2017ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimen ugari antolatu dituzte enpresa eta erakundeek. Horietako hainbat iruditan jasota hemen:

Aita Menniko euskara batzordeak bideoa prestatu du euskararen egunerako. Aita Menniko egoitzetan euskararen erabilera indartzeko egiten ari diren lanketa ikustarazi nahi izan dute. Durangoko egoitzan “euskaraz bizi gura dot” lemapean murala osatu dute.

 

 IRSE- EBIko euskara batzordeak euskara erabiltzeko 11 aukera aurkeztu ditu bideo baten bidez: ulersaioak, ulerrizketak, eusle, bazkaltegiak, euskararen eguneko ekimenak, euskararen txokoa…

 

Bizkaiko abokatu euskaldunen eguna ospatu du abenduaren 1ean. Helburu nagusienetako bat etorkizuneko abokatu euskaldunekin elkarlanean aritzea da, eta, horretarako, momentu honetan abokatutzako masterra egiten dabiltzan hainbat gazte hurbildu dira ekitaldira.

 

Euskararen egunari buruzko mezu orokorra zabaldu diete EAEko epaitegietako langile guztiei eta kanpo eragileei  (abokatu eta prokuradoreei). Amurrio, Bergara, Gernika eta Tolosako epaitegietan lehen hitza euskaraz bultzatzeko kanpaina egin dute abenduaren 3ko astean eta pilulen bilduma banatu dute.

 

Auzo Lagunen hamaiketakoa, argazki lehiaketako sarien banaketa, astebete lehenago eginiko neurketa abisatuaren emaitzen zabalkundea eta lehen lauhilekoan abiatuko den Prest egitasmoaren aurkezpena egin dute. Sorpresa ere jaso dute bisitari bereziarekin.

DANOBATGROUPen “euskara aldean, erabili lanean” lemarekin jarraitu dute. Taldeak kooperatibak dituen herrietako euskara aldizkarietan euskara planaren berri eman dute eta lehiaketa bat jarri dute abian. Taldeko kooperatibetan ere lehiaketa egin dute langileen artean. Goizean goiz “euskarak 365 egun” pegatinak banatu dituzte langileen artean eta jangelako mahai guztietan euskarari buruzko esaldiekin osatutako txartelak jarri dituzte hizketagai izan daitezen.

DANOBAT kooperatiban kafe-makinetan kafea doan egon da egun osoan. Euskaraz idatzitako emailak bildu eta neurtu ditzute, euskal produktuen truke. Langileen taldeko argazkia atera dute eta ondoren Jakoba Errekondoren hitzaldia izan dute.

IK4 Teknikerren goizeko 7etan eta 8etan spining saioak euskaraz egin dituzte. Eguerdian Kike Amonarrizekin solasaldia izan dute. Aldez aurretik euskara batzordetik hainbat galdera prestatu dituzte eta saiora sartzean langile bakoitzak kutxan galderak sartzeko aukera izan du. Ondoren, 2018 urteko egutegia aurkeztu dute, Teknikerrek egindako 12 proiektu esanguratsuren irudiekin.

 

IK4 Ikerlanen euskararen egunerako ipuin baten hasiera zabaldu zuten egun batzuk lehenago eta euskararen egunerako amaiera proposatu dute ekimenean parte hartu langileek. Amaiera ederrena aukeratu dute ekitaldian. Egunean zehar kafe-makinek kafea debalde eman dute euskararen alde.

 

Fagor Industrialen euskararen astean bertso lehiaketa egin dute. Fagor Industrialen euskararen etorkizuna zein izango den hausnartu dute “ Non egongo gara 2030ean?” saioan eta hurrengo urteetako helburu eta ekintzak proposatzeko aukera izan dute langileek. Azkenik, Markel Irizarrekin ordubeteko hitz-aspertua izan dute euskararen erabilerari buruz, besteak beste.

 

LKS Taldeko (Ingeniaritza eta Aholkulariak) langileak bulego bakoitzean mokadua egiteko elkartu dira eta ezetz asmakizuna asmatu?” lehiaketako sari banaketa egin dute.

 

Sareteknikan hamarretakoa egiteko elkartu dira eta bertan jarri duten otarreko barazkien izen guztiak euskaraz eman eta preziora gehien hurbildu denak barazki ekologikoen saskia eraman du etxera.

 

SD Eibar. Ereserkia euskaraz sortu izanari balioa emateko ekimena jarri dute abian.  Zaleei eskatu diete ereserkia taldean, familian, lanean… grabatuta bidaltzeko. Mendilibar entrenatzaileak aurkeztu du ekimena.

 

Irizarren euskararen eguneko ospakizunen ondoren, talde argazkia atera dute. Autobusean idatzi dute: Mendeetan zehar, inork ez daki noiztik, jendeak euskaraz egin du lan eskualde honetan. Irizarren ere euskaraz lan egiten dugu, gurea zaindu eta mundu zabalera begira.

 

Mondragon Zentro Korporatiboan euskaraz hitz gustukoenekin murala osatu dute. Ondoren, zozketa, saria eta zizka-mizka tartea izan dute.

 

Ondorengo erakundeetan ere antolatu dituzte ekintzak: Dbusen euskarazko atsotitzen lehiaketa egin dute; Electra Vitorian argazki lehiaketako sari banaketa egin dute haimaiketakoarekin lagunduta; Altsasukon “belarriprest eta ahobizi” ekimenaren aurkezpena egin dute hamaiketakoarekin batera; Hazin ardo eta gazta dastaketa egin dute Mikel Garaizabalekin; Fagor Ederlanen kafe makinen ondoan jarritako kutxetan euskararekin lotutako mezuak sartu dituzte langileek eta ondoren ikusgari jarri dituzte guztiak ohar taulan; Lanbiden euskarazko liburuen trukea egin dute; EJIEn lehiaketa egin dute langile guztien artean eta eusle ekimenean parte hartu dutenei eskertza egin diete; AFA kirola eta Gasteizko Udaleko Kirol arloan kartelak eta mezuak zabaldu dituzte; Ulma Taldeko kooperatiba guztietan kafea doan egon da, lehiaketa egin dute eta bertso txapelketa antolatu dute: Fagor Electronican kafea debalde egon da eta “euskarak 365 egun” mezudun katiluak jarri dituzte eskuragarri; Idekon Aitzol Galletebeitiaren hitzaldia izan dute; Soralucen barne bisita egin dute euskaraz, fabrikazioan dauden makinak ikustera; Otxandioko gaztetxean mikroipuin lehiaketa eta Handia filmaren emanaldia egin dute. Osartenen tupper osasungarrien inguruko lehiaketa antolatu dute; Fagor Automationen 2018ko egutegirako euskararen aldeko esaldien lehiaketa egin dute; Mapsan zifra euskutua lehiaketa egin dute.

Irakurtzen jarraitu...

Lanbide Heziketako Prestakuntza modulua (LP) euskaraz egin ahal izateko neurriak hartzeko 120 pertsona bildu ginen Elgoibarko IMHn urtero antolatzen dugun enpresen hizkuntza-kudeaketaren inguruko 30+10 mintegian. Haien artean izan genituen gaiarekin lotura duten eragile nagusien ordezkariak: Lanbide Heziketa eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Aldundia, Elgoibarko Udala, Berritzeguneak, ikastetxeak, enpresak eta enpresa elkarteak, hizkuntza-aholkularitzak, sindikatuak, alderdi politikoak. Hausnarketan 300 proposamen inguru jaso ziren, Gehitu ikerketa oinarri hartuta. Horien berri eman nahi dugu hurrengo  lerroetan.

3713441792_5ca0fde724_b

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/lawprier/3713441792

Gehitu ikerketa IMHk, Lanekik eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta,  eta agerian utzi du Gipuzkoan 10 ikasletatik 8 gai direla euskaraz lan egiteko, 6k hala egin nahiko luketela eta 4k egiten dituztela praktikak euskaraz. Izan ere, Ikaslan, Hetel, Izea-Aice eta Ikastolen Elkarteko 39 ikastetxetako 1.457 ikaslek emandako erantzunen arabera, D ereduko 747 ikasletatik 289k gaztelaniaz nagusiki egin dituzte praktikak. 3 instruktoretatik 2 euskaraz aritzeko gai badira ere (1.014, instruktoreen %69,5), kasu batzuetan, euskara ez zekiten instruktoreak egokitu zaizkie, eta, beste kasu batzuetan, euskal hiztuna izanik ere, gaztelaniaz egin dute (197 kasu, instruktore euskaldunen %19,4).

Gauzak horrela, hauek dira LP inguruan egindako hausnarketan jasotako ideia giltzarrietako batzuk: Eusko Jaurlaritzari eskatu zaio LP arautzea eta sistematizatzea, eredugarri eta sustatzaile izatea, eta errekonozimendu eta pizgarriak eskaintzea. Horretarako, proposatu zaio, batetik, LP arautzen duen 156/2003 dekretuan hizkuntza irizpideak txertatzea eta araudia betearaztea, eta, bestetik, hori gauzatzen laguntzeko, ikastetxeak garapen mailaren arabera elkartzea eta LP euskaraz egitea sistematizatuko duen egitasmoa jartzea martxan.  Ikastetxeei proposatu zaie  hizkuntza proiektuan txertatzea LP, helburu zehatzak finkatzea, eta LP prozedura hizkuntzaren ikuspegitik sistematizatzea. Enpresei eta Enpresa-elkarteei, gaiarekiko sentiberatzea eta aukera bermatzea eskatzen zaie. Euskara plana duten enpresek gaian sakondu, eta gainontzekoentzat euskara sustatzeko kanpaina periodikoak egin bazkideen artean, enpresek duten erantzukizunaz jabetzeko. Komeniko litzateke baldintzak sortzeko protokolo bat definitzea, hezkuntzarekin elkarlanean: instruktore euskaldunak lehenetsi, ikasleari harrera euskaraz egin eta hizkuntza kudeaketari buruz duten jarrera azaldu, tutorearekin bilerak euskaraz egin, paisaia linguistikoa eta dokumenturik erabilienak euskaratu, lan zirkuitu euskaldunak zehaztu…

Badira proposamenak jaso dituzten eragile gehiago ere. Esate baterako: Berritzeguneei koordinazio eta zubi-lana egitea eskatu zaie, erakunde publikoei eredugarriak izatea haiek kudeatutako praktiketan, eta babesa, sustapena eta sari-bideak jartzea; sindikatu, alderdi politiko eta besteei, baliabideak ipini eta zaintza lanak egitea…

Amaitzeko,  esker ona eman 30+10 mintegian eta Gehitu proiektuan parte hartu duten guztiei, 2015 urtean bide-orriko proposamenak gauzatzeko deia egin, eta gogorarazi hemen laburtutako ekarpen guztiak bere osotasunean argitaratu direla IMHren webgunean.

Edurne Bilbao (IMH – Makina Erremintaren Institutua)

Irakurtzen jarraitu...