Moti+batuko topaketan legitimitateari buruz aritu zen honako lantaldea. Lehenik eta behin, Pablo Suberbiolak legitimitatea zer den azaldu zuen. Hasiera batean, termino juridikoa zen: legearen araberakoa. Gaur egun, idatzi gabeko legearen araberakoa izango litzateke, onarpen soziala duena, alegia.

Hitz egiteko legitimitateak alde bietako onarpena dakar: hiztunak sentitzen duen legitimatea (onarpena) eta solaskideek ematen duten legitimitatea (onarpena, egokitasuna). Beraz, zein egoeratan da legitimo (egoki, onargarri) euskaraz egitea? eta zeinetan ez? Eta ez hori bakarrik: nolako euskara erabiltzea da legitimo eta nolakoa ez?

Lantaldearen ustez, legitimizazioaren gaiak euskararen normalizazioa lantzeko beste ikuspuntu bat jarri du mahai gainean. Orain arte ez diogu alderdi honi aparteko arretarik eskaini, ez behintzat izen horrekin. Tira egin eta sakontzeko aukera asko eskaintzen ditu.

Legitimizazio linguistikoa erabilerarekin erabat lotuta dago. Erabilerak sentiaraziko du hiztuna legitimo. Hortaz, erabilera eremuak dira landu beharrekoak. Erabilera eremuak sustatzeko euskal hiztunen gaitasuna landu behar da.

Hala ere, legitimazioa eta derrigortasuna ez dira elkarren etsai. Zenbait egoeratan/baldintzatan euskara erabiltzea eskatzea legitimoa da, batez ere, kudeaketa publikoa eskatzen duten egoeratan (hizkuntza eskakizuna laguntza publikoaz atera duten langileen zerbitzua…)

Landu behar dugu legitimazio soziala. Arau sozialek markatzen dute gure portaera, sarritan, gehienetan, ez dago idatzita, baina giroan dago (edukazio txarrekoa, aurpegi “arraroa”..). Arauak esplizitatzeak babesa eta onarpena ematen dio hiztunari. Hizkuntza kontratuak sustatzea interesgarria izan daiteke egoera askotan aurrera egin ahal izateko.

Egoerak, inguruneak eta hiztun motak dira legitimizazioan eragin zuzena duten aldagaiak. Hauen arteko lanketak aurrera egiteko bideak zabaldu ditzake.

Irakurtzen jarraitu...