Nor ote da ekintzaile euskararen normalizazioan? Zer da ekintzaile izatea euskararen normalizazioari dagokionez?

5284327226_8929917473_o

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/24991898@N02/5284327226

Galdera horiek izan ditugu buruan Lea-Artibaiko Euskara Batzordean azken hilabeteotan (Eika, Fagor Arrasate, Azaro, Cikautxo, Danobat eta Kide enpresetako kideak). Eta noizbait edo askotan portaera ekintzailea izan duten pertsonez inguratuta gaudela ohartu gara: enpresa batean euskara plana martxan jartzea erabaki duten pertsonak, makinari buruzko oharrak euskaraz idazten hasi den langilea edota sekula euskaraz egin ez den bilera batean euskaraz egiten hasi dena…

Guk geuk ere identifikatu ahal izan ditugu gure portaera ekintzaile batzuk, eta portaera horiek indartzeko jarraibide batzuk zehaztu eta proposatu dizkiogu gure buruari. Zuekin ere partekatu nahi izan ditugu; hemen dituzue:

  1. Euskararen erabileran eredugarri izan eta ahal den guztietan euskaraz egin.
  2. Enpresetako Euskara Batzordeko kideek euskararen kudeaketan parte hartu eta ekarpenak egin.
  3. Berritzailea izan.
  4. Egindako esfortzua eskertu eta lorpenak zabaldu.
  5. Arduraz jokatu eta hartutako ardurak bete.

Gai izango ote gara jarraibide horiek betetzeko? Jakina! Interesgarria da, bestalde, gure buruari galdetzea ea zein arlotan gauden indartsu eta zein arlotan hobetu behar dugun.

Eta portaera ekintzailea izan dugula identifikatzen dugunean, zer egin? Guk esperientzia hori deskribatzea proposatzen dugu eta arrakastaren faktoreak identifikatzea. Era horretan gutako bakoitzak deskubritu ahal izango du zeren bidez lortu dituen arrakastak, gure indarguneak hobeto ezagutuko ditugu eta errazago egingo zaigu portaera horiek errepikatzea.

Bidaltzailea:  Amaia Lariz (Emuneko aholkularia eta Lea Artibaiko Euskara Batzordearen koordinatzailea)

Irakurtzen jarraitu...

Kide Berriatuan dagoen enpresa da, hotz-ganberak egiten dituzte bertan, eta 2008. urtetik dute euskara plana. Kasu aurreratua da, gainera, denbora laburrean ibilbide luzea egin baitute; besteak beste, hizkuntza-politika esplizitatzeaz gain, hizkuntza-politika hori erakundeko egituran txertatzea lortu dute.

P1080925-1

Zeintzuk izan ziren Kiden euskara plana martxan jartzeko hasierako urratsak?

Kiden euskara plana lantzen hasi ginen bazegoelako euskararen aldeko sentsibilizazioa. Euskara gure hizkuntza izanik, eta euskararen normalizaziora begira, derrigorrezkoa ikusten zen guk lana ere euskaraz egitea. Horrela, momentu hartan, taldetxo bat, Euskara Batzordea, pausoak ematen hasi zen, gogotsu baina  instituzionalizazio maila handirik gabe.

Beste urrats bat emateko helburuarekin, eta Mondragonek kooperatiba guztietarako onartu zituen oinarriak (ENO) aprobetxatuta, 2010ean politika horiek KIDEra egokitu genituen, eta Kontseilu Errektoreak onartu eta ezarri egin zituen. Bertan zehaztu zen helburua nagusia, lana euskaraz egitera iristea, hain zuzen ere. Horrela, hainbat politika, aurretik modu naturalean eta pertsona bakoitzaren jarreraren arabera egiten zirenak, esplizitatu egin ziren.

Helburu nagusia lortzera bidean emandako pausoen erakusgarri da enpresako kultura galdetegian euskara planari buruzko galderetan lortutako emaitzak. Gainera, Kide kokatuta dagoen inguruneko egoera soziolinguistikoak ere horretarako aukera aparta eskaintzen digu.

Irakurtzen jarraitu...