Ander Ansuategi eta Izaskun Fernandez IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak dira, Sistema Autonomo Adimendunen eta Informazio Sistema Adimendunen unitatekoak, hurrenez hurren.

Ansuategiren ikerketaren helburua, hautemateko eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten sistemei autonomia maila altua ematea da, eta robotikan espezializatua da. Azken urteetan, besteak beste, kTBot robotarekin aritu da lanean; robot horrek era autonomoan nabigatzen du eta gidari-lanak egiten ditu. Fernandezen ikerketa arloak, berriz, hizkuntzen teknologia, hizkuntza ingeniaritza edo konputazioa, eta hizkuntza naturalaren prozesaketa dira.

KTbot

1.- kTBot robota Eureka Zientzia Museoko gidaria da, ezta? Eta euskaraz egiten du, nola da hori?

Ander: kTBot proiektuaren helburu teknologikoa mugikorra, autonomoa eta erabilera anitzekoa den zerbitzu robot bat garatzea izan da; eta, proiektuaren izen bera duen robota, garatutako gaitasunen erakusle da, prototipo bat azken finean, Eureka Zientzia Museotik era autonomoan mugitzen dena eta jendeari gidari-lanetan laguntza eskaintzen diona.

Proiektu horretan hiru arlo nagusi landu dira: nabigazioa, interakzioa eta segurtasuna. Interakzioaren arloan, jendearen presentziaz ohartzeko gaitasunaz gain, hizketaren sintesi sistema bat ere badu kTBot-ek. Hizketaren sintesi sistemek, sarritan, TTS text-to-speech edo testu-ahots bihurtzaile izena hartzen dute testua hizketa bihurtzeko duten gaitasunarengatik. Aurretik finkatuta daukan testu bilduma batetik, egoeraren arabera aproposa den testua aukeratu eta berau sintetizatzen du kTBot-ek. TTS-a gaztelaniako eta euskarako testuak sintetizatzeko prestatua dago, kTBot elebiduna da, beraz.

Irakurtzen jarraitu...