Eta halaxe egin genuen aurtengo Udaltop topaketan -ponentzien bideoak eskuragarri daude-; lehendabizi adituak entzun genituen eta, ondoren, talde-lanean, entzundakoaren barneratze eta kokatze lanari ekin genion.

120 bat lagun bildu ziren 10 taldetan; talde bakoitzean dekalogo bat osatu zen,  metodologia zehatz bat erabilita. Hamar dekalogo horien elkarketaren emaitza da “Hizkuntza-politika periferiatik erdigunera eta erdigunetik sail guztietara eramateko dekalogoa”:

Irakurtzen jarraitu...

Apirilaren 17an Emunek antolatu zituen #sarekohizkuntzak izeneko jardunaldiak. Bertan parte hartu zuten hizlari guztiekin bideo laburpena grabatu genuen. Jardunaldiko eta aurreko eztabaidako material guztiak ere badaude sarean.

#sarekohizkuntzak jardunaldien laburpena from lantalan on Vimeo.

Goienakoek ere egin dute bideo laburpena.

Irakurtzen jarraitu...

Gaur goizean Garaia poloan izan dira #sarekohizkuntzak jardunaldiak. Goienak dagoeneko jardunaldien gaineko kronika idatzi du.

Gaur goizeko jardunaldiaren jarraipena twitter bidez egin da: #sarekohizkuntzak.

Goizean hizlariek erabilitako materialak sarean eskegi ditugu dagoeneko:

Aurkezpen orokorra: Olatz Olaso

Nola definitu beharko lituzke enpresa batek sareko hizkuntzak? Edurne Gonzalez (Emun)

Enpresen sareko estrategiari buruz: Joseba Kamio

EITBren esperientzia: Eider Jauregi

Mondragon Unibertsitatearen esperientzia: Susana Azpilikueta

Kutxaren esperientzia: Imanol Miner

Irakurtzen jarraitu...

Euskara Entitate Publikoetan jardunaldiak ospatuko dira datorren otsailaren 2an Arabako Teknologi Parkean, Miñaon, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolaturik.

Jardunaldi honek ezarriko du HPSren eta erakunde hauen arteko elkarlanaren abiapuntua euskararen erabilera normalizatzeko planaren testuinguruan, besteak beste, herri erakundeetan euskararen erabileraren normalizazioan lortu den betetze mailaren ebaluazioari begira, eta hurrengo plangintzaldian ekin beharko diegun arloei begira.

Gaia kokatuko duten hitzaldi teorikoez gain, World Kafea deritzon talde dinamika bat egingo da goizean zehar. Partaideek, beraien esperientziak kontatu, zein zailtasuni aurre egin behar izaten dieten azaldu eta zein premia dituzten adierazi ahal izango dute. Saio honek guretzat berebiziko garrantzia dauka, hemen jasotakoak, gure lana zein norabidetan joan beharko den ikusten lagunduko baitigu.

Era berean, erakunde hauetan euskararen normalizaziorako bidean darabiltzaten praktika onak ezagutzera emango dira arratsaldeko saioan.

Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaritzak lehentasunezkotzat jotzen du sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko ente publikoei laguntza eskaintzea euskararen erabilera normalizatzeko esparruan eta beraien esku informazioa eta baliabideak jartzea. Orain arte HPSk enpresa pribatua eta Herri Administrazioaren inguruan hainbat lan egin du. 2010etik aurrera, sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko entitate publikoekin lanean hasteko baliabideak ipini ziren eta apurka-apurka egoera ezagutu, beharrizanak aztertu eta ekimenak martxan ipintzen joan gara, entitate hauen izaera berezira egokituko den laguntza eta aholkularitza emateko. Ekimen horien artean, jardunaldiak antolatzeko egitasmoa landu dugu, ente publikoen inguruan lan egiteko asmoa erakutsi eta lan horrek hartuko duen norabidea azaltze aldera.


Patxi Martinez de Marigorta

Erakunde hauek euskararen erabilera sustatzeko abian dituzten planak berriztatu eta beraien ekimenei babesa eskaintzea da gure helburuetako bat.

Bidaltzailea: Patxi Martinez de Marigorta,  HPSn Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria
Irakurtzen jarraitu...

UEUk 2011ko uztailean Iruñean egin zituen ikastaroetako bat izan zen Euskararekiko sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko teknikak ikastaroa. Ikastaroaren arduraduna Virginia Belategi izan zen, PNL eta Adimen emozional gaietan aditua.

Bereziki, DBHko eskoletako irakasleei zuzenduriko jardunaldiak izan ziren, haur eta gaztetxoetan eragiteko. Ikastaroko hausnarketa nagusia: gazteei euskaraz egiteko eskatzen diegu, baina zer egiten dugu guk?

PNL eta Adimen emozionaletik abiatuta ariketa eta teknikak ikusi genituen, beti ere, jarrera eta portaeren inguruko hausnarketa bultzatzeko xedearekin.

“PNL teknikak programazio neurolinguistikoa esan nahi du. Hau da, buruan kode edo programa batzuk ditugu eta horien arabera funtzionatzen dugu. Kode horiek maila neurologikoan daude, hizkuntzaren bidez kodifikatuta. Zer esan nahi du horrek? Berriro, hizkuntzaren arabera kodifikatuta egon daitezkeela. Adibidez, nik neure buruari errepikatzen badiot behin eta berriz ez dudala hizkuntzak ikasteko balio, argi dago ez dudala inoiz hizkuntzarik ikasiko”.

http://www.flickr.com/photos/pere/523019984/

Helduok zein eredu transmititzen dugu?

Askotan eskatzen zaie gazteei euskaraz egiteko baina guk zer egiten dugu?

Horregatik, lehenik eta behin norberaren praktika zein den aztertu behar dugu. Hau da, gure jokabidea eta horren arrazoia ikertzea. Bakoitzak euskararen inguruan izan duen ibilbidean sakondu behar dugu.

Haurren motibazioan eragiteko zer egin genezake?

Aztertu beharreko beste kontu bat da gazteek zergatik ez duten euskaraz egiten.

Esaterako, zein motibazio falta duten. Gaztelaniaz hitz egiten badute, ea zergatik egiten duten, ezagutu zein jarrera edo jokabide dagoen horren atzean eta ikusi aldagarriak diren ala ez.

“Jarrera aldaketa bultzatzen saiatu behar dugu motibazio tresnak erabiliz; hizkuntzari atxikimendua, ezagutza… hizkuntzarekiko maitasuna sustatzea, azken finean”.

Motibaziorako:

  1. Jokabidearen azpitik jarrera dago. Jarrera aldatzen ez badugu, ezin dugu jokabidean eragin.
  2. Jarrerak alda ditzakegu, baina nahi dugun emaitza lortzeko, enpatia eta errespetua ezinbestekoak dira.
  3. Komunikazio pertsonalak pisu handia du motibazioa eragiteko orduan.
  4. Hizkuntza bat erabiltzeko kontzientzia eta gaitasuna behar dira eta gure lana biak indartzera joan behar du.

Zenbait teknika baliagarri sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko:

  • Arbolaren teknika: arazoaren arrazoiak izendatu eta horien artean zentrala dena aukeratu. Ondoren, arazo horren ondorioak eta arrazoiak kokatu egiten dira goian edo behean. Grafikoki arazoaren zuhaitza irudikatu arte.
  • Eguneroko erabilera ohiturak: euskara zertan eta non erabiltzen dugun kolore bidez irudikatu. Oso ondo dago grafikoa delako eta hiztuna bere kontraesanen aurrean jartzen duelako.
  • Entzuketa aktiboa: asko hitz egiten dugu baina gutxi entzun. Jendea entzun behar dugu, bere egoera eta arrazoiak ezagutu. Eta ondoren, egoera aldatzeko baliagarriak izan daitezkeen irtenbideak proposatu. Gehiegitan kontrakoa egiten dugu, zuzenean goaz ekintza plan edo soluzio magikoekin jendea behar bezala ezagutu gabe.
  • TELP Tailerra: Euskaraz eroso noiznahi eta nonahi sentitzeko tailerra da. Kontzientziari esker leialtasuna eskaintzen diogu gure hizkuntzari. Rol jokoak antzeztu genituen egoera ezberdinen aurrean jokabide bat antzeztuz.

DIMISIOA-KONTZIENTZIA-LEIALTASUNA (egin nahi)-BALIABIDEAK-ASERTIBITATEA (egiten jakin)

Motibazio ekintzen adibideak (Euskara planetan erabiltzen ditugunak azaldu zituen)

  • Euskara erabiltzeko kanpaina orokorrak
  • Euskara ikasteko baliabide egokiak
  • Gazte euskaltzaleen identifikazioa
  • Lehiaketak
  • Hausnarketarako ekimenak
  • Jaiak
  • Euskararen prestigioa lantzeko ekimenak
  • Beste zentro batzuetara bisitak
  • Aldizkariak
  • Kudeaketan parte-hartzea sustatu (lanak ardurak banatu)
Bidaltzailea: Mikeldi Zeberio, Aintzane Agiriano eta Larraitz Kortabarria Emuneko hizkuntza-teknikariak
Irakurtzen jarraitu...