Ikerketa lan honetan, Txerra Rodriguezek, Emuneko gure lankideak, Basauriko Euskarabila euskara elkartearen inguruan garatutako aktibismoa eta diskurtsoak aztertu ditu; horretarako, hainbat gairi oratu die (komunitategintza, administrazioarekin izandako harremanak, elkartearen barne bizitza, elkartearen irudia…) eta, ikerketa lana saritua izan da Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Hausnartu Sarietan. Lan honetan, diskurtsoak aztertzeaz gain, aurrera begirako proposamenak eta praktika zehatzak ere jaso ditu Txerrak, beste euskara elkarte batzuentzat baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Dokumentu honetan daude laburtuta, hasierako hipotesiak, metodologia, ondorioak eta aurrera begirako proposamenak. Sari banaketa ekitaldiko aurkezpen bideoa ere hemen duzue ikusgai:

Eta, ikerketa lana irakurtzera gonbidatzeko, aurrerapen gisa, hemen dituzue ondorioetatik atera ditugun hainbat pasarte:

1) Euskarabilak antolatzen duen Basaurin Be Bagara egitasmoak (2012tik, urtero, Basaurin egiten den egun osoko jaiegunak) urte gutxian erreferentzialtasun handia batu du, ia-ia herriko ikono bihurtu arte. Egia da ez duela ekarri jende gehiago elkartearen eguneroko jardunera, baina, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin konplizitateak sortu egin dira.

Sare horiek aprobetxatu beharraz aritu dira ikerketako parte-hartzaileetako bat baino gehiago, elkarte, kolektibo eta eragileetan nolabait “Euskarabila” txikiak egon edo sor daitezen; sare horiek sakondu, sare horiek sendotu, sare horiek trinkotu. Agian, zaila dauka Euskarabilak euskara “lehentasun” moduan duen jendea aurkitzea. Agian, errazago dauka Euskarabilak sare horietan euskararen aldeko lana egingo duen jendea aurkitzea.

2) Euskarabila elkartearen erdigunea osatzen duten kideek ez dute erakusten Basaurin elkarteak berak duen aniztasuna (genero aldetik, adin aldetik eta, batez ere, ideologia aldetik). Badirudi elkartearen erdigunea adin batetik gorako euskaldunek betetzen dutela; badirudi, gainera, kide horiek nola edo hala hautu politiko jakin batekin (ezker abertzalearekin) lotzen duela jende batek (ez dut esan nahi horrela denik, ezta Euskarabilak jardun alderdikoia duenik ere).

Ikerketan parte hartu duten kideetako askok esaten du Euskarabilak jarraitu behar duela jardun ez alderdikoia egiten eta kalera begira ematen duen irudia horretan datzala, eta ez horrenbeste aurpegietan. Argi dago jarduna dela funtsezkoena, baina nire ustez horrek ez du esan gura irudia zaindu behar ez denik. Gainera, Basaurin Be Bagara ekimenean Euskarabilak bai ematen du aniztasun irudia, bai islatzen du bere baitan dagoen aniztasuna.

3) Egia da Euskarabila eta Basauriko Udalaren arteko harremanak ez direla behar bezain sakon eta eraginkorrak, ez alderdi teknikoari dagokionez, ezta alderdi politikoari dagokionez ere.

Argi dago harreman naturalago batek gauzak erraztuko lituzkeela. Baina, eta ikerketa parte hartu duten kideen iritziak aintzat hartuta, ez du ematen harreman hobe batek elkartearen egunerokora jende gehiago erakarriko zuenik. Izan daiteke, baina ez du ematen bien arteko eragin zuzena egon daitekeenik.

4) Ikerketan parte hartu dutenen berbak irakurrita, ematen du Euskarabilak, bere jardunean eta pentsaeran, kontziente izan dituela norbera, taldea eta proiektua. Taldea hartu du aintzat: bazkideak informatu egin ditu, taldearen parte sentiarazteko lana egin izan du… Proiektua ere izan du Euskarabilak ikusmiran: funtzioak eta jardunak landu egin ditu, aliantzak bilatu ditu (gatzatu diren ala ez, hori beste kontu bat da), ekimen berritzaileak abian jarri eta abar. Norberaren arloa ere landu delakoan nago. Izan ere, elkarteko kideen bizipoza, autoerrealizazioa, iritziak eta abar izan ditu aintzat elkarteak bere jardunean.

Hiru faktoreak landu ditu Euskarabilak. Hala ere, lantzeak ez dakar, berez, hiru faktore horietan gura izan ziren helburuak lortzea. Eta horixe da, nire ustez, parte-hartzaile gehienek euren iritzietan islatzen dutena.

5) Ikerketan parte hartu duten kide gehienen iritziz, Basaurin, orain eta hemen, hizkuntza normalizazioaren inguruko diskurtso eta praktikak ez daude behar beste jendarteratuta.

Euskarabilak hizkuntza normalizazioaren oinarrien inguruko pedagogia lana egin behar duela iritzi diote ikerketan parte hartu duten gehienek. Eta hori bat dator nik esandakoarekin.

Baina… ikerketan parte hartu duten kideek ez dute hain argi euskaldunak aktibatzeko katalizatzaile nagusietakoa Euskarabila izan behar denik. Euskarabilak sustatu, bultzatu behar ditu euskarazko jardunak Basaurin. Baina Euskarabilak antolatu behar dituenik ez dago horren argi. Elkarteak lan egin beharko luke besteek euskarazko jardunak, euskarazko ekintzak, euskarazko harremanak sor ditzaten. Baina, agian, eraginkorragoa da Euskarabilak antolatzea baino, besteek antola dezaten lan egitea.

6) Bukatzeko, Euskarabilak 2012an egindako gogoeta-prozesua oso kide gutxik aipatu dute eta, gainera, aipatu dutenean, gainetik aipatu dute eta Basaurin Be Bagara ekimenari lotuta. Ez du ematen prozesu hark arrasto sakonik utzi zuenik elkartearen egunerokoan, eta, badirudi, gogoeta-prozesuak ekarri duen fruitu bakarra (edo nagusiena behinik behin) Basaurin Be Bagara izan dela.

Eta, bukatzeko, jarraian zerrendatu ditugu, labur-labur, Txerrak aurrera begirako egiten dituen proposamen batzuk, 3 arlotan multzokatuta:

Norbera:

  • Euskarabilako zuzendaritzako kideen zaintza gehiago landu behar du elkarteak berak.
  • Kideen prestakuntza ere landu behar da; baina, ez horrenbeste oinarrizko soziolinguistikari buruzkoa, baizik eta, hori baino gehiago, elkarte baten eguneroko bizitzan egoten diren behar praktikoei erantzutekoa: Gestio Plan bat nola egiten den, komunikazio kanpaina bat egiteko zer egin behar den…
  • Kide berriei ongietorri formala egiteko modua.
  • Bizipoza: pasioa, ilusioa… hori ere landu beharrekoa da.

Taldea edo elkartea:

  • Bazkideen zaintza, kasu honetan bai eman beharko lirateke soziolinguistikari buruzko oinarriak.
  • Parte-hartzearen zaintza egin; hau da, bazkideek zertan parte hartu dezaketen zabaldu, eta parte hartzeko modu berriak ere planteatu euskara elkartearen barruan.
  • Zuzendaritza taldea zaindu; batez ere, eraginkortasuna bilatzeko helburuarekin (bileren iraupenean zorrotz jokatzea, ardurak txandakatzea…).
  • Bazkideen prestakuntzari ere behar duen garrantzia ematea.

Proiektua:

  • Zubiak eraiki, kasu honetan, batez ere, Udala eta elkartearen artean.
  • Gazteen autonomia eta autogestio goseari bere bidea egiten uztea eta elikatzea; gazteek parte hartzea nahi badugu, utzi egin behar zaie euren erara antolatzen eta erabakiak hartzen.
  • Bizi-eredu aurreratzaileak martxan jarri; “Egia estiloa” moduko egitasmoak, hain zuzen ere.
  • Basaurin Be Bagara helburu baino, tresna moduan erabiltzea bestelako sare eta konplizitate batzuk lortzeko basauritarren artean.
Irakurtzen jarraitu...

Uda aurretik 3 soziolinguistika hausnarketa-saio-bazkari egin genituen EMUNeko hainbat lankidek. Txoko banatan, mokadu eta mokadu artean, soziolinguistikaz aritu ginen, batzuetan gai-jartzaileak proposatutako gaiari tiraka, beste batzuetan libre, buruan bueltaka genituen ideiak, kezkak eta iritziak lankideekin partekatuz. Han aipatutakoetatik abiatuz, soziolinguistikan aditu diren 3 lankideri artikulu bana idaztea eskatu diegu. Jarraian irakur dezakezue lehena, Txerra Rodriguezek josi duena, hain zuzen ere.

txerra_rodriguez

Askotan galdetu diot neure buruari enpresetako Euskara Plana abiatzeko erabakia nondik irteten den. Hiru aukera bururatu zaizkit: tripetatik, bihotzetik edo onuratik.

Hala ere, erabakia nondik datorren baino, nora doan iruditzen zait garrantzitsuago. Eta hasieratik Zuzendaritzarekin adostu behar da zer aldaketa egiteko prest dauden. Era berean, arduradun teknikoari (hau da, euskara teknikariari) zer eskatuko zaion eta zer ez ere adostu behar du enpresak berak. Eta gutxien-gutxienik Zuzendaritzari eskatu behar zaio iraunkortasuna (hau da, euskara plana urte batzuetan iraungo duen agindua, agindu berbaren bi adieretan).

Eta arduradun teknikook zer? Guk ezin dugu gure ideologiaren arabera jokatu euskara plan batean. Guk komunitateak (enpresa eta langileak) esaten duena hartu behar dugu aintzat. Baina horrek ez du esan gura guk bide hori dagoenean onartu behar dugunik. Ez.

Guk azaldu behar diegu helburuak lortzeko hartu beharreko bidea zein izan daitekeen. Eta azaldu behar diegu ere eurek hartutako bidearekin eurek jarritako helburuetara heltzeko zer zailtasun edo eragozpen egongo diren.

Beste hitz batzuekin esanda, guk zintzo jokatu behar dugu, guk zorrotz jokatu behar dugu. Bide bakoitzak zer dakarren eta zer ez azaldu behar diegu, zintzo. Hala ere, ezin dugu ahaztu hau, zorionez, ez dela zientzia zehatza.

Txerra Rodriguez  (soziolinguista eta EMUNeko lankidea)

Irakurtzen jarraitu...