Disonantzia egoerak izan genituen aztergai Moti+batuko gure lan taldean. Gure lehen eginbeharra gaia bera kokatzea izan zen. Zeintzuk dira disonantzia egoerak? Joxpi Irastortzak bideoan azaltzen duen moduan, pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren artean desoreka sortzen denean gertatzen da disonantzia egoera. Guk iritzi bat izan arren, gure portaera edo praktika iritzi horrekin bat ez datorrenean. Hizkuntzari dagokionean, euskara erabiltzearen aldeko iritzia izan arren, egiten ez dugunean sortzen da adibidez, disonantzia egoera.

Desoreka egoera horren aurrean, pertsonen joera orokorra oreka bilatzea dela ere azaldu zigun Joxpik. Horretarako, desorekan dauden bi elementuetako bat egokitzen dugu. Gure iritzia ala gure portaera egokitu dezakegu biak koherentzian egon daitezen.

Lortu nahi dugun portaera edo praktika euskara erabiltzea dela kontuan hartuta, horretarako jorratu beharreko bideak aztertu genituen lan taldeko kideon artean. Euskararen arloan eta bestelako arloetan ezagututako esperientzietan oinarritu ginen arrakastarako gakoak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko. Besteak beste, ondorengo elementuak lantzearen garrantzia azpimarratu genuen:

  • Norbanakoen kontzientzia, ahalduntzea, autoestimua, aurreiritziak… astindu behar ditugu, euskara erabili nahi izatea indartzeko.
  • Lanketa kolektiboa egiteak garrantzia handia dauka, norbanakoen praktikan inguruak eragin zuzena eta nabarmena daukalako. Egoerak esplizitu egitea, aldaketa positiboak azpimarratu eta partekatzea, babesa antolatzea…
  • Portaerak berak moldatu edo indartu dezake iritzia (nahi izatea) eta beraz, nahia indartu beharrean, zuzenean praktika ere bultzatu behar dugu kontzientziatze lanik egin gabe. Praktika horiek bultzatzeko, derrigortasuna aplikatzea izan daiteke bideetako bat, edo derrigortasunera iritsi gabe, praktika babesten duten arauak erabiltzea (lehentasuna euskarak izatea, euskara ez diren aukerak eskatu beharra egotea). Portaeretara iristeko (euskararen erabilerara), arreta euskaratik kanpo kokatzea lagungarria izan daiteke zenbait kasutan.

Taldekide bakoitzak bere ezagutzatik egindako ekarpenei esker, kontuan hartu beharreko aldagai asko jarri genituen mahai gainean. Orain, horiek antolatu, aztertu eta sakontzea dagokigu, jasotzetik aplikatzera edo esatetik eragitera pasa gaitezen.

Irakurtzen jarraitu...

Bai, lagunak, Motibazioa prozesu konplexua da, bere baitan beste hainbat prozesu dituena. Horregatik da hain zaila kontzeptu bakarrarekin definitzea. Definitu beharko banu horrelaxe egingo nuke: motibazioa helburu bat izatea da, helburu hori lortzeko erabakia hartzea eta helburua lortzeko esfortzua mantentzea.

Beraz, hiru elementuz osatutako prozesu bat da. Esate baterako, pertsona bat motibaturik dago euskara ikasteko eta ikasi egin behar duela esaten dio bere buruari (helburu bat izan), bere herriko euskaltegian ematen du izena (helburua lortzeko erabakia hartzea) eta ikasteko esfortzuan iraun egiten du (ekinean mantentzen da).

Bestalde, motibazioa gizakiak duen auto-erregulatzeko dinamikan kokatu behar da. Auto-erregulazioa prozesu dinamikoetan dagoen oinarrizko prozesua da, motibazioa bezala, identitatea, portaera aldaketa edo ikaskuntzaren garapenaren prozesu dinamikoen oinarrian dagoena, hain zuzen ere. Motibazioaz ari garenean prozesua horrela kiribil dezakegu:

Irakurtzen jarraitu...

Motibazioa da pertsonen arteko harremanak oinarri dituzten lanbideetan, seguru aski, gehien erabiltzen den “botika”, baina, askotan, botika bera “gaitz” ororentzako erabiltzen dugun erremedioa ere bada. Batzuetan, sendagai egokia bilakatzen den arren, beste batzuetan ez da eraginkorregia gertatzen. Esate baterako, enpresetako euskara planetan euskara dinamizatzailearentzat ezinbestekoa da langileak etengabe motibatzea euskara gehiago erabil dezaten. Baina nola lortu “besteak” motibatzea? Nola lortu besteengan eraginez euskara gehiago erabiltzeko norabidean jartzea? Lehenik ulertu behar dira motibazioa bezalako botikak zein ezaugarri dituen, zer eragiten duen prozesu horrek guztiak. Azken batean, sendagai izango den botika bat erabiltzeko, botika horren ezaugarriak, aldeko edo kontrako faktoreak, balizko eragin kaltegarriak zeintzuk diren, hartu beharreko dosi kopurua … ezagutu behar ditugu. Hau da, motibazioa eta motibazioaren prozesua zertan den jakin beharko dugu.

Irakurtzen jarraitu...