Pasa den asteko artikuluan azaldu genuen zertan zetzan gure esperimentua, eta honako artikulu honetan izan genituen bizipenak, eta ateratako ondorioak eta irakaspenak jaso ditugu; izan ere, eskatzen dugun hori guk geuk lehen pertsonan bizitzeak enpatizatzen, eta emozioak eta zailtasunak ezagutzen lagundu baitigu.

6262012615_fcd237de90_o

Argazkia: Flickr

Eskatutakoa, araua, hobekien bete zutenek zergatik bete zuten? Betebehar moduan ikusi zutelako (ez zen borondatezkoa), taldeak hartutako erabakia zelako (ez norbanako batzuk euren kabuz hartutakoa), jolaserako aukera gisa hartu zutelako eta liderrak, euren portaerarekin, eredu izan zirelako.

Dena den, nekea sentitu zuela ere aitortu zuen batek baino gehiagok eta ihesbide/arnasgune batzuen beharra ere bai. Adibidez, bulego batean, bazkalorduan, su-etena izan zuten; horrela, tarte batez, euskaraz hitz egiteko lizentzia eman zioten elkarri. Arratsaldean, oro har, nobedadea amaituta, saririk gabe, nekea agerikoa egin zen; ariketa lan bat gehiago bihurtu eta betetze-mailaren jaitsiera nabarmena izan zen.

Are gehiago, bazen betetzeko gogoa zeukan edo bete behar zela uste zuenik ere, baina besteak euskarara etortzen zirela ikusita, lotsa ematen zien erdaraz aritzea eta, kasu horietan, batzuk euskarara itzuli ziren. Halakoetarako TELP saioak beharko genituzke, guk gureari, euskarari… barkatu, erdarari eutsi behar diogula gogorarazteko.

Gutako askok azpimarratu zituen zailtasunak; besteak beste, alderdi emozionalarekin lotutako gaiak gaztelaniaz azaltzekoa (elkarrizketa artifizialean ari ginen sentsazioa), eta baita euskaraz erabiltzen ditugun hainbat termino gaztelaniaz esatekoa ere. Alderdi emozionala eta teknikoa izaten dira, hain zuzen ere, hizkuntza-ohiturak aldatzeko bi ohiko korapilo.

Gai konprometitua (edo serioa, garrantzitsua, presazkoa…) lantzen ari ziren bileran, “este tema que es tan delicado, ¿lo podemos tratar en euskera?” proposatzeko tentazioa izan zuela aitortu zuen beste batek; ”euskera” kenduko bagenu, eta “castellano” jarri, hori bera entzun behar izaten dugu, maiz, hainbat eta hainbat langilerengandik.

Halaber, elebitasunaren karga ere sufritu genuen gure larruan; bezeroei aurkeztu beharreko dokumentuak gaztelaniaz sortu eta gero euskarara itzuli beharrak denbora gehiago eskatuko zigula ikusita, araua hautsi eta euskaraz egitea erabaki zuen batek baino gehiagok.

Hizkuntza-ohiturak kolpera aldatzea eskatu zitzaigun; eraginkorragoa zer den baloratzen hasi gabe, erosotasunaren ikuspegitik errazagoa litzateke progresiboki eta pertsona jakin batzuekin hasi izan bagina. Gure kasuan, egun bakarreko ariketa zenez, ez genuen aklimatazio tarterik izan, eta horrek zaildu egin zuen aldaketa.

Hizkuntza-portaera aldatzen laguntzen du aldaketa horrek zein onura ekarriko dizkigun bisualizatzeak (gure hizkuntza maila handituko dela usteak, taldean integratzeko balioko didala pentsatzeak…); guk, egun bakarrean probatuta, ez genuen beste munduko espektatibarik; desberdina litzateke, adibidez, ingelesez maila hobetzeko helburuarekin, egunero, kafe-orduan, ingelesez aritzea erabakiko bagenu.

Gure inguruan ez dago euskaldun elebakarrik; bestela, errespetuaren aitzakian euskararako ihesbidea izango genuke; izan ere, errespetuaren kontu hori gaztelaniaz aritzen jarraitzeko askok erabiltzen duen arrazoia izan ohi da. Izan ere, kontuan izan behar dugu esperimentu honetan gaztelaniaz egin ohi duten euskaldunen lekuan jarri ginela, baina, erakundeetan euskaraz ez dakitenak ere izaten dira, eta horien lekuan jartzeko beste ariketa motaren bat egin beharko genuke.

Bukatzeko, Ainhoa Lasa teknikari adituak azaldu zuenez, “segurtasun-gunetik aterarazten gaituztenean erresistentziak izaten ditugu; normala da, gure burua babesteko mekanismoa baita hori”.

Irakurtzen jarraitu...

KIDEn 2008an abiatu zuten Euskara Plana, eta oparoa izan da egin duen ibilbidea. Oparoa ez ezik, baita kasu aurreratua ere; hala aitortu zion Soziolinguistika Klusterrak 2012an. Lantalan-en aurretik ere aipatu izan ditugu KIDEko praktika onak; hizkuntza-politikaren gaineko artikulu honetan esate baterako. Oraingoan, langileen euskararekiko motibazioa nola lantzen duten azaltzeko eskatu diegu.Presentación1

KIDEn motibazioa ez dugu modu isolatuan eta inprobisatuan lantzen; planifikatuta eta ahalik eta modu integralenean egiten dugu bere lanketa.

A) Motibazioan eragiteko zuzeneko eta zeharkako pertsuasio bideak lantzen ditugu, biak baitira beharrezko eta elkarren osagarri.

a) Zuzeneko motibazioa: Joxpi Irastortzaren doktore-tesian oinarrituz, Erabilera Taldeak erabilera helburuen lanketarako ez ezik, hausnarketarako ere erabiltzen ditugu. Orain langileen gune naturalak baliatzen ditugu gero eta gehiago –Lankide Bilerak, kasu–, baina bitartekoak –hausnarketak– berdina izaten jarraitzen du.

b) Zeharkako motibazioa: lehiaketak, Euskararen Txokoa (ohar-taulan nahiz posta elektronikoz), Euskararen Eguna (KIDEn nahiz eskualde mailan), eta abar antolatzen ditugu.

Motibazio jardueretako edukiak aukeratzerakoan, berriz, bi irizpide hauek jarraitzen ditugu:

B) Momentuan esku-artean edo hizpide dituzten gertuko gaiekin lotura izatea, lanekoak izan daitezke edo bizitza arruntekoak; adibidez, kooperatiban bisioa lantzen ari garen une honetan, bisioa zer den edo Euskara Planaren bisioa zein izan beharko litzatekeen jarri dugu mahai gainean; edo, inguruko herrietako euskararen erabileraren edota ekimenen inguruan aritzen gara KIDEn antzeko egoerarik gertatzen den edo ez aztertzeko; edo, komunikabideetan euskararen inguruko berriren bat argitaratu baldin bada, lankideon artean partekatu dugu.

C) Neurketak egitea, eta neurketa horien emaitzak baliatzea; Pello Jauregik gomendatutakoari jarraiki, edozein esku-hartzeren aurretik eta ondoren neurketak egitea komeni da. Neurketa horien emaitzak motibazio jardueretan erabiliko ditugu datuak aztertu eta hausnarketa egiteko (Erabilera Taldeetan, adibidez). Jasotako informazioari arreta jarrita, eta aztertzeko edo gogoeta egiteko astia hartuz gero, eragina iraunkorragoa dela ikusi baitugu.

KIDEn, esaterako, urtean 3tan egiten ditugu isilpeko ahozko neurketak; eta, Euskararen Egunean, euskararen erabileraren marka hausteko erronka jaurtitzen diegu langileei, eta erronka lortu duten jakiteko egun horretan beste neurketa bat egiten dugu. Gero emaitzak aztertu eta konparatu egiten ditugu (erabilera, leialtasuna, hobekuntza…).

Beste adibide bat, 2 urtetik behin langileei egiten zaien erakunde kultura galdetegia da; galdetegi horretan 6 galdera Euskara Planari buruzkoak dira; 2009. urtetik galdera berberak egiten ditugu, horrela, urtez urtekoa konparatu eta bilakaerak aztertu ditugu.

Esan bezala, horiek guztiak langileak motibatzeko erabiltzen ditugu.

Lortutako emaitzek gure apustuaren egokitasuna berretsi dute, euskararen erabilera nabarmen handitu baita.

Bidaltzailea:  Urrate Etxaburu (KIDEko euskara teknikaria)

Irakurtzen jarraitu...