TU Lankide paperezko azken aldizkarian jaso den artikuluan aipatzen den bezala, abian da euskararen plan estrategiko korporatiboa.

Argazkia: MONDRAGONen Mahai Teknikoa

Jarraibide esparruari dagokionez, Euskara Normalizatzeko Oinarriei (ENO) eutsiaz gain, erreferentziazko eredua landuko da. Horrela, batetik, kooperatibek bi urtez behin jarraituko dute betetzen ENOrekiko autoebaluazio ariketa; eta bestetik,  berariazko azterlanak garatuz eta iradokizun postontzia kudeatuz, kooperatiben hobetzekoak identifikatu eta garatzeko bideak landuko dira. Horretaz gain, normalizaziorako erreferentziazko eredua ere landuko da:  lehenik,  hizkuntza-normalkuntza definituko du Mahaiak,  eta, ondoren, normalizazio estadioari dagozkion atalak landu eta garatuko ditu, hala nola nazioartekotzea eta euskara, hizkuntza eskakizunak, kontratazioak, ikasleekiko jokaerak eta kudeaketa.

Bestalde, alde batetik, enpresa kulturari buruzko diagnostikoetan euskararen kudeaketak tartea izan dezan sustatuko da eta, bestetik,  euskara planik ez dutenengana ere joko da, MONDRAGONen jarraibideen eta euskara planen dinamiken berri emateko eta jauzi egiten laguntzeko.

Gainera, ziklo estrategiko honen beste helburu nagusietako bat da MONDRAGONen izaera euskalduna zabaltzea: Korporazioan antolatutako ekitaldietan euskararen erabilera indartzea. kanpo agerraldietan euskararen aukera aztertzea eta erabilera lehenestea. Zentzu horretan soziolinguistika klusterraren “Jendaurrean erabili” egitasmoan parte hartzea aurreikusi du MONDRAGONek.

Ezagutza partekatzeko ildoari dagokionez, batetik, Korporazioko euskara planen ezaugarriak jasotze dituen bilduma eguneratuko da eta, bestetik, mintegiak eta topaketak antolatuko dira lehenesten diren gaiak lantzeko.

Artikulu osoa irakurgai dago kolaborazioetan: http://www.tulankide.com/eu/kolaborazioak 

Irakurtzen jarraitu...

Azaroaren 24an, MONDRAGONen Euskararen Mahai Teknikoak kooperatibetako euskara koordinatzaileentzako antolatutako urteko bigarren topaketa izan zen Otaloran. Izan ere, Korporazioko Euskara Batzordearen gidaritzapean diharduen Mahaiaren helburuetariko bat kooperatibetako euskara eragileak heztea da.

Bi zati izan zituen saioak: lehenengoan, ERREKAko Berrikuntza, Segurtasun, Ingurumen eta Gestio Sistemen arduradun den Joxean Markezek ERREKAn euskara irizpideak prozesuetan nola txertatu dituzten azaldu zuen.

P1040595

1998. urtean Euskara Plana martxan jarri zutenetik helburu asko eta askotarikoak landu dituztela aipatu zuen Joxeanek; baina, helburu horiek kooperatibaren helburu orokorretatik bereizita joaten zirela ere gaineratu zuen, Euskara Planak bere aginte panel propioa izaten zuela, alegia.

Bere ustez, mugarria hizkuntza politika definitzea izan zen, orduan erabaki baitzen hizkuntza-politikan jasotako irizpideak eta helburuak prozesuetan txertatu behar zirela; ordutik, euskara formazioa, formazio orokorra, hizkuntza-eskakizunak, aplikazio informatikoak, errotulazioa, dokumentazioa, harrera plana, Batzar Nagusia eta hitzaldi informatiboen gaineko irizpideak eta helburuak prozesuetan txertatu dira (formalak ez ezik, baita informalak ere).

Kooperatibako 22 prozesuei urtean hirutan (apirilean, uztailean eta abenduan) egiten zaie jarraipena; arduradunak eta bere lan-taldeak elkarrekin egiten dute, eta betetze-mailaren berri Zuzendaritzan ematen da. Horrela, euskara irizpideak eta helburuak prozesu orokor horietan txertatuta daudenez, besteekin batera egiten zaie jarraipena.

Euskara Plana kooperatibak bere egin du, erakundetu egin dela esango genuke; ERREKAren erronka euskaraz lan egitera eta autonomiara iristea da, eta bide horretan urrats garrantzitsua eman dute, ezbairik gabe.

Irakurtzen jarraitu...

Mondragon Korporazioko euskara planaren Mahai Teknikoak urtero antolatu ohi dituen hitzaldien baitan, Amaia Arburuak “euskara errekonozitu, euskaraz errekonozitu” hitzaldia eman zuen Otaloran urriaren 28an. Fagor Ederlan kooperatibak Bergaran duen Muntaketa Plantako euskara planaren koordinatzailea da Amaia Arburua.

DSC00350

Hitzaldian zehar, euskararen ezagutzan nahiz erabileran emandako urratsengatik edota erakutsitako portaeragatik nabarmendu diren pertsonak eta lantaldeak enpresan nola errekonozitu diren azaldu zuen Amaiak.

Errekonozimendu batzuk era publikoan (ohar-taula bidez…) egin izan dituzte, eta beste zenbait modu pertsonalean. Bide bata nahiz bestea erabilita, norbait errekonozitu izan dutenean kolektiboan zenbait ideia indartzen direla nabarmendu nahi izan zuen, honako hauek adibidez:

 – Erakusten da egindakoa edo lortutakoa enpresaren politika eta estrategiekin bat datorrela.

–  Pertsonen konpromisoa handiagoa izaten laguntzen du, eta pertsonen autoestimua indartzen du.

–  Eredu positiboak indartzen eta bultzatzen dira.

Pertsonak aintzat hartzen dituzten ekimen horiek Euskara Batzordearen ekimenez gauzatu badira ere, aipatu zuen Zuzendaritza jakitun dela eta haren babesarekin egin izan direla, eta hala behar duela gainera.

Amaiak aipatu zuen errekonozimendua lantzearen beste onuretako bat errekonozimendua egiten duenarentzat dela; kasu honetan, Euskara Batzordearentzat. Errekonozitu beharrak egoeraren analisia egitea eskatzen du, eta analisi horrek Euskara Batzordeak egindako lanak emaitza batzuk sortu dituela erakusten du, eta hori positiboa da.

Bidaltzailea:  Osane Ibabe, Fagor Ederlaneko Bulego Orokorretako kidea.
Irakurtzen jarraitu...