Azaroaren 24an, MONDRAGONen Euskararen Mahai Teknikoak kooperatibetako euskara koordinatzaileentzako antolatutako urteko bigarren topaketa izan zen Otaloran. Izan ere, Korporazioko Euskara Batzordearen gidaritzapean diharduen Mahaiaren helburuetariko bat kooperatibetako euskara eragileak heztea da.

Bi zati izan zituen saioak: lehenengoan, ERREKAko Berrikuntza, Segurtasun, Ingurumen eta Gestio Sistemen arduradun den Joxean Markezek ERREKAn euskara irizpideak prozesuetan nola txertatu dituzten azaldu zuen.

P1040595

1998. urtean Euskara Plana martxan jarri zutenetik helburu asko eta askotarikoak landu dituztela aipatu zuen Joxeanek; baina, helburu horiek kooperatibaren helburu orokorretatik bereizita joaten zirela ere gaineratu zuen, Euskara Planak bere aginte panel propioa izaten zuela, alegia.

Bere ustez, mugarria hizkuntza politika definitzea izan zen, orduan erabaki baitzen hizkuntza-politikan jasotako irizpideak eta helburuak prozesuetan txertatu behar zirela; ordutik, euskara formazioa, formazio orokorra, hizkuntza-eskakizunak, aplikazio informatikoak, errotulazioa, dokumentazioa, harrera plana, Batzar Nagusia eta hitzaldi informatiboen gaineko irizpideak eta helburuak prozesuetan txertatu dira (formalak ez ezik, baita informalak ere).

Kooperatibako 22 prozesuei urtean hirutan (apirilean, uztailean eta abenduan) egiten zaie jarraipena; arduradunak eta bere lan-taldeak elkarrekin egiten dute, eta betetze-mailaren berri Zuzendaritzan ematen da. Horrela, euskara irizpideak eta helburuak prozesu orokor horietan txertatuta daudenez, besteekin batera egiten zaie jarraipena.

Euskara Plana kooperatibak bere egin du, erakundetu egin dela esango genuke; ERREKAren erronka euskaraz lan egitera eta autonomiara iristea da, eta bide horretan urrats garrantzitsua eman dute, ezbairik gabe.

Irakurtzen jarraitu...

Mondragon Korporazioko euskara planaren Mahai Teknikoak urtero antolatu ohi dituen hitzaldien baitan, Amaia Arburuak “euskara errekonozitu, euskaraz errekonozitu” hitzaldia eman zuen Otaloran urriaren 28an. Fagor Ederlan kooperatibak Bergaran duen Muntaketa Plantako euskara planaren koordinatzailea da Amaia Arburua.

DSC00350

Hitzaldian zehar, euskararen ezagutzan nahiz erabileran emandako urratsengatik edota erakutsitako portaeragatik nabarmendu diren pertsonak eta lantaldeak enpresan nola errekonozitu diren azaldu zuen Amaiak.

Errekonozimendu batzuk era publikoan (ohar-taula bidez…) egin izan dituzte, eta beste zenbait modu pertsonalean. Bide bata nahiz bestea erabilita, norbait errekonozitu izan dutenean kolektiboan zenbait ideia indartzen direla nabarmendu nahi izan zuen, honako hauek adibidez:

 – Erakusten da egindakoa edo lortutakoa enpresaren politika eta estrategiekin bat datorrela.

–  Pertsonen konpromisoa handiagoa izaten laguntzen du, eta pertsonen autoestimua indartzen du.

–  Eredu positiboak indartzen eta bultzatzen dira.

Pertsonak aintzat hartzen dituzten ekimen horiek Euskara Batzordearen ekimenez gauzatu badira ere, aipatu zuen Zuzendaritza jakitun dela eta haren babesarekin egin izan direla, eta hala behar duela gainera.

Amaiak aipatu zuen errekonozimendua lantzearen beste onuretako bat errekonozimendua egiten duenarentzat dela; kasu honetan, Euskara Batzordearentzat. Errekonozitu beharrak egoeraren analisia egitea eskatzen du, eta analisi horrek Euskara Batzordeak egindako lanak emaitza batzuk sortu dituela erakusten du, eta hori positiboa da.

Bidaltzailea:  Osane Ibabe, Fagor Ederlaneko Bulego Orokorretako kidea.
Irakurtzen jarraitu...