Iragan urriaren 1ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko Udal<>ekin egitasmoaren muina diren Proiektu Elkartuen azken berriak entzun ahal izan genituen.

proiektu_Elkartuak_3.mintegia

Gotzon Egia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzuburuaren esanetan, Proiektu Elkartuak egitasmoak emaitza aplikagarriak ematen dituzten ikertzeko guneak dira; ikerketa eta garapenaren bulegoak, hain zuzen ere. Hauek dira orain arte emaitza aplikagarriak emateko sortu diren proiektuak:

  1. Helduen euskalduntze-alfabetatzerako diru laguntzen kudeaketa
  2. Kontratuetako hizkuntza irizpideen jarraipena
  3. Lanlekuko ahozko harremanak euskalduntzea
  4. Gurasoen erabilera handitzea
  5. Hizkuntza hautua aplikazioetan

Proiektu Elkartu bakoitzean talde sendo bat aritu da elkarlanean, 46 lagun 5 proiektu horietan buru-belarri; gehienak euskara teknikariak, baina baita zinegotziak eta euskaltegietako partaideak ere. Lantalde bakoitzak sortzen duen lana eta materiala euskara teknikari eta arduradun politiko guztien eskura jartzen du, gainerako udaletan ere aplika dadin. Horixe da, hain justu, Proiektu Elkartuen muina, taldean sortu, gero udal guztietara hedatzeko.

Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariak, azpimarratu zuen beste erakunde batzuk euskalduntzeko traktore lana egin beharra dagoela, eta hori elkarrekin eginda, beti dela eraginkorragoa. Sarea zabaltzen joatea beharrezkotzat jo zuen, era horretan ahaleginak biderkatuko baitira. Beraz, datozen urteetako iparrak, besteak beste, ondorengoak izango dira: helduen euskalduntze-alfabetatzean doakotasunerako bidea jorratzea, kontratuetako irizpideekin jarraipena hobetzea arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzen joan dadin, administrazioan zerbitzu eta lan hizkuntza euskara bihurtzeko ahozko harremanak euskalduntzea, arnasguneetako gurasoen arteko erabilera handitzea eta, azkenik, IZFEko aplikazioetan hizkuntza kudeaketa hobetzea. Horiek jarraipen fasean sartu ahala, berriei ekingo zaie.

Amaitzeko, mintegian aipatutako hitzik esanguratsuenak gogora ekarri zituen Zigor Etxeburuak:  inertziak apurtu, gogoeta egin, kontzientzia, jarrera aldaketa, ohitura aldaketa eta jarraipenaren garrantzia, besteak beste.

Irakurtzen jarraitu...

Gipuzkoako Foru Gobernuaren asmoa da euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzea eta bide horretan udalak nahitaezko aliatutzat ditu. Konplizitatea eta lankidetza bultzatu nahirik, ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalen arteko elkarlana sustatu du, Udal<>ekin egitasmoaren bidetik. Horretarako, hiru tipologiako lankidetza eredua jarri dugu abian, biztanle kopuruaren eta euskaldunen ehunekoaren arabera antolatuta.

Batetik, UEMAn biltzen diren eta ezaugarri berdinak dituzten udalak (biztanle gutxien eta, ehunekoetan, euskaldun gehien dituztenak; > %80). Bestetik, euskaldunen bataz bestekoa altua (%60-80 artean) duten herri kozkorrak (4.600-22.000 biz.). Eta azkenik, euskaldunak %60 baino gutxiago diren herri eta hiriak.

Ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalek proiektu elkartuen bidez irtenbideak elkarrekin diseinatzea proposatu dugu, praktika-komunitateak antolatzeko beste abiapuntu bat izango da. Tipologia bakoitzeko bizpahiru proiektu diseinatzea aurreikusi da.

Lankidetza eredu hau dagoeneko aurkeztu zaie udal ordezkariei eta euskara teknikariei, legegintzaldirako Foru Gobernuaren asmoak aurkezteko berariaz antolatutako bilkuretan eta begi honez hartua izan da ikuspegi hau.

Horretaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigu arduradun politikoen babesa eta inplikazioa lortzea, eta ziur gaude horretarako prestasun osoa izango dela denon partetik. Euskara teknikaria-zinegotzia binomioak garrantzia berezia hartuko du, beraz.

Iruditzen zaigu lankidetza eredu hau egokia izan daitekeela euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzeko eta horretan saiatuko gara.

Bidaltzailea: Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia)

Irakurtzen jarraitu...