Erroakeko Martuteneko bulegoan 2014an egindako hausnarketaren emaitza izan zen ondorengo erronka: “Geure arteko harremanak euskaraz izatea nahi dugu“.

Horri erantzuteko Aldahitz metodologia egokitu genuen Martuteneko egoerara; 2014ko azken bi hilabeteetan aplikatu genuen, emaitza onarekin, eta egitasmoak jarraipena izan du 2015eko uztailera arte. Hilabete hauetan nabarmena izan da euskararen erabileraren gorakada.

diploma_ane_lantalan-page-001-page-001 (1)

2014ko azaroan Aldahitz metodologia aplikatzeko erabakia hartu genuen Martuteneko bulegoan. 8 langile daude bulegoan, eta denek dute euskararen ulermen maila, gutxienez.

Bulegoko kide guztiak bilera batera deitu eta egitasmoa aurkeztu genien: dinamikak urtea amaitu arte iraungo zuen eta 2 “gidari” aukeratu ziren euskarari eusteko barne harreman guztietan. Jarraipenerako 3 koloregrama egin ziren. Lehenengoa, abiapuntua izango zena, aurkezpenaren egunean bertan bete zuten; bigarrena, hilabetea pasata; eta, hirugarrena, interbentzioa amaitu eta 30 egunera. Era berean, astero, email bidez, interbentzioari buruzko iritzia, gidarien balorazioa eta aurrera jarraitzeko borondaterik ba ote zuten galdetzen zitzaien.

2015eko otsailean, dinamikaren balorazio bilera egin genuen. Langileak oso harro zeuden emaitzekin eta, euren iniziatibaz, egitasmoarekin jarraitzeko eskatu zuten. Kasu honetan, gidarien rola txandakatzeko eskatu zuten; ondorioz, bi gidarik bi astez bere gain hartuko zuten rola, txandaka, bulegoko langile guztiak gidari izan arte. Beraz, bigarren fase honek 8 asteko iraupena izan zuen. Jarraipenerako, kasu honetan ere, koloregrama bat egin zen amaieran, maiatzean, eta emaitzak esperotakoak baino hobeagoak izan ziren.

Emaitza onak eta taldekideen jarrera ezin hobea ikusita, euskara batzordeak proposatu zuen egitasmoa beste 8 astez luzatzea: kasu honetan gidari bakarra egongo zen, astebetez, txandaka zortzi langileek gidari rola izan arte. Gidari bakoitzaren balorazioa gometxa bidez egin dute gainontzeko lankideek, ostiralero, eta uztailean azken koloregrama bete dute.

Azken koloregramaren emaitzak espektatiba guztiak gainditu ditu:

Koloregrama

Eta langileen ahalegina aitortzeko, ekitaldi txiki bat antolatu genuen datuak aurkeztu eta langileak zoriontzeko. Bertan, langile bakoitzari diploma bat eta euskaraz soilik idazten duen boligrafo bat oparitu zitzaion. Erroakeko zuzendaria ere gonbidatu genuen ekitaldira, egitasmoaren berri jaso zezan eta ekitaldiari kutsu “ofiziala” eman ziezaion.

Eta, amaitzeko, uztaileko azken bi asteetan denek izan dute gidari izateko ardura.

Koordinatzaileak:  Ane Lopez eta Laida Bastida

Irakurtzen jarraitu...