Emunen etengabe ari gara euskara normalizatzeko metodologia berritzen. Horretarako berrikuntza proiektuak abiatzen ditugu; baina ez horiek bakarrik, ezagutza partekatzearekin batera metodologia berritzeko (eta hobetzeko) bestelako gune edo foro batzuk ere antolatzen baititugu. Jarraian azalduko ditugu bakoitzaren ezaugarriak eta xehetasunak.

2752099532_f037d28f8b_o

Argazkia: Flickr

Emunen, urtero, enpresa planetako metodologia hobetzeko dozena bat berrikuntza proiektu izaten ditugu, eta proiektu horietan Emuneko euskara teknikari guztiak aritzen gara.

Berritzeko premiak iturri askotatik jasotzen ditugu, baina iturri garrantzitsuena bezeroa da; izan ere, bere proiektuan dituen erronken berri emateaz gain, zerbitzua hobetzeko proposamenak ere helarazten dizkigu.

Horiei guztiei erantzuteko berrikuntza proiektuak jartzen ditugu martxan Emunen. Proiektuaren jabea bezeroarenean dabilen teknikaria izaten da, bezeroa bera ez denean. Bere ardura izaten da azkeneko produktua zein izango den bezeroarekin adostea; horretarako, oso garrantzitsua izaten da bezeroaren arazo edo erronka hori ondo ulertzea: zerk eragin duen bizi duen egoera, zein ondorio dituen…

Berrikuntza proiektua garatzeko teknikariak lantalde baten laguntza izaten du. Lantaldea beste erakunde batzuetan dabiltzan teknikariek eta proiektu arduradunek osatzen dute; normalizazio prozesuetan eskarmentua duen jendea da, eta gaian duten interesarengatik edota gaian arituak direlako parte hartzen dute. Era horretan landutako gaiak dira, adibidez: laneko mezu elektronikoen erabilera, erakunde bateko eragileen lidergoa…

Baina Emuneko berrikuntza proiektu guztiak ez dira bezero jakin bati lotutakoak, beste batzuek gure metodologiari ekarpen orokorragoa egiten baitiote. Proiektu horiek askotariko jatorriak dituzte: zaintza bidez identifikatutako nazio edo nazioarte mailako esperientziak, teknikarion iritziekin garatu beharreko metodologiak, eta abar. Era horretakoak dira, esate baterako: euskara planeko eragileen artean diren erdaldunekin nola lan egin, pertsonen motibazioan oinarritutako euskara planen diseinua…

Halaber, beste erakunde batzuekin batera ere garatzen ditugu berrikuntza proiektuak; adibidez, Soziolinguistika Klusterraren edo Kontseiluaren bidez, urtero, bi edo hiru berrikuntza proiektutan hartzen dugu parte.

Berrikuntza proiektuekin gure metodologia, gure lanerako tresnak, sortzen eta berritzen ditugu. Metodologia hori bezeroaren etxean aplikatzen dugun aldiro ikasi egiten dugu, eta esperientziatik ikasitakoa lankideen artean partekatzeko beste bitarteko batzuk ditugu: mintegiak eta praktika komunitateak.

Bien arteko alde nabarmenena iraupena da. Mintegiak gai oso zehatzen inguruko bi ordu inguruko saioak dira. Gaiak teknikariok geuk proposatzen ditugu, eta interesa dugunok elkartzen gara elkarrekin kezkak, esperientziak, jakin-minak, gomendioak… partekatzeko. Praktika komunitatean, berriz, urtean hiruzpalau saio izaten dira gai orokorrago baten inguruan; esate baterako, erakundeetan euskararen inguruko motibazioan eragiteari buruzkoa da praktika horietako bat.

Euskararen normalizazioak adar asko ditu eta kontzeptu ikaragarri konplexua da. Beraz, guretzat ezinbestekoa da gure jarduna hobetzeko eta berritzeko lan egitea; bai proiektuen bidez, eta baita bezeroari zerbitzua ematerakoan egiten den lanaren bidez ere.

Bidaltzailea:  Emuneko Berrikuntza Arloa

Irakurtzen jarraitu...

Lanbide Heziketako Prestakuntza modulua (LP) euskaraz egin ahal izateko neurriak hartzeko 120 pertsona bildu ginen Elgoibarko IMHn urtero antolatzen dugun enpresen hizkuntza-kudeaketaren inguruko 30+10 mintegian. Haien artean izan genituen gaiarekin lotura duten eragile nagusien ordezkariak: Lanbide Heziketa eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Aldundia, Elgoibarko Udala, Berritzeguneak, ikastetxeak, enpresak eta enpresa elkarteak, hizkuntza-aholkularitzak, sindikatuak, alderdi politikoak. Hausnarketan 300 proposamen inguru jaso ziren, Gehitu ikerketa oinarri hartuta. Horien berri eman nahi dugu hurrengo  lerroetan.

3713441792_5ca0fde724_b

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/lawprier/3713441792

Gehitu ikerketa IMHk, Lanekik eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta,  eta agerian utzi du Gipuzkoan 10 ikasletatik 8 gai direla euskaraz lan egiteko, 6k hala egin nahiko luketela eta 4k egiten dituztela praktikak euskaraz. Izan ere, Ikaslan, Hetel, Izea-Aice eta Ikastolen Elkarteko 39 ikastetxetako 1.457 ikaslek emandako erantzunen arabera, D ereduko 747 ikasletatik 289k gaztelaniaz nagusiki egin dituzte praktikak. 3 instruktoretatik 2 euskaraz aritzeko gai badira ere (1.014, instruktoreen %69,5), kasu batzuetan, euskara ez zekiten instruktoreak egokitu zaizkie, eta, beste kasu batzuetan, euskal hiztuna izanik ere, gaztelaniaz egin dute (197 kasu, instruktore euskaldunen %19,4).

Gauzak horrela, hauek dira LP inguruan egindako hausnarketan jasotako ideia giltzarrietako batzuk: Eusko Jaurlaritzari eskatu zaio LP arautzea eta sistematizatzea, eredugarri eta sustatzaile izatea, eta errekonozimendu eta pizgarriak eskaintzea. Horretarako, proposatu zaio, batetik, LP arautzen duen 156/2003 dekretuan hizkuntza irizpideak txertatzea eta araudia betearaztea, eta, bestetik, hori gauzatzen laguntzeko, ikastetxeak garapen mailaren arabera elkartzea eta LP euskaraz egitea sistematizatuko duen egitasmoa jartzea martxan.  Ikastetxeei proposatu zaie  hizkuntza proiektuan txertatzea LP, helburu zehatzak finkatzea, eta LP prozedura hizkuntzaren ikuspegitik sistematizatzea. Enpresei eta Enpresa-elkarteei, gaiarekiko sentiberatzea eta aukera bermatzea eskatzen zaie. Euskara plana duten enpresek gaian sakondu, eta gainontzekoentzat euskara sustatzeko kanpaina periodikoak egin bazkideen artean, enpresek duten erantzukizunaz jabetzeko. Komeniko litzateke baldintzak sortzeko protokolo bat definitzea, hezkuntzarekin elkarlanean: instruktore euskaldunak lehenetsi, ikasleari harrera euskaraz egin eta hizkuntza kudeaketari buruz duten jarrera azaldu, tutorearekin bilerak euskaraz egin, paisaia linguistikoa eta dokumenturik erabilienak euskaratu, lan zirkuitu euskaldunak zehaztu…

Badira proposamenak jaso dituzten eragile gehiago ere. Esate baterako: Berritzeguneei koordinazio eta zubi-lana egitea eskatu zaie, erakunde publikoei eredugarriak izatea haiek kudeatutako praktiketan, eta babesa, sustapena eta sari-bideak jartzea; sindikatu, alderdi politiko eta besteei, baliabideak ipini eta zaintza lanak egitea…

Amaitzeko,  esker ona eman 30+10 mintegian eta Gehitu proiektuan parte hartu duten guztiei, 2015 urtean bide-orriko proposamenak gauzatzeko deia egin, eta gogorarazi hemen laburtutako ekarpen guztiak bere osotasunean argitaratu direla IMHren webgunean.

Edurne Bilbao (IMH – Makina Erremintaren Institutua)

Irakurtzen jarraitu...