EAEko herri gehienetan gazteen artean euskararen erabilerak behera egin badu ere, Ondarroan ez da horrelakorik gertatu. Izan ere, erabilera daturik onena gazteen artekoa izan da, %92 hain zuzen ere. Kaleko erabilera datuak onak izanda ere, oraindik Ondarroako autoeskoletan ez du inork gidabaimena euskaraz atera eta hori aldatzeko asmoarekin udalak 2017an gidabaimena euskaraz ateratzen duten herritarrak diruz lagunduko ditu.

“Orain arteko ikasketa guztiak euskaraz egin ditugun moduan, gidabaimena ere euskaraz ateratzea litzateke naturalena” azaldu du Leire Beitia udaleko euskara zinegotziak. Orain arteko datuak ikusita, gidabaimeneko azterketa teorikoa ere euskaraz egiteko laguntza ematea erabaki du udalak.

Deialdia irailean publikatuko da, seguru asko, eta orduan eskatu ahal izango dute laguntza 2017an azterketa teorikoa euskaraz egin edo egiteko asmoa duten guztiek. Horretaz aparte, udala, herriko autoeskolako arduradunekin gaia lantzen ari da kanpainari bultzada bat emateko. “Garrantzitsua da herriko agente aktiboak ere kanpaina honetan inplikatzea, modu honetan soilik lortuko ditugu emaitza hobeak” gaineratu du Beitiak.

“Segi zeure bidiai

Gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbidapen hau marko orokor baten barruan dago: “Segi zeure bidiai” izeneko kanpaina. Horren helburua da azpimarratzea nolako garrantzitsuak diren egunero-egunero eman ohi ditugu pauso txikiak, urrea balio dute-eta, esate baterako: Korrikan parte hartu, abizenak euskaldundu, udan euskarazko ikastaro bat egin, telefonoan sistema eragilea euskaraz jarri… eta beste hainbeste.

Irudi bidezko kanpaina bat da hori sare sozialen bidez zabalduko dena. Ondarroako itsasargiaren irudia erabili du Udalak bidea erakusteko bide bat bezala. Izan ere, askotan, konturatu ere egin gabe, erdaraz dugu zerbait gure inguruan euskaraz egitea baduguna. Beti dago zeozer gehiago egitea. Udalak animatu nahi ditu herritarrak “Segi zeure bidiai” kanpainaren parte izateko, mezua zabalduz.

Jatorrizko argazkia eta albistea: udalberriak

Irakurtzen jarraitu...

Ondarroan errenta aitorpenen %42,8 euskaraz egiten dira. Aurten baietz %45era igo!

Badira urte batzuk UEMArekin bat eginda, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egiten dela Ondarroako Udaletik. Horren eraginez, euskaraz egindako aitorpenen kopuruak goranzko joera dauka gure herrian eta joera hori mantentzea da Udalaren helburua. Hona hemen datuak:

Iaz, 2015eko errenta egiteko garaian, akordio bat sinatu zuten Ondarroako Udalak eta herriko aholkularitza eta finantza erakundeek. Akordio horren bidez, eragileen inplikazioa bilatu nahi genuen, baita lortu ere!

Entitate sinatzaileek konpromisoa hartu zuten bezeroak euskaraz egitera animatzeko; bezeroei aitorpena euskaraz egiten laguntzeko eta kanpainaren amaieran, euskaraz egindako aitorpenen datuak jaso eta Udaletxera bidaltzeko. Dudarik gabe, horrela egiteak eragin biderkatzailea duela adierazten digute lortutako emaitzek:

Hala ere, entitateen bidez aurkeztutako errenta aitorpenak, egiten diren aitorpen guztien laurdena baino ez dira. Eta, horrenbestez, aurten, aurreko urteetako dinamikaz jarraitzeaz gain, beste urrats bat egin nahi dugu. Izan ere, errenta aitorpenen erdia inguru, Ogasunak berak etxera bidaltzen dituen autolikidazio proposamenak dira, eta, horiek, euskaraz etortzeko noizbait euskaraz aurkeztu behar izan da aitorpena, edota bestela, eskatu egin behar da.

Beraz, zure aitorpen proposamena etxean jasotzen baduzu, eta berau ez badago euskaraz, deitu 901 503 000 telefonora eta eskatu euskaraz bidaltzeko eta hortik aurrera beti iritsiko zaizu euskaraz.

Udaleko postontzi urdina ere erabil dezakezu (Alameda aurrean dagoena); idatzi paper batean “Errenta aitorpena euskaraz eskatu” eta zure telefonoa. Udala arduratuko da guztiaz eta eskatuko du, zure izenean, euskaraz bidaltzeko.

Horrez gain, eragin zure inguruan! Esan senide eta lagunei, zabaldu mezu hau eta baietz %45era iritsi!

Bidaltzaileak: Maite Rey (Ondarroako Udaleko Euskara Saila) eta Urrate Etxaburu (EMUN)

Irakurtzen jarraitu...

2013an eta 2014an, Ondarroako herritarrekin parte-hartze prozesu bat egin zen, eta EMUNen ardura izan zen laguntza eta aholkularitza eskaintzea (udal teknikariari eta zinegotziari hori antolatzen eta bideratzen lagundu, hainbat herritarri taldeak dinamizatzeko formazioa eman, eta abar); eta, 2015ean, planean jasota dauden herritarren ekarpenak ekintza bihurtzeko eta aurrera eramateko laguntza ematen dihardugu.

2015eko ekintzen artean, besteak beste, bi nabarmenduko ditugu gaurkoan: bata, Ahuakemonala egitasmoa; eta, bestea, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna.

1. Ahuakemonala egitasmoa herritarren laguntzarekin egin da: herritarrek esketxak grabatu dituzte eta radixu irratian egindako grabaketei ahotsa jarri zaie; Lea-Artibaiko Hitzakoek eta herriko ikastetxeek lagundu dute berba eta esamoldeekin lehiaketarako galderak prestatzen; aplikazioa eta webgunea iametza enpresak garatu du. Horrela, besteak beste, gazteentzako app bat sortu da, eta Ondarroako euskarari prestigioa emateko eta galtzeko bidean dauden berbak eta esaerak berrerabiltzeko aukera emango du; koordinazioa udal Euskara Zerbitzutik egin da, eta goian aipatutako lanetan lagundu dio Emunek.

unnamed

2. Euskara Eguneko ekintzak ugaritu egingo dira aurten, eta herritarrek izango dute protagonismoa: “geuk pe ondarrutar” bideoa egin da aurten (ondarruartutako hainbat protagonistekin), pintxopoberba (gure berba eta esaerak pintxopotera eramango ditugu hainbat herritarren laguntzaz), danborrada egingo da, ikastetxeetan hainbat ekimen egingo dira, ahuakemonaleko esaerak whatsapp-ez zabaltzeko eskatuko da, pantaila erraldoian urtean egindako bideo eta Ondarroako berba+argazkiak jarriko dira… eta egun horretarako herriari jarriko diogun erronka: “Bagaa ala ez gaa? Erderakada baik, baietz eguna pasa!” Azken batean “olgeta-benetan mundu guztia euskaraz berbetan” jartzeko ekimenak guztiak.

Euskararen_Eguna

Irakurtzen jarraitu...