zerbitzuaren ezaugarriak, gorrek lan munduan bizi duten egoera, aisialdirako aukerak, teknologia berriek ekarritako iraultza…

Zati teorikoaren ondoren, bertaratutakoen galderak etorri ziren, eta elkarrizketa polita sortu zen. Cristinak erantzun zituen galdera gehienak. Azaldu zuen, esaterako, berak zorte handia izan zuela hezkuntza arloan, ikaskideen artean integratuta egon zelako eta zeinu hizkuntza jaso zuelako; izan ere, kontatu zuenaren arabera, geroago ezagutu dituen beste gor batzuek ez dute horrelako aukerarik izan. Bestalde, kritiko agertu zen interpretaritza zerbitzua jasotzeko aukera murritzekin, eta Europako iparraldeko herrialdeak jarri zituen eredu: bere hitzetan, adibidez, urtebetetze jai bat ospatzeko interprete zerbitzua jaso dezakezu doan herrialde horietan; hemen, berriz, zerbitzua jasotzeko aukerak askoz mugatuagoak omen (medikutara joateko, lan arloarekin lotutako izapideak egiteko, epaitegira joan behar izanez gero…).

Babestuko enpresetatik kanpo gorrek lana aurkitzeko izaten dituzten zailtasunak ere azpimarratu zituen Cristinak, eta adierazi maiz jaso izan dituela ezezkoak gor izate hutsagatik. Horrez gainera, nabarmendu zuen, entzuleek eta gorrek komunikatzeko beharra dutenean, oso garrantzitsua dela lasai egotea eta entzuleek poliki hitz egitea; modu horretan, ezpainak errazago ulertu ahalko ditu gorrak.

Galde-erantzunen ondoren, ikastaroa etorri zen. Oinarri-oinarrizko esaera eta hitzak erakutsi zituen Cristinak (“egun on”, “gabon”, “astegunak”, “hilabeteak”…). Amaieran, gonbidapena egin zien bertaratuei zeinu hizkuntzen ikastaroetan izena emateko.

 

Miren Lazkano (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...