Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteko (EJIE) euskara planeko koordinatzaileari elkarrizketa:

Alberto Martinez de Gereñu

Zer da EJIE? Zein da zuen lan esparrua?

EJIE sozietate publiko bat da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) esparruko zerbitzuak eskaintzen ditu, eta haren xede nagusia Euskal Sektore Publiko moderno eta eraginkor bat lortzen laguntzea da, segurtasuna eta kalitatea bermatuz.

Esan duzu EJIE EJ-ko Sozietate Publiko bat dela. Berez, ez zarete administrazioa, baina publikoa bai. Nola eragin dizue bukatu berri den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren V. Plangintzaldiak?

Egia da, ez gara administrazioa, baina esparru publikoan gaude. Euskara Normalizatzeko Planaren dekretuak esaten du Sozietate publikoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoek euskararen erabilera bermatuko dutela herritarrekin zuzeneko harremanak dituzten zerbitzuetan, herritarrak aukera izan dezan nahi duen hizkuntza hautua egiteko.

EJIEk herritarrekin harreman zuzenak baditu, bi arlotan batik bat: Zuzenean zerbitzuan (eta bertan ELZ edo CAU barneko zerbitzuan) eta KZGunea proiektuan. Dena den, gure bezero nagusia Eusko Jaurlaritza da, eta herritarrekin eta langile publikoekin harremanak euskaraz izatea beti izan da helburu garrantzitsu bat EJIEn. Ahaztu gabe EJIEko langileen arteko harremanak euskalduntzeko egiten ari garen lana.

Bi helburu nagusi horiek lantzeko (zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza) abiatu zen 2014an euskararen erabilera normalizatzeko plana EJIEn.

Zein da erabilera planaren egitura? Euskara batzorderik edo antzekorik baduzue?

Bai, Planarekin hasi ginenean Euskara Batzorde bat sortu genuen, eta batzordearen bileretan ideiak, egitasmoak, ikastaroak etab. erabakitzen eta onartzen dira. Laguntza handia egoten da gure atzean, Emunek ematen diguna. Enpresak ere batzordeari askatasun handia ematen dio eta, berak ekintza guztiak onartu behar baditu ere, ez digu inoiz batzordetik ateratako ekintzarik atzera bota.

EJIEko euskara batzordeko kideak

Zeintzuk dira zuen asmoak epe laburrera?

2018an erronka handia dugu: Bikain ziurtagiria lortzea. Emunen laguntzaz, ziurtagiria lortzeko ditugun gabeziak eta hobetzeko puntuak gainditzen hasiko gara, urteko bigarren seihilabetekoan ziurtagirira aurkezteko asmoz.

Ziurtagiria lortuz gero, seguruenik oinarrizkoa izango da, baina hor ez gara geldituko; hurrengo urratsa izango da Bikaineko zer hobetuak lantzen hastea.

Jakina, planarekin jarraituko dugu eta ohiko ekitaldiak eta beste berri batzuk martxan jartzeko asmoa dugu. Aurten plangintzaldi berria hasiko denez, honen helburuak zehaztu eta landuko ditugu.

Eta epe luzera? Zeintzuk dira zuen helburuak?

Alde batetik, aurreko galderan esan dudana: Bikain ziurtagiriaren hurrengo urratsa edo urratsak lortzeko asmoa badugu. Baina eguneroko euskara erabilera handitzea da gure benetako erronka. Enpresaren aldetik, lankideek formazioa jasotzeko eta trebetasuna handitzeko ahalegin bikaina egin da. Dena dela, Informatikako arloan ingelesa eta gaztelania asko erabiltzen dira eta mundu horretan euskara sartzea ez da erraza. Horregatik diot erronka handia dela.

Baina pixkanaka-pixkanaka lankideen artean konpromiso bat hazten ari da: euskara gero eta gehiago erabiltzea. Konpromiso hau gabe, gure ahalegin guztiak alperrik izango lirateke. Horregatik etorkizun ona ikusten dugu. Ea egia den…

 

Gorka Blanco (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Euskara plana duten hainbat enpresatako informatikariok mintegia egin dugu. Honako galderari erantzuten saiatu gara: nola eragin dezakegu software erabiltzaileek euskarazko bertsioa aukera dezaten?

DanobatGroup, Ulma, Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Unibertsitatea, Goisolutions eta Emuneko informatikariak eta teknikariak elkartu gara. Gaiari buruzko hausnarketa partekatu dugu lehenik eta, ondoren, sormen-ariketatxo baten bidez, aurrera begirako lan-ildoetarako ideia ugari atera ditugu. Hona hemen batzuk:

– Softwarea garatzerakoan hizkuntza aukera bermatu behar da. Horrez gain, euskara lehenetsita zabaldu daiteke, eta gaztelaniaz nahi duenari aldatzeko eskaera eginarazi.

– Erabiltzaile berriei euskarazkoa bertsioa jarri diezaiekegu aldez aurretik eurei galdetu gabe eta kontrakorik adierazten ez duten bitartean.

– Windows-a euskaraz dutenei, Office-a zuzenean euskaraz jarri diezaiekegu.

– Euskarazko bertsioak erabiltzen dituztenei egiten duten ekarpena errekonozitu behar zaie.

– Softwareetako hizkuntza erabilera ere neurtu beharko litzateke, euskarazko bertsioetan alta emandakoen eta erabiltzaile aktiboen kopuruak ez baitira beti bat etortzen.

– Erabiltzaileak sistema eragilerako (edo nabigatzailerako) aukeratuta daukan hizkuntza har daiteke erreferentzia moduan eta hizkuntza horretan jar diezaiokegu garatutako softwarea ere.

Bukatzeko, informatika sailetan praktika on ugari dagoela eta horiek zabaltzearen garrantzia azpimarratu dugu. Mintegi honen bidez hasitako bideari segida emateko asmoa daukagu.

Irakurtzen jarraitu...