Tosepan eta Garabide aspalditxotik dabiltza elkarlanean eta Emunengana jo zuten Tosepaneko kooperatibetan nahuatl hizkuntza biziberritzeko planak egin nahi zituztelako. Hori dela eta, Emuneko Txerra Rodriguez aholkularia eta Garabideko Juan Luis Arexolaleiba hiru aste egon dira Mexikon, Cuetzalanen.

Hiru aste horietan lau hizkuntza plan diseinatu ditugu. Horietatik hiru plan intentsiboagoak dira eta laugarrena kooperatiba talde osoan eragina izan duen plan orokorra izan da. Azken honek kooperatiba guztietan aplikatzeko moduko oinarrizko printzipio batzuk ezartzen ditu.

Lau plan hauek 2018 eta 2019rako diseinatu dira. Izan ere, plan hauek esperimentuak dira, proba pilotuak. Lehendabiziko aldiz probatuko da Euskal Herrian landutako metodologia gurea ez den beste herriren batean. Metodologia apur bat moldatu dugu, baina nahi dugu testatu, probatu eta ikusi zer emaitza eta zer hutsune izan duen.

Hortaz, plan pilotu horiek testatu ostean, helburua da metodologia prototipatu bat egin eta hurrengo urteetan progresiboki taldeko beste kooperatiba guztietan aplikatzea eta martxan jartzea tankera honetako planak.

Beste bi lan ere egin ditugu Ameriketan. Batetik, plan hauek gidatuko dituen pertsona zelanbait gaitu dugu. Berari formazio pilulak eman dizkiogu eta bi urte hauetan jarraipena eta laguntza eman diogu Euskal Herritik. Bestetik, talde motorra eratu dugu. Talde honek Tosepan barruan hizkuntzaren biziberritzeko proiektu guztiak (planez gain, irratia, murgiltze ereduko eskola eta corpusa batzea) koordinatuko ditu eta, etorkizunean, proiektu berriak jarriko ditu martxan.

Hainbat gauza ikasi dugu han. Interesgarria da beti gure esperientzia destilatzea, interesgarria da beti hemen erabat barneratuta ditugun egiteko moduak beste nonbaiten probatzea, interesgarria da beti egiten duguntxoa beste lurralde bateko errealitatera moldatzea. Horrek gauzek beti dakarte zer ikasia eta, kasu honetan ere, horrela izan da.

Tira, hau laburpen bat baino ez da. Txerrak zein Juan Luisek egindako kroniketan beste hainbat gai jorratzen dira. Eta gonbidatu nahi zaituztegu horiek guztiak irakurtzera.

Txerra Rodriguez (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Joan den irailean, Jon Sarasuak Emuneko hainbat teknikarirekin jardun zuen Hiztunpolisa liburuari buruz solasean. Hitzaldian izan ziren lau laguni eskatu diogu hitzaldiaren osteko inpresioak guri helarazteko.

Batek baino gehiagok nabarmendu du Jon Sarasuak egindako lana. “Handia da Sarasuak hausnarketarako zein etorkizunaren ikuspegia lantzeko, eta hori guztia ahoz zein idatziz azaltzeko duen gaitasuna”, Juan Luis Arexolaleibak adierazi duen moduan.

Baina, batez ere, eztabaida eragin du liburuak.

14652625842_1690a88efc_o

Aiora Filarmendik, adibidez, honako hau dio: “Amets egitetik ote gatoz? Litekeena da. Baina ametsak jarri ditu bideak, eta ametsak jarri ditu ilusioak. Seguruenik, gauzak ez dira urte hauetan lanean ibili direnek bere momentuan pentsatu zituzten bezalakoak. Baina utopia beharrezkoa ei da oinez jarraitzeko, eta gutxienez horretarako balio izan dute orduko ametsek, bidea egiteko.

Norabidea egokia izan da? Garraioa garestiegia? Jarraibideak kontraesankorrak? Baina iritsi gara. Nora? Egun bizi dugun errealitatera. Gaixorik gaudela esatera. Gaixorik gaude. Bai. Kontziente gara horretaz. Eta sendatu nahi dugu. Euskalgintzak sendatzeko desioa dauka. Baina zein da terapia? Hori da zehaztea falta zaiguna. Eta ezin dute medikuek erabaki. Euskalgintzak, berak, erabaki behar du zein den terapia. Eta protagonista izan behar da. Erabakiak eta sendatzeko egin beharreko urrats bakoitza erabakitzeko momentuan protagonista; igurtzi beharreko ukendua aukeratzean, hartu beharreko salda prestatzean eta, beharrezkoa izanez gero, egin beharreko ebakuntza zein izan behar den erabakitzeko momentuan”.

Miren Lazkanok dio, bestetik, euskalgintzak aurrera begira bere ahots propioa izan behar duela eta lotura ideologiko-politikoetatik aske. Zentzu berean, Abel Irizarrek antzeko zerbait esaten du:  “Azken 20-30 urteetan leku eta une gutxitan lortu da kolore eta ideologia anitzeko euskaltzaleak euskararen inguruan elkarrekin biltzea, kohesionatzea eta elkarrekin lan egitea. Baina, hori lortu den kasuetan, lortu da mugimendu horrek sinesgarritasuna izatea gizartearen aurrean, eta bertatik bultzatu diren proiektuek arrakastaz jardun dute”.

Juan Luis Arexolaleibak, ordea, ohartarazten gaitu: “Jonen ekarpena ezin da literarioa izan. Herrigintzan, oro har, eta euskalgintzan ari garenok liburuari xukua atera behar diogu, gure jardunean txertatzeko ideia eta proposamen ugari egiten baititu”. Zentzu berean, Abel Irizarrek dio “ametsa birpentsatzeko garai ona izan daitekeela. Orain dela 40 bat urte euskalgintzak kolektiboki amestu zuen hura egokitzeko eta amets berria adosteko garai ona izan daiteke, garai soziopolitiko berriari erreparatuta. Eta, ondoren, estrategiak ondo zehaztekoa”.

Irakurtzen jarraitu...