Tolosaldea LH institutuko ikasle batzuk praktikekin hasiak dira dagoeneko, beste batzuk hastear; guztiek dute hizkuntza kudeaketa egiteko beharra. Praktikak euskaraz egitea da eskolak duen erronkatako bat, eta horretan saiatzen da lantegiekin praktikaldiaz jarduten duenean. Baina ez da nahikoa. Aukera izatea eta gogoa izatea beti ez da euskaraz arituko garenaren bermea, zer edo zer gehiago behar dugu, antza.

Argazkia: Tolosaldea LH

Kalean zein lanean, ondokoek egiten dutenari eusten diogu; baina nahi izanez gero, modu erosoan, gure lan ibilbidea zein hizkuntzatan egingo dugun erabaki dezakegu. EMUNek erakutsi digu euskaraz lan egitea askoren errealitatea dela, egiten ez den lekuan ere aukera sor dezakegula eta entzuten ez dugun lekuan aurkitu dezakegula:

  • Izan gaitezen gure aliatu: “Euskaraz egiten badut, tentsioa sortuko dut”, “euskaraz egiten badut, lana oztopatuko dut”, “euskaraz egiten badut, ez da hain ondo ulertuko”… bezalako aurreiritziak dituzu? Errepaso bat emaiezu, oztopo horiek guztiak gure buruan daude-eta!
  • Egin nahi duguna eskatu edo esan egin behar dugu (uste baino gehiagotan etorriko zaigu-eta): “Mesedez, txantiloi hau euskaraz baduzue?”, “ordenagailua euskaraz izateko aukera daukat?”, “instrukzioak euskaraz badituzue?”, “hemendik aurrera euskaraz egiten saiatuko naiz”, “badago hemen euskaraz lan egiten duenik? Nola egiten du?”…
  • Euskaraz aritzeko aukera duzu, besteek gaztelania erabiltzeko duten bezala (elkarrizketetan esplizitatzeak erraztu egiten digu): “Zuk jarraitu gaztelaniaz, nik nahiago dut euskaraz” (elkarrizketa elebiduna).
  • Udaletxeek, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak dituzten diru-laguntzak ezagutu, lantegiko hizkuntza paisaia (errotulazioa…) euskaratzen lagunduko dizu, programa informatikoak egokitzen, enpresa modu planifikatu batean euskarara ekartzen…
Irakurtzen jarraitu...

2015ean hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundia lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko diru laguntzak ematen enpresei. Orduan 114 enpresak jaso zuten diru laguntza eta 253 ikasleri eragin zien.

Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

GFAko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak martxoaren 7an argitaratu ditu lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko diru laguntzak ematea arautzen duten oinarriak. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 8an hasi da eta 2017ko martxoaren 30ean bukatuko da.

Diru laguntza hauen xedea da Lantokiko Prestakuntza modulua euskaraz eskaini ahal izateko enpresa eskatzaileek egin ditzaketen gastu jakin batzuk konpentsatzea. Hiru gastu mota hauek izango dira diruz lagungarriak:

  1. Enpresaren aldetik Lantokiko Prestakuntza euskaraz egin ahal izateko instrukzioaz, garapenaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzen diren pertsonen prestakuntza berezituaren kostua.
  2. Xede horretarako dokumentu materialak euskaraz egiteko kostuak.
  3. Praktika aldiak euskaraz egin ahal izateko sortzen diren berariazko beste gastuak edo kostuak.

Diru laguntza hau jasoko duten enpresek 600 euroko zenbateko finko bat jasoko dute eta ikasle bakoitzaren prestakuntza ordu bakoitzeko 0,50 euroko zenbatekoa, gehienez ere 400 orduko mugaz. Edonola ere, ematen diren diru laguntzen kopuruaren gehienezko muga 3.000 euro izango da.

Irakurtzen jarraitu...

Azken urteetan gero eta gehiago entzuten dugu motibazioa oso garrantzitsua dela, pertsonak motibatu egin behar ditugula hau edo hura egiteko; eta, euskararen normalizazio arloan lanean gabiltzanok ere, behin eta berriz azpimarratu izan dugu kontzeptu horren garrantzia. Hala ere, batzuetan ahaztu egiten zaigu motibazioa helburu batzuk lortzeko bitartekoa besterik ez dela.

7910154580_9a19027662_o

Argazkia: Flickr

Hori dela eta, EMUNeko motibazioko praktika komunitatetik gai horri heldu diogu, eta azken urteetan EMUNen motibazio arloan gauzatu diren motibazio praktika esanguratsuenak helburuen arabera sailkatu ditugu:

  • Erabilera handitzea helburu duten praktikak: euskaraz hitz egiteko guneak, ohiko guneak erabilita dinamika bereziak hizkuntza ohiturak lantzeko…
  • Iritzia sortzea edo pentsamendua garatzea helburu duten praktikak; hizkuntzaren inguruan hausnartu eta pentsamendua garatzeko saioak, hain zuzen ere: justizia soziala, hizkuntza ekologia, eredugarritasuna, lidergoa…
  • Parte-hartzea handitzea helburu duten praktikak; hau da, ahalik eta jende gehienak euskara normalizatzeko prozesuan parte hartzeko praktikak: elkarrizketa informalak eta formalak, sormen tailerrak, lehiaketak, langileen arteko mezu kateak…
  • Komunikazioa hobetzea helburu duten praktikak: elkartzeko gune eta modu berriak, eduki berriak eta euskarri erakargarriak, tresna berrien erabilera…

Lortzen ote dugu praktika horiekin guztiekin euskara ezagutzeko eta erabiltzeko motibazioa handitzea?

Jakina, zuen portaerak dira gure neurgailu.

EMUNeko motibazioko praktika komunitatea

Irakurtzen jarraitu...