Disonantzia egoerak izan genituen aztergai Moti+batuko gure lan taldean. Gure lehen eginbeharra gaia bera kokatzea izan zen. Zeintzuk dira disonantzia egoerak? Joxpi Irastortzak bideoan azaltzen duen moduan, pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren artean desoreka sortzen denean gertatzen da disonantzia egoera. Guk iritzi bat izan arren, gure portaera edo praktika iritzi horrekin bat ez datorrenean. Hizkuntzari dagokionean, euskara erabiltzearen aldeko iritzia izan arren, egiten ez dugunean sortzen da adibidez, disonantzia egoera.

Desoreka egoera horren aurrean, pertsonen joera orokorra oreka bilatzea dela ere azaldu zigun Joxpik. Horretarako, desorekan dauden bi elementuetako bat egokitzen dugu. Gure iritzia ala gure portaera egokitu dezakegu biak koherentzian egon daitezen.

Lortu nahi dugun portaera edo praktika euskara erabiltzea dela kontuan hartuta, horretarako jorratu beharreko bideak aztertu genituen lan taldeko kideon artean. Euskararen arloan eta bestelako arloetan ezagututako esperientzietan oinarritu ginen arrakastarako gakoak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko. Besteak beste, ondorengo elementuak lantzearen garrantzia azpimarratu genuen:

  • Norbanakoen kontzientzia, ahalduntzea, autoestimua, aurreiritziak… astindu behar ditugu, euskara erabili nahi izatea indartzeko.
  • Lanketa kolektiboa egiteak garrantzia handia dauka, norbanakoen praktikan inguruak eragin zuzena eta nabarmena daukalako. Egoerak esplizitu egitea, aldaketa positiboak azpimarratu eta partekatzea, babesa antolatzea…
  • Portaerak berak moldatu edo indartu dezake iritzia (nahi izatea) eta beraz, nahia indartu beharrean, zuzenean praktika ere bultzatu behar dugu kontzientziatze lanik egin gabe. Praktika horiek bultzatzeko, derrigortasuna aplikatzea izan daiteke bideetako bat, edo derrigortasunera iritsi gabe, praktika babesten duten arauak erabiltzea (lehentasuna euskarak izatea, euskara ez diren aukerak eskatu beharra egotea). Portaeretara iristeko (euskararen erabilerara), arreta euskaratik kanpo kokatzea lagungarria izan daiteke zenbait kasutan.

Taldekide bakoitzak bere ezagutzatik egindako ekarpenei esker, kontuan hartu beharreko aldagai asko jarri genituen mahai gainean. Orain, horiek antolatu, aztertu eta sakontzea dagokigu, jasotzetik aplikatzera edo esatetik eragitera pasa gaitezen.

Irakurtzen jarraitu...

Pertsona batek euskararen erabilerarako jauzia eman dezan, zein portaera izan beharko lukete bere ingurune hurbileko pertsonek?

EMUNen MOTI+BATU Topaketako “Ingurune hurbilean eragiteko bideak” izeneko tailerrean galdera horri erantzuten saiatu ziren.

Horretarako, taldea lau multzotan banatu zen, lau inguru hurbiletan oinarrituta: familia, eskola, lagunartea eta lana. Eta ingurune hurbil bakoitzeko egoera bat jarri zitzaien mahai gainean, aipatutako galderari erantzuteko ideiak sor zitzaten.

Honako hau izan zen, adibidez, Familiaren ingurune hurbileko egoera:

Etxe batean gurasoak eta semea bizi dira. Hirurak dira euskaldunak. Gurasoek gaztelania erabiltzeko ohitura daukate. Semeari euskaraz hitz egiten diote. Semeak txikiagoa zenean euskara erabiltzen zuen, baina, azkenaldian bera ere gaztelania erabiltzen hasi da. Semearen hizkuntza portaera aldatzeko, zein portaera izan beharko lukete bere gurasoek?

Eta taldeko kideek sortutako ideiak hauek izan ziren:

  • Semeari euskararen balioen garrantzia azaldu
  • Etxean barnetegi bat antolatu
  • Etxeko giroa euskaldundu: telebista, musika, irratia…
  • Gurasoak eredu diren heinean, euren portaera aldatu beharko lukete eta euskaraz egin
  • Hiruren artean erabakia hartzea, inflexio puntua! (euskaraz aritzekoa)
  • Kanpoan laguntza bilatu (eskolan…)
  • Gaztelaniaren erabilera zigortu
  • Guraso batek semearen konplizitatea bilatu eta ohitura lantzeko estrategia landu.
  • Semea familia euskalduntzeko prozesuaren “protagonista” bilakatu
  • Eremu sozio-lingustiko-kultural euskaldunetara hurbildu
  • Semeari gaztelaniaz egin (kontrako efektua lortzeko)
  • Telebistak garrantzia handia du. Umeentzako eskaintza gehiago izan behar da eta gurasoek horren beharra aldarrikatu behar dute.
  • Gurasoak ere eremu euskaldunetan murgiltzea
  • Euskararen erabilera saritzea
  • Semeari azaldu euskara ez dela derrigorrezko kontu bat, plazera eta aukera baizik.
  • Familia eredu euskaldunetara hurbildu, “parketarrak”…
  • Euskaraz aritzeko guneak finkatu eta konpromisoa hartu horrela mantentzeko
  • Konturatzea seme-alabaren aldaketaren arrazoia bikotearengan dagoela.

Tailerraren bukaeran, denen artean ondorio hauek atera zituzten:

  1. Ingurune hurbilean eragiteko, beharrezkoa da gutxi batzuen indar motibatzailea.
  2. Ingurune hurbilean eragiteko, pertsonak egoeraz jabetu edo jabearazi behar dira.
  3. Ingurune hurbilean eragiteko, pertsonek elkarrekin adostu behar dute aurrerantzean aplikatu beharreko “araua”.
  4. Norberak euskaraz egitea da gakoa, eredu izanik.
  5. Ingurune hurbilean eragiteko, funtzio formaletan araua zorrotz aplikatu behar da. Funtzio informaletan, berriz, alderdi emozionala ere kontuan hartu behar da.
Irakurtzen jarraitu...

Irailaren 10ean eta 12an Donostian Emunek Moti+batu topaketa antolatu zuen. Topaketa horretatik atera dugun ondoriorik nagusiena izan da motibazioan sakontzen jarraitu beharko genukeela. Hala ere, sakontzen jarraitu aurretik, topaketetatik ateratako ondorioak ere izan behar ditugu kontuan. Baten batek argazkiak ikusi nahi baditu hemen daude: irailaren 10ekoak eta irailaren 12koak.

Hiru hitzaldi nagusi izan ziren Moti+batun:

1. Egoitz Pomares, Sinnergiak-eko kideak Euskara eta berrikuntza sozialari buruz jardun zuen.

2. Pello Jauregik Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak berbaldia eman zuen.

3. Bigarren egunean mahai-ingurua izan zen. Joxean Amundarainek dinamizatuta, Larraitz Madinabeitiak, Isabel Isazelaiak eta Nekane Duranek euskara ikasten ari direnak euskara erabil dezaten laguntzeko gakoak eman zituzten.

Baina hitzaldi nagusiez gain, lan-taldeak ere izan ziren. Guztira 8 lantalde izan ziren eta lantalde bakoitzeko aktak ere igo ditugu sarera:

Ingurune_hurbila_Ondorioak

Disonantzia_egoerak-Ondorioak

Zuzeneko_ekintzak_Ondorioak

– Trebezia sozialak_ondorioak

Legitimizazioa_ondorioak

Elkarrizketa_elebidunak_ondorioak

SentsibilizazioaIrakaskuntzan_ondorioak

Berariazko_trebakuntza_ondorioak

Baina ez hori bakarrik. Lantaldeetan landu zenari buruzko bideo-laburpen bana ere egin dugu:

Eta ez da hor amaitzen dena. Datorren astetik aurrera, lantalde bakoitzean landutakoa ekarriko dugu blogera laburtuta.

Irakurtzen jarraitu...

Asteazken eta ostiral honetan, Emunek antolatuta, Moti+batu topaketa izango da. Izenburuak dioen bezala, motibazioa izango da landuko den gai nagusia. Motibazioarekin lotutako hainbat gai landuko dira, jarrera eta portaerekin zerikusia dutenak. Berrikuntza irekiaren oinarriei kasu eginez, gai zehatzen inguruan elkarrizketak sortzeko dinamikak antolatuko ditugu, proposaturiko gai horietan esperientzia duten erakundeetakoekin batera elkarlanean. Sinergiak eta esperientziak batuko ditugu, ideia berriak sortzeko.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak:

  •  Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak. Pello Jauregi, EHUko irakaslea
  • Mahai ingurua: Euskara ikasten ari direnak erabiltzen hasi daitezen laguntzeko, zer egin dezakegu?

Tailerrak:

    • Inguru hurbilean eragiteko bideak

    • Disonantzia egoerak: esatetik egitera dagoen tartea

    • Zuzeneko ekintzak: pentsamenduan eragin, portaera aldatzeko

    • Sozializatzeko trebeziak: hizkuntza portaera asertiboaren ekarpena

    • Hitz egiten hasteko laguntza: legitimitatea sentiaraztea

    • Elkarrizketa elebidunak: nik euskaraz eta zuk erdaraz?

    • Ikaskuntza prozesuan sentsibilizazioa eta hizkuntza portaera lantzearen garrantzia

  • Berariazko trebakuntzaren arrakastarako gakoak
Irakurtzen jarraitu...