Bikain kanpo ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Bikainek hiru garapen-maila edo ziurtagiri hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez); eta goi maila edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).
Aurtengo ziurtagiriak astelehenean, abenduak 21, banatu ziren Gasteizko Europa Jauregian, eta Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta CONFEBASKeko presidente Roberto Larrañagak ere parte hartu zuten.
Argazkia: irekia
Ebaluazioa egiten, orotara, Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 158 kide aritu zirela nabarmendu zen; bestalde, banatutako 65 ziurtagirietatik 41 urrezkoak izan ziren, 20 zilarrezkoak eta 4 oinarrizkoak. EMUNen zerbitzua eta aholkularitza jasotzen duten erakundeetatik, aurtengo edizioan ziurtagiria jaso dutenak honako hauek izan dira:
- Soraluce (zilarrezkoa)
- Latz (zilarrezkoa)
- Pesa Lur (oinarrizkoa)
- Mondragon Assembly (urrezkoa)
- Laboral Kutxa (urrezkoa)
- Ederfil Becker (zilarrezkoa)
- Oarsoaldea Garapen Agentzia (zilarrezkoa)
- Gureak Taldea (bi jardueratan oinarrizkoa eta batean zilarrezkoa)
“Gure helburua da euskararen erabilerari aplikatutako kalitate-parametroek toki naturala topatzea gure enpresen eta erakundeen kudeaketan, ekoizpenean eta komunikazioan”, adierazi zuen Urkulluk. Berritzailea izan zen Bikain bere sorreran, eta aurrerantzean ere berritzaile izaten jarraituko du, Bikain berria eta berritua, enpresetara ez ezik, administrazio eta erakunde publikoetara ere zabalduko baita.
Bukatzeko, Bikain ziurtagiriak duen babesa azaltze aldera, gogora dezagun Bikain Ziurtagiriaren zuzendaritza organoan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea dela batzordeburu, eta EAEko enpresarien elkarteak (CONFEBASK, SEA, CEBEK eta ADEGI), Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, hiru foru aldundiak, Euskalit, Euskaltzaindia eta EUDEL biltzen direla bertan.
Iturria: irekia
Irakurtzen jarraitu...