Lantalan-en, aurretik ere, aipatu izan ditugu gorrak eta zeinuen hizkuntzak; Miren Lazkanok, gure lankideak, bere HIZNETeko sakontze-egitasmoaren laburpen artikulua idatzi zuenean, hain zuzen ere. Oraingoan, gorrek lanean nahiz lanetik kanpo zein egoera bizi duten jakin nahi izan dugu eta, horretarako, Iñaki Madinabeitia, AransGiren Bergarako egoitzako zuzendariarengana jo dugu, eta hark argitu dizkigu zalantzak.

aspasor_que-te-puede-ofrecer

Argazkia: www.aspasor.org

Zein da gorren egoera gaur egun? Zer eskaintzen die AransGik?

Gorren komunitatea minorizatua eta ahula da, euskaldunona baino gehiago; gorrak asko izan arren –1000 pertsonatik 1 jaiotzaz gor sakona da, eta 2-3 haurtzarotik– sakabanatuta bizi baitira.

Batzuetan galdetzen digute ea zein entzumen galeratik aurrera den pertsona bat gorra. Guretzat entzumen galeraren bat duen pertsona oro gorra da, edo izan beharko litzateke; “litzateke” esaten dut, askotan familiakoei eta ingurukoei kosta egiten baitzaie euren senide edo lagun hori gorra dela onartzea.

Guri, AransGi-ri dagokionez, Bergaran, Tolosan eta Donostian ditugu egoitzak, eta gorrei –haur nahiz nagusi– arreta integrala eskaintzen diegu; horretarako, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta Aldundiko eta udaletako hezkuntza eta ongizate zerbitzuekin koordinatzen gara.

Gortasuna sendatzeko edo arintzeko gaur egun merkatuan dauden bitartekoak eraginkorrak al dira?

Egia da gortasuna ez dela sendatzen, baina gero eta baliabide gehiago eta hobeak daude. Adibidez, audiofonoak ahozko mezuak filtratu eta anplifikatu egiten ditu, baina, bere mugak ditu, egoera batzuetan ez baititu jasotako mezu eta soinu guztiak ondo bereizten eta sailkatzen, eta egoera jakin batzuetan (taberna batean, esaterako) gorrak zarata baino ez du entzuten. Gor sakonei, berriz, inplanteak jartzen zaizkie; belarriko koklean (karakolean) zelulak estimulatzeko elektrodoak sartzen zaizkie, eta horri esker informazio akustikoa iristen da garunera.

Lan-munduari dagokionez, gorrek zein zailtasunekin egiten dute topo?

Gorrek azpimarratu nahi izaten dute eurak ez direla arazoa, baliabideak eskaintzen zaizkienean arazoak, neurri batean behintzat, desagertu egiten baitira. Ñabardura hori egitea garrantzitsua da.

Lan-munduan –mundu arruntean bezalaxe– laguntza bisualaren premia du gorrak. Kontuan izan behar dugu gortasunik ez duen pertsona batek jasotzen duen informazio zehatz osotik %70 inguru entzumenetik jasotzen duela; gortasuna duen pertsona baten kasuan, berriz, ikusmenak hartzen du lehentasuna ezinbestez. Itsu bat eta gor bat alderatuz gero, esango nuke gorrak itsuak baino bizi kalitatea hobea duela, baina itsu batek gor batek baino informazio gehiago jasotzen duela aldi berean.

Aipatu dudan laguntza bisuala bi motatakoa izan daiteke: azpitituluekin edo zeinuen hizkuntzarekin. Zeinuen hizkuntza erosoagoa eta eraginkorragoa da, gerta baitaiteke gorrak azpitituluak ez ulertzea, azpitituluen hizkuntza edozein dela ere. Gorrei ahozko bi hizkuntza funtzional ikastea (demagun euskara eta gaztelania) ikaragarri kostatzen zaie; bakarra ikasteko ere esfortzu handia egin behar izaten dute. Are gehiago, ia seguru nago, ez bagenu gor bat hizkuntza funtzional bat ikastera bultzatuko, bera ez litzatekeela hizkuntza hori menperatzera iritsiko, hau da, ikasi bai, baina ez luke hizkuntza baliabide aberastasun handiegirik izango.

Ondorioz, gorrek ez dituzte euskara edo gaztelania moduko hizkuntza funtzionalak menperatzen. Arrazoia? Guk bizitza osoa daramagu hizkuntza horiek etengabe jasotzen eta erabiltzen, eta horrek baliabide aberastasun handia ematen digu; gorrak, berriz, entzuleentzat prestaturiko gizarte honetan, ikasketan atzeratuta joaten dira maiz, eta askoz baliabide gutxiago menperatzera iristen dira, bai ahozkoan, bai idatzizkoan; bai jasotzerakoan, bai adierazterakoan.

Beraz, gorrak informazio osoa jasotzen duela ziurtatzeko arreta berezia jarri behar da, bestela informazioa jasotzerakoan gaizki-ulertu asko gertatzen baitira, lantegietan ere bai; lagundu egin behar zaie, eta informazioa modu ulerterrazean eman. Idatzizkoarekin errazagoa da (adibidez, idatzia etxera eraman eta etxekoek azaldu ahal diote), baina ahozkoarekin eta bat-batekoa baldin bada, askoz zailagoa da konponbideren bat topatzea.

Enpresetan lan egiteko aukerak mugatu egiten al zaizkie?

Gorren %50 inguru lantegi estandarretan ari da lanean, eta beste %50 enpresa babestuetan (Gureak, Katea…).

Enpresa estandarrei dagokionez, oraindik ere bide luzea dago egiteko, nahiz eta tarteka ikusten diren kasu eredugarri batzuk; adibidez, Soralucen, Batzar Nagusian zeinuen hizkuntzaren aldibereko itzulpena egin izan dute Eskuaire zerbitzua baliatuz. Baina aitzindaria eta enpresa guztien artean eredugarriena aipatu beharko banu, Elay aipatuko nuke, 10-15 urteko elkarlana izan baitugu eurekin. 5 langile gorrek egiten dute bertan lan, gor horietako bakoitza gortasun maila desberdinarekin, eta enpresak laguntza asko eta askotarikoa eskaintzen die. Gainera, enpresa osoko langileei eskaintzen zaizkie zeinuen hizkuntza ikasteko ikastaroak. Guretzat ere oso lagungarria eta aberasgarria izan da eurekin izan dugun elkarlana, ekintza eta estrategia desberdinak probatzeko aukera eskaini baitugu Elayk.

Irakurtzen jarraitu...

Azkue_bannerra

Maiatzaren 7an egingo da “Teknologia irakaslearen eskura” jardunaldia Euskararen Etxean, Bilbon.

Urtero bezala, Azkue Fundazioak  Jakintza Librearen Jardunaldiak egitasmoarekin lotutako topaketa antolatuko du; urtez urte askotariko gaiak landu izan ditu, eta 5. edizio honetan hezkuntza arloan jarriko du arreta.

Didaktika arloan eta dinamizazioan teknologiaren aplikazioa izango dugu hizpide, eta eskolak eskaintzerakoan hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu. Guztira, bost ikastetxe, arlo eta etapa ezberdinei lotutako proiektuen arduradunek euren esperientzien oinarriak azalduko dizkigute; gure ingurukoak eta baita estatu mailakoak ere.

Santiago Moll (@smoll73) eta Iñaki Telleria (@itelleria) dira jardunaldiaren hizlari nagusiak; bakoitza bere alorrean eredu eta erreferente da. Santiago Mollek hasiera emango dio jardunaldiari. Bigarren hezkuntzako irakaslea da Ciutadellan, Menorcan, eta bere esperientzia eta saiakerak dokumentatu, informazioa eta ezagutza partekatu, eta arlo digitalean lanari etekin handiagoa ateratzeko, 2013an Justificaturespuesta bloga sortu zuen. Arrakasta handia izan du hezkuntza arloan, eta errekonozimendua emateaz gain, 2014an bloga Bitácora sarietan finalista izan zen, eta aurten Educa.net lehiaketan irabazle izan da.

Iñaki Telleria ikastetxeetako kudeaketa aplikazioen dinamizatzailea da Tknikan, Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroan, eta IKT koordinatzailea ere bai. Tknikan irakaskuntzako gaitasun digitalen inguruko lan handia egiten dute, eta euren ekarpenak kontatuko dizkigu.

Jardunaldiaren formatua praktikoa izango da: hitzaldi nagusiez gain, ikasketa mailaren araberako hiru lan-talde osatuko dira eta, horrela, gai zehatzen inguruan sakonago lantzeko aukera izango dugu. Jardunaldia partekatze, elkartruke eta hausnarketarako gunea bilakatzea da helburua: askotariko esperientzien bidez zalantzak argitzea, eztabaidatzea, ideiak hartzea, lankidetzarako bideak elkarrekin topatzea, profesionalek elkar ezagutzea, eta abar. Emuneko hainbat aholkularik ere lan-taldeetan parte hartuko du, dinamizazio lanetan lagunduz.

Teknologia, edukien barneratze eta ulertze prozesuan beste osagai bat da eta dinamika, metodoan erabiltzeak onurak eskaintzen ditu. Gainera, baliabideak, tresnak, erremintak… euskaraz ere erabil ditzakegu, eta horixe bera indartu nahi dugu egun horretan. Beraz, irakaskuntza arloan gaitasun digitalen eskuratzeaz, lanketaz, aplikazioaz eta zabalkundeaz jarduteko aukera paregabea izango dugu maiatzaren 7an.

Egitarau osoa hemen ikus dezakezu. Oraindik izena emateko garaiz zabiltza.

Irakurtzen jarraitu...