Euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira: bata Enpresagintza Fakultatekoa eta bestea Goi eskola Politeknikokoa. Lehen sariaren irabazlea Mikel Irusta Zurikarai izan da, Enpresagintzako ikaslea, IK4-Ikerlanentzat egindako “IK4-Ikerlanen informazio tresnen garapena jabetza industrialean oinarrituriko negozio ereduaren mesedetan”. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak 1.500 euroko saria eman diote seigarren edizio honetan. Bigarren sariaren irabazlea Irati Abad Fernández izan da, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea, Fagor Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: “Konpositeentzako HCL eta kargadorea duen transfer prentsaren diseinu estetikoa”. Kasu honetan, Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela sei urte sortu ziren, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. Mondragon Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira, 194 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean, eta horietako 16 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (Mondragon Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.

Irakurtzen jarraitu...

KORRIKAren aitzakian, aurten ere, enpresa eta erakundeetan hainbat egitasmo eta ospakizun egin ditugu (kilometroak erosi, erakusketak…), eta jaso ditugun argazkien eta bideoen lagin txiki bat ekarri nahi izan dugu hona:

LKSkoei Korrika osoaren ekuatoreko kilometroa egokitu zitzaien, eta antolatzaileek txanpaina eman zieten eta konfetiak bota zituzten. Beheko argazkian ikusten da momentua:

Jarraian, IK4-Ikerlaneko, EIKA kooperatibak Wroclaw-n duen lantegiko eta Danobat Taldeko langileen bideoak:


Goian, IRIZAReko langileek erositako kilometroaren argazkia. Horrez gain 1000 boleto salduta ateratako diruarekin Ingudeako kilometroa erosi zuten beste enpresekin batera, eta Valtierrako kilometroa ere bai. Boletoak erosi zituztenen artean materiala zozkatu zuten.

CARREFOUR OIARTZUNgo langileak ere bizi-bizi euskararen alde!

Irakurtzen jarraitu...

Aurretik ere egin izan ditugu e-mailen neurketak Emunen, baina metodologia komun eta jakin bati jarraitu gabe, ERREKA kooperatibako Euskara Batzordeak behar hori antzeman, eta lehen proposamena egin zuen arte. ERREKAn garatutako metodologiari esker, ahozko neurketetan erabiltzen ditugun aldagai asko kalkulatu ahal izan zituzten, baita hainbat ondorio interesgarritara iritsi ere.

Metodologia hori garatzen jarraitu eta beste urrats bat egin nahian, Emunen Berrikuntza Proiektu bat jarri zen martxan, 2015an, urte horren hondarrean aurkeztu zena. 2016. urtea, berriz, proba pilotuak egiteko aprobetxatu genuen, eta SoraluceIK4-IdekoFagor Arrasate eta Fagor Automationen egin zituzten neurketak. Jasotako hainbat hobetzeko eta ekarpen metodologian integratu ostean, produktu gisa estandarizatu dugu orain.

Jarraian, adibide gisa, Fagor Automation Usurbilgo Plantako eta Berriolako neurketaren nondik norakoak jaso ditugu. 2016ko uda partean egin ziren neurketak bertan, eta balorazio positiboa egin zuten bertako Euskara Batzordean; bai metodologia beraren baliagarritasunaren inguruan, baita emaitza positiboak lortu zirelako ere.

Bertan, neurketak egiteko, enpresako 6 gune aukeratu zituzten lehenik: Berriola, I+G CNC Softwarea, Motorren ekoizpena bulegoak, Motorlan bulegoak, Harrera eta Motorlan planifikazioa. Gero, gune bakoitzean, neurketak egiteko neurtzaile bana izendatu zuten; aipatu lehen 5 guneetan euskaldunak jarri zituzten, eta 6.ean, berriz, erdalduna.

E-mailen neurketa egiterakoan, hainbat aldagai jaso behar izan zituzten neurtzaileek: zein gunetatik bidalitakoa zen, bidaltzailearen eta hartzaileen euskara gaitasuna, eta, azkenik, e-mailean euskarak zuen presentzia. Datu horiek guztiak tresna batean sartu, eta hauek izan ziren emaitzak:

Erabilera orokorra (%): e-mailetan zein izan zen euskararen erabilera orokorra; euskara hutsean bidalitako e-mailak + bi hizkuntzatan bidalitakoak (erabilera kalkulatzerakoan azken horiei balio erdia ematen zaie, hau da, zati 2 egiten dira).

Leialtasuna (%): euskaldunek talde euskaldunei bidalitako e-mailetatik zenbat izan ziren euskara hutsean.

Erabilera topea (%): leialtasuna %100 izan balitz, hau da, euskaldunek talde euskaldunei beti euskara hutsez bidali izan baliete, aterako zatekeen erabilera.

Hiperleialtasuna (%): euskaldunek talde erdaldunei edo mistoei bidalitako e-mailetatik zenbat izan ziren euskara hutsean.

Alfabetatze-tasa (%): e-mailak euskaraz bidaltzeko gaitasuna zuen langileen ehunekoa.

Erabilera datuak xeheagoa ikus daitezke goiko grafikoan; guztira, zenbat izan ziren euskara hutsean bidalitakoak, zenbat bi hizkuntzatan, zenbatean izan ziren bakarrik agurrak euskaraz eta, azkenik, erdara hutsez bidalitakoak.

 

Irakurtzen jarraitu...

DANOBATGROUP eta berau osatzen duten kooperatibek euskararekin duten konpromisoa berretsi egin zen, berriz ere, BIEMH 2016 erakustazokan. Konpromiso horri jarraituz, Bilboko makina erreminta erakustazokako aurtengo edizioan, DANOBATGROUPen eta IK4-Idekoren standetan errotulazio eta panel guztiak euskaraz ere egoteaz gain, bideo korporatiboa ere euskaraz ikusteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek; halaber, prentsara helarazitako zein sare sozialen bidez zabaldutako informazio guztia euskaraz ere zegoen.

Presentación2

Irakurtzen jarraitu...

Joan zen urriaren 7an, IMHk antolatzen duen 30+10 mintegian, Edurne Gonzalezek Emunek diseinatutako Egin salto! hizkuntza portaeretan eragiteko metodologia aurkeztu zuen lehendabizikoz.

Egin salto! hiru hilabeteko iraupena duen interbentzioa da, eta enpresako/udaleko/lagun-taldeko/bikoteko euskararen erabileran aurrerapauso nabarmena lortzeko diseinatu da.

Interbentzioaren helburua da, bikoteak abiapuntu gisa hartuta, maila desberdinekotako euskara ezagutza duten pertsonek dakiten euskara hori erabiltzeko saltoa ematea; eta Emunek salto hori emateko behar duten prestakuntza eskaintzen die. Abiapuntua bikotea izan arren, interbentzioaren eragina bikoteetatik haratago zabaltzen da, eta erakunde osoan eragiten du.

Orain arte, euskaraz ondo moldatzen ez zirenei hizkuntza trebakuntza eman izan zaie. Interbentzio honek, kontrara, hizkuntza trebakuntza baino, hizkuntza ohiturak aldatzeko trebakuntza psikolinguistikoa hobetsi du, eta euskaldunek lehen mailako eginkizunak eta lanak hartzen dituzte. Euskaldunak dira akuilu, eredu eta motor.

Interbentzio hori hainbat erakundetan egin da, hala nola, Hazi, IK4-TEKNIKER edo Tolosako Udaltzainetan; eta, beste erakunde hauetan ere abian jartzekoak dira: Sopelako Udalean, Clece-Zaintzen-en eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan.

Interbentzio martxan jartzen lehenengok Hazikoak izan ziren; bideo honetan Haziko Publizitate eta Diseinuko arduraduna den Amaia Asuak bere esperientzia kontatzen du:

Irakurtzen jarraitu...