Emun-ek kudeatzen dituen euskara planetan, hainbat modutan ospatzen da Euskararen Eguna; horrela, iazko abenduan egin genituen proposamenei beste hainbat gehitu dizkiegu aurten:

DSC_0053

  • Abenduaren 3tik aurrera paperezko mahai-zapi eta ahozapi berriak ikusi eta erabiliko ditugu Euskara Merkataritzara programan parte hartzen duten udalerrietako kafetegi, taberna eta jatetxeetan; Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusian, hain zuzen ere. Ekintzaren helburua ostalaritzan euskara erabiltzen hasteko laguntza eskaintzea da, eguneroko guneetan, ohikoak diren elkarrizketak euskaraz egiteko urratsa emateko, hizkuntza ohituran eragiteko eta euskarari presentzia gehiago emateko.
  • Film laburren emanaldia egingo dute Erroaken; Euskara Batzordeko kideek aukeratutako 4-5 film labur emango dira eguerdiko etenaldian. Film laburren ordez, hitzaldia antolatuko dute Soralucen –langile batek bere kirol esperientzia kontatuko du–.
  • Niessenen atsotitz lehiaketa eta Euskara Planaren maskota lehiaketa egingo dituzte.
  • Domusan, berriz, euskararentzako mezu lehiaketa egingo dute Euskararen Egunaren aurreko bi asteetan. Beste erakunde batzuetan ere egin dira antzeko ekintzak; hala nola, euskarazko hitz politena zein den jartzeko panelak jarri dira kafe-makinen ondoan, langile bakoitzak berarentzat euskarazko hitz politena zen den jar dezan.

Etxegintzakoak dira hurrengo 3 proposamenak:

  • Hitz kuttunen bilduma osatzen ari dira langileen ekarpenekin; “hitz bizien kofradia” deitu diote. Arrazoi bat ala beste, gutxi erabiltzen diren euskarazko hitzak berreskuratzea bururatu zaie eta, ez hori bakarrik, hitz horien aitabitxi/amabitxi ere izango dira. Azkenean hitz horiekin guztiekin bildumatxo polit bat osatu, eta Euskararen Egunean eurentzat hitz kuttunena zein den aukeratuko dute.
  • Euskobision lehiaketa; langileei proposatu diete, taldean ala banaka, abesti bat abestu eta grabatzeko. Langilez osatutako epai-mahai (aditu) batek erabakiko du zein den irabazlea.
  • Eta elkarte batean bazkaldu ostean, kantu bazkaria karaoke formatuan. Clecen ere bazkaria antolatzen ari dira abenduaren 4rako, langile bakoitzak etxetik ekarritako jateko eta edatekoekin. Bazkarian baldintza bakarra egongo da: harreman guztiak euskaraz izatea.
  • Lea-Artibako hainbat kooperatibatan (Eika, Kide, Fagor Arrasateren Markinako planta…) USB kargagailu bana oparituko zaie langile guztiei; kargagailuak esaldi hau izango du: “Euskaraz karga zaitez”
  • Kafea doan (kasu batzuetan propio sortutako irudia duten edalontzietan) hartu ahalko da hainbat enpresatan: Niessen, Eika, Kide, Fagor Arrasate… Kafeari laguntzeko etxetik bizkotxoa eraman (eta lehiaketa egin?) zuten iaz Idekoko langileek; bizkotxorik originalena eta gozoena zein zen erabakitzeko izan zituzten lanak!
  • Kide-n, ahalik eta euskara gehien erabiltzeko erronka horrez gain, hizkuntza alternantzia estiloa hedatzen ari dela-eta kezkatuta, eta horretaz kontziente egiten hasteko, aurtengo erronka apur bat aldatu nahi izan dute: “euskaraz inoiz baino gehiago egiteko kapazak al gara, beste hizkuntzetara pasa gabe?”. Erronka hori lortzeko, besteak beste, gometxak elkarri jartzeko jokoa egingo dute (hizkuntzaz aldatzen den bakoitzean, elkarri gometxak jarriko dizkiote).
Irakurtzen jarraitu...

Oiartzungo NIESSEN enpresak Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuen Rober Gutierrezen eskutik. Egoera baliatu du lantegiko NIK ESAN aldizkariak Roberrekin elkarrizketatxo bat egiteko. NIK ESANeko lagunek elkarrizketa plazaratzeko aukera eman digute. Honaxe emaitza:

Niessen_ziurtagiria_jasotzen

– Zer suposatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriarentzat ABB-NIESSEN moduko enpresa batek ziurtagiria lortzeko prozesua abiatzeak?

Ziurtagiriaren Elkartearentzat garrantzi handikoa da ABB-NIESSEN bezalako enpresa traktore batek Bai Euskarari Ziurtagiria lortu izana; ziurtagiria bera prestigiatu egiten baitu eta eredu bat eskaintzen baitigu gainerako enpresei erakusteko modukoa. Eredu egoki bat hizkuntzaren kudeaketaren ikuspegitik.

Uste dut enpresak, oro har, konturatzen ari direla, pixkanaka bada ere, merkatuan eta euren egunerokotasunean hizkuntza ugari daudela. Hau da, hizkuntza bat erabil dezaketela enpresa barruko pertsonen artean, beste hizkuntza bat erabiltzen dutela nazioarteko ordezkaritzako langile batekin, eta hainbat hizkuntza erabiltzen dituztela  bezeroekin.

NIESSENen barneratuta dago euskara ezinbesteko osagaia dela lanean ari diren pertsonen artean, eta horri erantzun egokia eman behar zaiola.

– Euskara normalizatzeko ahaleginak ibilbide luzea du ABB-NIESSENen, baina, zure ustez, zein onura ekarri ahal izango dizkio ziurtagiriak NIESSENi?

Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea estrategikoa da hizkuntzaren normalizaziorako. Enpresen ikuspegitik ere, euskara txertatzea estrategikoa izan beharko litzateke. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, hori lortzeko bidean egindako lanaren aitortza egiten diogu ABB-NIESSENi.

Onuren inguruan hitz egiten denean, beti aipatu izan da euskara lagungarria izaten dela merkatuan lehiakideek baino posizio hobea irabazteko garaian, bezero kopurua handitzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko; produktu eta zerbitzuak bere hizkuntzan eskaini behar zaizkiola bezeroari, harreman-hizkuntza berak hautatu behar baitu, produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatezkoak izango badira, eta abar.

Kasu honetan nabarmenduko nuke Bai Euskarari Ziurtagiriak aitortu egiten diola ABB-NIESSENi urtetan garatutako lana; aitortzen zaie enpresari eta enpresa osatzen duten pertsona guztiei. Iruditzen zait kasu honetan onura handiena barrura begirakoa dela, euskara gertutasun eta konfiantzaren adierazgarri baita. Euskara erabilita eta konpromiso hori aitortuta, enpresarekiko atxikimendua areagotu eta motibazioa indartu egiten da lanean ari diren pertsonengan.

– Zure ustez, zeintzuk dira gaur egunean euskarak lan munduan sartzeko dauzkan erronka nagusiak? 

Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Hor dugu erronka nagusia. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.

Horretarako, gainera, garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duen aktore bakoitzak (administrazioak, enpresek, sindikatuek, langileek, kontsumitzaileek…) zein funtzio bete behar duen argitzea. Guztion arteko elkarlana, osagarritasuna eta laguntza beharrezkoak dira. Horrek mesede egingo dio gure hizkuntzari.

– Bai Euskarari Ziurtagiriaz gain, zein beste proiektu ari zarete lantzen Ziurtagiriaren Elkartean? 

Enpresa munduaren euskalduntzean eragiteari begirako proiektuak ari gara garatzen. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin batera, Enpresarean edo Lansarean lan-ataria bezalako ekimenak ari gara lideratzen. Alor sozioekonomikoko entitateen eta pertsonen arteko elkarlana ari gara sustatzen, euskarak dituen eremuak babesteko eta eremu berriak bete ditzan.

Irakurtzen jarraitu...

ABB Niessen enpresan Euskaraz lan egin nahi dut izeneko egitasmoa jarri zen abian orain bi ekitaldi. Sinadura publiko bidez, langileek hainbat jokabideri atxikimendua adieraztea izan zen egitasmoaren xedea. Emaitza esperotakoa baino hobea izan zen, jende askok adierazi zuelako euskara gehiago erabiltzeko konpromiso publikoa. Niessen-eko Euskara Batzordeko kideontzat, borondate sozial hori gorpuztea lehentasunezko erronka izatera pasa zen.

P1010571

Langileengana hurbiltzea

Horretarako, ahalik eta langile gehiagorengana heltzeko asmoarekin, 2014ko udaberrian eta udan zehar, bileratxoak egin ditugu sail guztietan, bi helbururekin: aurten abiatu dugun Bai euskarari ziurtagiria prozesuari buruzko informazioa langileei helarazteko, eta euskara planari buruzko iritziak eta hobekuntza proposamenak aurrez aurre jasotzeko. Sei bilera egin dira guztira, eta praktika oso aberasgarria izan dela esan dezakegu, honi esker jende berria hurbildu baita euskara planera eta sinergiak hobeto baliatzeko aukera eman baitigu.

Irakurtzen jarraitu...