Joxean Alustiza zumarragarra da, 50 urte ditu eta 1991tik Fagorreko kooperatibetan aritu da lanean. Hainbat kooperatibatako lehendakari izan da (Fagor Arrasate, Koniker…) eta 2010etik Fagor Taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakaria da.

foto 4 (1)

Lehenik eta behin, deskribatu Fagor Taldea labur-labur:

7 kooperatibek osatzen dute Taldea, eta 5.300 langilek –horietatik 3.800 bazkideak–.  Euskal Herrian 19 planta ditugu eta guztietan dugu euskara plana. Lehen euskara plana 1997an abiarazi genuen, eta ordutik hona poliki-poliki kooperatiba guztietara hedatu ditugu.

Zehaztu dezakezu zein eskualdetan dituzuen plantak?

Debagoienan, Donostialdean, Lea-Artibain, Txorierrin, Sakanan eta Tafallaldean.

Eta zergatik euskara planak Fagorren?

Batetik, ingurunearekiko konpromisoarengatik. Urte dezente dira gure ingurua euskalduntze prozesua garatzen ari dela, eta guk ingurune horrekiko konpromisoa dugu eta gure ekarpena egin nahi dugu.

Bestetik, bazkideen borondate eta nahi argi bati erantzuteko jarri genituen euskara planak abian.

Zeintzuk izan dira azken urteotako lorpenak?

3 lorpen aipatu nahiko nituzke: erabilera, normalizazioa eta Euskara Batzordeen dinamika.

Azaldu, mesedez, 3 lorpen horiek zabalago.

Lehenik, erabileran izan dugun hazkundea. Laneko arlo ezberdinetan landu dugu euskararen erabilera, eta hazkundea nabaria da. Adibide gisa, Batzar Nagusiak aipatu nahiko nituzke. Batzar Nagusiak, kooperatibako organo gorenak diren batzarrak, euskara hutsez egiten ditugu gaur egun Fagor Taldeko kooperatiba guztietan, eta Taldeko lehendakarien Batzarrak, Kontseilu Orokorra edota Taldeko Kontseilu Sozialak ere euskara hutsez egiten ditugu.

Ahozko erabilera informalean izan dugun hazkundea ere aipagarria da. 1999an %20ko erabilera zen, batez beste, Fagor Taldean; eta, gaur egun, %44 erabiltzen dugu euskara eguneroko harreman informaletan. 20 puntuko hazkundea gainditu dugu. Arrasateko kale erabilerako azken datua %34koa da, eta aipagarria da kalean baino euskara gehiago erabiltzera heldu garela lanean.

Bigarrenik, normalizazioaz hitz egiten dudanean esan nahi dut, gaur egun, lanean, edozein lan egin dezakegula euskaraz. Horretaz konturatzea prozesu luzea izan da, baina, orain, normaltasun osoz egiten ditugu lanak euskaraz, eta ez da inor horretaz harritzen. Duela 20 urte espero ez genuena lortu dugu zentzu horretan. Atzera egitea zail ikusten dut.

Eta, hirugarrenik, Euskara Batzordeen dinamika goraipatu nahi dut. Fagorreko boluntario asko eta asko aritu izan da eta ari da euren kooperatibako euskara garatzeko inurri lana egiten, eta hori lorpen handia da.

Eta zeintzuk dira hurrengo urteetarako erronkak?

Erabileran aurrera egin dugu, baina ezin gara lokartu, eta aurrera egiten jarraitu behar dugu. Gizarteko beste hainbat arlotan bezala, lan mardula dugu egiteko arlo honetan.

Eta, bestetik, departamentu eta sekzioetako jardun normalizatua ziurtatzearen alde, kide guztien euskararen ulermena ziurtatu beharko genuke.

Horiek aipatu nahiko nituzke gure bi erronka nagusi gisa.

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistika Klusterrak, beste urte batez, eta Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez, euskararen normalizazioan bide-erakusle diren erakundeen ereduen berri eman du. Liburua pdf formatuan hemen eskura daiteke.

Eredugarri den erakunde horietako bat Koniker da, xaflak konformatzeko makina-erreminta sektorerako lanak egiten dituen Aretxabaletako kooperatiba. Bere bezeroak inguruko zenbait kooperatiba dira (Fagor Arrasate, Mondragon Assembly…) eta kooperatiba horien beharrei erantzuteko IGB proiektuak garatzen dituzte bertan.

Zehazki, honako hauek dira lantzen dituzten proiektu nagusiak: 1) I+G proiektuen garapena (konformazioa eta mihiztadura prozesuekin lotutako teknologia berriak); 2) instalazio eta prozesu berriak garatzea; 3) diru-laguntzak kudeatzea (SPRI, Europakoak); 4) makinen segurtasun proiektuak; 5) zaintza teknologikoa; 6) simulazio estrukturalak.

Mahai ingurua – Normalizazio kasu aurreratuak from Soziolinguistika Klusterra on Vimeo.

Konikerren 2006an abiatu zen euskara plana; urte hauetan guztietan erdietsitako lorpen ikusgarriak bertako langileek euskararen aldeko aukerak aprobetxatzeagatik eta erronkan tinko mantentzeagatik lortu ahal izan dira.

Euskarak Konikerren izan duen bilakaeran honako hauek izan dira mugarri aipagarrienak:

a) Kudeatzaile nagusia aldatzea egokitu zenean, kudeatzaile berria euskalduna eta euskararentzat eredugarri izatea eskatu zuten langileek.

Aurreko kudeatzailea erdal hiztuna zen, eta euskara planaren baitan egiten ziren ekintzak nahiko oinarrizkoak ziren. Kudeatzailea aldatu zenean, langileek organoei ohartarazi zieten zein garrantzitsua zen kudeatzaileak euskaraz jakitea; horren harira, kudeatzaile berria hautatua izan zenean, berari ere eman zioten euskarak zuen garrantziaren berri. Lanketa horrek eman zituen bere fruituak, kudeatzaile berriak euskara plana bere gain hartu eta bilerak euskaraz egiten hasi baitzen.

b) Bezeroekin egiten ditugun proiektuetan aukerak ikusten ditugunean, aukera horiek aprobetxatu eta salto egiten dugu.

Euskararen trataera egoki bat lortzera begira, trakzio lana Konikerrek egiten du. Horrela, aukera ematen duten bezeroekin IGB proiektuak euskaraz egiten dira, eta bere bazkideekin ere gaia sustatzen da (Mondragon Unibertsitatearekin, Idekorekin…).  Adibidez, SPRIra zenbait proiektu euskara hutsez bidali izan dira urtero.

c) Kongresuetan aurkezpenak euskaraz eginda, gure irudi euskalduna sustatzen dugu.

Sektoreko jardunaldiak eta konferentziak erakustoki ederra dira euskara plana inplementatzearen garrantzia ikustarazteko. Konikerrek bere aurkezpenak euskaraz egiten ditu; horrela, gainerako enpresek ikusten dute guk gure jakintza euskaraz garatzen ari garela.

Bidaltzailea:  Unai Argarate (Koniker-eko Euskara Batzordeko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Orain dela urte batzuk, skype euskaratu zuen Aitzol Arruabarrenak Emuneko laguntzarekin. Baina euskaratze lan hori gaur egun ez dago eskuragai.

Skypeko azken bertsioetarako euskaratze lana egin du Emun, Fagor eta Koniker arteko talde batek.

Itzulpena webgune honetatik jaitsi dezakezue: https://sourceforge.net/projects/skypeeuskarazkoitzulpena/files/

Irakurtzen jarraitu...