Azken garaian “arnasgune” hitza asko entzuteaz gain, euskarari eusteko ezinbesteko guneak direla ere aipatu izan da. Arnasguneak herriak edota eskualdeak izan daitezke, baina baita bestelako gune batzuk ere; adibidez, lantegi bat edota lantegi bateko gune txikiago bat. Eta zalantzarik gabe, nire ustez euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoak dira. Horren harira, Fagor Elektronikako esperientzia konpartitu nahi dut zuekin.

Fagor Elektronikak, Emunen eskutik,urteak daramatza euskara normalizatzeko ahaleginetan. Aurrerapenak egin ditugula ezin da ukatu, nabarmenak direlako, baina, hala eta guztiz ere, sakon-sakonean galdera bat datorkigu behin eta berriz: zer egin dezakegu atzerapausorik ez egiteko? Erantzuna ez da erraza, baina bide onetik goazela uste dut. Fagor Taldeko lan ildoetariko batek arnasguneak bultzatu behar direla esaten du eta horretan ari gara.

Iaz lantegiko 5 gune izendatu genituen arnasgune. Euskara hutsean funtzionatzen dute. Gune horietako kideen arteko hartu-emana euskaraz da ahoz zein idatziz eta harreman informaletan zein bileretan. Eta printzipioz gune edo sail horietara ezingo da sartu lanera euskara normaltasunez erabiltzeko prest ez dagoen inor.

Jakina, horrek ez du esan nahi beste gune batzuetan euskara ez dela erabiltzen. Baina, gune bat arnasgune izendatzeak gune hori ahaldundu egiten du eta aurrera begira babestu. Era berean, erabaki horrekin norabide bat eta mezu garbi bat ari gara bidaltzen: borondate irmoa dugu euskarak bere lekua har dezan.

Iaz, Elektronikako sailkako edota gunekako analisia egin ostean, langileen %10 arnasguneetan aritzeko moduan zeudela ikusi genuen. Abiapuntua hori izanda, plan estrategikoan urtero gune horietan % 4 gehiagok lan egitea aurreikusi genuen. Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, uste dugu langa hori gainditu eta aurten arnasguneetan lan egingo duten langileak %19 izatera ere heldu gaitezkeela. Arnasgune bilakatzeko prozesua lasai egin behar dugu, baina ditugun aukera guztiak aprobetxatuta.

Bestalde, arnasguneak sortu eta hedatzeko prozesu honi jarraipena egiteko modua ere finkatu dugu: urtean hiru bilera labur egingo ditugu arnasguneetako kideekin ondo egindakoak, arazoak, zailtasunak eta abar detektatzeko, eta, behar izanez gero, aholkua eta laguntza eskaintzeko.

Horretan gabiltza, ondo ari garelakoan gaude eta ez dugu amorerik emango.

Enrike Letona (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Aurtengo Eskola Hiztun Bila jardunaldiaren barruan, Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeetako hizkuntza proiektu arduradunekin, Ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntza Proiektuez jarduteko aukera ederra izan genuen urriaren 17an. Gaiak duen garrantziaren berri ematen du Azpeitiako Soreasu antzokia, ikastetxeetan euskararen erabilera normalizatzen ari diren lagunekin, bete-bete eginda ikusteak. Bihoakie guzti-guztiei egiten ari diren lanaren errekonozimendua eta baita aurrera jarraitzeko animoak ere. Asko da egindakoa eta oparoagoa izango da datorrena.

Ikastetxeak bete-betean sartuta daude datozen lau urteetarako euren hizkuntza normalkuntza proiektuak zehazteko fasean. Horren harira, planifikatzeaz jardun genuen. Helburuak, estrategiak, ekintzak, adierazleak, arduradunak… izan genituen aipagai. Eta elementu horiek guztiak jasotzen dituen dokumentuaren (proiektuaren) garrantzia azpimarratu genuen. Analisiak egiten, ideiatzen, pentsatzen, erabakitzen… emandako denbora irabazitako denbora da. Gainera, hau guztia erakundeko eragile guztien parte hartzeaz egiten bada, askoz hobeto. Izan ere, horrek norabide argia eta adostua izatea dakar.

Argazkia: @Ulibarri_info

Proiektua arrakastaz aurrera eramateko egiturak zer-nolakoa izan behar duen ere aztertu genuen. Egitura orok, eraginkorra izateko, 5 funtzio bete behar ditu: proposatu, komunikatu, erabaki, exekutatu eta ebaluatu. Eginkizun horiek betetzen direla ziurtatu behar dugu baina, beti, ikastetxearen egiteko moduetara, kulturara, egokituta. Egitura berria sortzea baino eraginkorragoa da lehendik dagoena baliatzea, erakundearen sisteman bertan txertatzea hizkuntza normalkuntza proiektuak eskatzen dituen funtzioak.

Azkenik, hizkuntza normalizatzeko prozesuari begira jarrita, erabakiak hartzeko eta gauzatzeko ahalik eta markorik egokiena eraiki beharraz aritu ginen, erakundeko kide guztien inplikazioa lortzeaz, alegia. Batak bestea elikatzen duen hiru multzotan bana dezakegu komunitatea: erakundea, taldea eta norbanakoa. Eragiteko hiru esparru ditugu, beraz, erabakiak (konpromisoak) ere hiru mailatan hartu behar dira.

Horrela bada, ikuspegi sistemikoa oinarri hartuta; hau da, euskara normalizatzearen zentzua osotasunak ematen digula onartuta, bi ordutan proiektuari berari eta berau diseinatzeko prozesuari begirako zenbait gako aztertu genituen.

Datorren astean, urriaren 25ean, beste lan-saio bat izango dute datozen lau urteetan zer urrats eta nola eman gura dituzten zehazten jarraitzeko.

Elias Zumalde (Emuneko proiektu arduraduna)

Irakurtzen jarraitu...

Hasi da EMUNek bere 10. urteurrenaren testuinguruan antolatutako jardunaldia. Gandiaga Topagunean gaude, Arantzazun. Eta hemen ari gara argazkiak gordetzen.

EMUNeko lehendakari Ima Elexpuruk harrerako hitzak esan ditu eta orain Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Nekane Arratibel ari da hitz egiten: EMUN zoriondu du eta hizkuntza normalizaziorako prozesu guztien motorra motibazioa dela esan du.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Erramun Osaren hitzak datoz orain. EMUN zoriondu ondoren, LanHitzen ezaugarriak eta HPSren etorkizuneko erronkak nabarmendu ditu.

EMUNeko Imanol Larreak jardunaldiaren egitaraua azaldu digu eta Peter Mac Intyre-ri eman dio hitza.

Irakurtzen jarraitu...