Pertsona batek euskararen erabilerarako jauzia eman dezan, zein portaera izan beharko lukete bere ingurune hurbileko pertsonek?

EMUNen MOTI+BATU Topaketako “Ingurune hurbilean eragiteko bideak” izeneko tailerrean galdera horri erantzuten saiatu ziren.

Horretarako, taldea lau multzotan banatu zen, lau inguru hurbiletan oinarrituta: familia, eskola, lagunartea eta lana. Eta ingurune hurbil bakoitzeko egoera bat jarri zitzaien mahai gainean, aipatutako galderari erantzuteko ideiak sor zitzaten.

Honako hau izan zen, adibidez, Familiaren ingurune hurbileko egoera:

Etxe batean gurasoak eta semea bizi dira. Hirurak dira euskaldunak. Gurasoek gaztelania erabiltzeko ohitura daukate. Semeari euskaraz hitz egiten diote. Semeak txikiagoa zenean euskara erabiltzen zuen, baina, azkenaldian bera ere gaztelania erabiltzen hasi da. Semearen hizkuntza portaera aldatzeko, zein portaera izan beharko lukete bere gurasoek?

Eta taldeko kideek sortutako ideiak hauek izan ziren:

  • Semeari euskararen balioen garrantzia azaldu
  • Etxean barnetegi bat antolatu
  • Etxeko giroa euskaldundu: telebista, musika, irratia…
  • Gurasoak eredu diren heinean, euren portaera aldatu beharko lukete eta euskaraz egin
  • Hiruren artean erabakia hartzea, inflexio puntua! (euskaraz aritzekoa)
  • Kanpoan laguntza bilatu (eskolan…)
  • Gaztelaniaren erabilera zigortu
  • Guraso batek semearen konplizitatea bilatu eta ohitura lantzeko estrategia landu.
  • Semea familia euskalduntzeko prozesuaren “protagonista” bilakatu
  • Eremu sozio-lingustiko-kultural euskaldunetara hurbildu
  • Semeari gaztelaniaz egin (kontrako efektua lortzeko)
  • Telebistak garrantzia handia du. Umeentzako eskaintza gehiago izan behar da eta gurasoek horren beharra aldarrikatu behar dute.
  • Gurasoak ere eremu euskaldunetan murgiltzea
  • Euskararen erabilera saritzea
  • Semeari azaldu euskara ez dela derrigorrezko kontu bat, plazera eta aukera baizik.
  • Familia eredu euskaldunetara hurbildu, “parketarrak”…
  • Euskaraz aritzeko guneak finkatu eta konpromisoa hartu horrela mantentzeko
  • Konturatzea seme-alabaren aldaketaren arrazoia bikotearengan dagoela.

Tailerraren bukaeran, denen artean ondorio hauek atera zituzten:

  1. Ingurune hurbilean eragiteko, beharrezkoa da gutxi batzuen indar motibatzailea.
  2. Ingurune hurbilean eragiteko, pertsonak egoeraz jabetu edo jabearazi behar dira.
  3. Ingurune hurbilean eragiteko, pertsonek elkarrekin adostu behar dute aurrerantzean aplikatu beharreko “araua”.
  4. Norberak euskaraz egitea da gakoa, eredu izanik.
  5. Ingurune hurbilean eragiteko, funtzio formaletan araua zorrotz aplikatu behar da. Funtzio informaletan, berriz, alderdi emozionala ere kontuan hartu behar da.
Irakurtzen jarraitu...