Aurreko astean azaldu bezala, abian da sareko hizkuntzei buruzko hausnarketa: enpresa, sarea eta hizkuntzak.

Joxe Rojas izan da ibilbide honi hasiera eman diona eta ondorengo gaiaren inguruan luze eta argi idatzi du: kontu bakarra ala bi kontu?.


Argazkiak.org | Ordenagailua © cc-by-sa: lantalan

Gaiaren inguruan eztabaida piztu da Joxeren blogean. Zuek nola ikusten duzue kontu hau guztia? Esperientziarik bai?

Ziur zuek ere baduzula zerbait esateko.

Bidaltzailea: Edurne Gonzalez eta Amaia Mendizabal, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

EMUNeko lantalde bat, bezero zehatz batzuen kezkari erantzunez, enpresek sare sozialetan zein hizkuntza erabili behar dituzten hasi zen aztertzen. Uste dugu edozein enpresaren kezka izango dela epe motzean eta, horregatik, arazoa orokortu eta ikerketa proiektu bat jarri dugu martxan.

Gaur egun, enpresa eta erakunde askoren komunikazio kanal bihurtu dira sare sozialak. Enpresa eta erakunde hauek bere bezeroen hizkuntza eskubideak errespetatu behar dituzte eta baliteke, gainera, beste komunikazio kanal batzuetarako hizkuntza irizpideak zehaztuta edukitzea. Baina, nola jokatu behar dute sare sozialetan? Zein izan daiteke estrategia linguistiko egokiena?

Social Media 01
Argazkia: Rosaura Ochoa.

Ikerketa honen helburua enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gaineko hausnarketa egitea da, hizkuntza irizpide egokiak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko. Horretarako, sarean aditu-arituekin eta enpresa pribatuekin gaiaren inguruko hausnarketa proposatzen dugu. Ikerketa hau guztia Eusko Jaurlaritzako HPSk diruz lagundu du.

Hausnarketa hau, nola ez, sarean egingo dugu eta aditu-arituen iritziak eta sare sozialen bitartez komunikatzeko ahalegin handian diharduten enpresen esperientziak jasoko ditugu. Bi galdera potolo erantzuten saiatuko gara: enpresak sarean zein hizkuntza erabiltzen ditu, eta zergatik? Nola kudeatzen du?

Flickr Mints
Argazkia: Neal Fowler.

Aukerak asko dira, enpresa bakoitzaren ezaugarriek ere baldintzatu egiten duten euren aukera, bezero mota, merkatua… baina, erakundea euskararekiko sentsibilizazioa badu ere, hainbat zalantza sortzen zaizkio hau kudeatzerakoan: kontu bat hizkuntza bakoitzarentzat edo hizkuntza guztiak kontu berean? Korporatiboki, hizkuntza formala edo kolokiala? Hemengo identitatea mantenduz eta munduarekin hitz egin, nola? Zein balio ematen dio euskaraz egiteak?

Lanketaren emaitza sare sozialetan hizkuntzen kudeaketari buruzko kezka duten enpresentzat gomendio batzuk eta gida bat izango litzateke. Aditu eta erabiltzaileen iritziak kontuan hartuz sortua, enpresak erabili ditzaten.

Uste dugu gaia interesekoa izango dela, eta are interesgarriagoa izatea lortuko dugu zuen esperientzien berri ere izaten dugun heinean. Beraz, zuen parte-hartzea ere ongi etorria izango da.

Datorren astean izango duzue irakurtzeko moduan lehen adituaren lanketa, Joxe Rojasena, hain zuzen ere.

Bidaltzailea: Edurne Gonzalez eta Amaia Mendizabal, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzten Europako gazteen topaketa izan zen uztailaren hirugarren astean Gasteizen. Zenbait ekintzen artean, hainbat hizlarik beraien lanaren eta ezagutzaren berri eman zuten Gasteizko Letren Fakultatean. Ostegun goizean Gorka Julio, komunitate eta meta-komunitateak sare sozialetan izenburupean aritu zen berbaz.

 

 

 

Sare sozialak entzun eta internet etortzen zaigu gogora gehienoi, baina sare sozialak internet baino lehen ere bazeuden Gorka Julioren hitzetan. Sare sozialak harreman sozialen sareak dira eta harreman horietan lotura gogorrak eta lotura arinak bereizten dira. Lotura gogorrak lagunekin, familiakoekin… garatzen ditugu eta arinak aldiz informazioa garraiatu edo komunikazio ekintza bat garatzeko baliatzen ditugu.

 

 

 

 

 

 

Ezkerreko irudian, matxinatze atalasea bikoa da, alegia, 1 zenbakidunak, 2ak eta 4ak euskaraz dakiten jakin behar du berak ere hizkuntza horretan hitz egiteko, baina 3aren inguruko informaziorik ez du, eta beharbada ez duela euskaraz jakingo eta ondorioz ez dio euskaraz egingo. Horren ondorioz, laukotearen hizkuntza euskara ez den beste bat izango da.

Eskumako irudian, 1 zenbakidunak, ezagutzen ditu 2 eta 3 eta euskaraz baldin badakite komunikazioa euskarazkoa izango da beti. 4ak ostera, nekez egingo du euskaraz, isolatuta dagoelako eta ez daukalako inor alboan.

Azalpen honek ondoko ondorioa ateratzera eramaten gaitu, Gorkak azaldu bezala, sare egiturak baldintzatu egiten gaituela. Horregatik, taldeetan euskaraz hitz egin dadin gura badugu taldeak txikitu beharko ditugu, edo kanpotik zerbait sartu. Azken batean, sareen azpian botereen logika bat dagoelako beti.

Interneteko sare sozialek hiperkonektibitatea ekarri dute. Bakarka egiteko gai ez garen hori elkarrekin egiteko aukera dugu orain. Horrez gain, identitate digital bat garatzeko aukera ematen digu eta beste identitate digital batzuk jorratzekoa. Hala ere, badu bere alde ezegonkorra ere, proportzioaren logika galtzen da sarri, sarrera txiki batek eragin handia izan dezake edo eguneroko bizitzan pertsona batzuei zerbait ezkutatzen saiatzen gara eta sare sozial digitaletan sartuz gero guzti horren berri izan dezakete.

Pribatutasuna ez da errespetatzen eta kontrol zentralizatu bat garatzen du. Baina argi izan behar dugu “hor ez bagaude ez garela egongo”, eta oraindik argiago hizkuntza minorizatuen kasuan. Interneten ezagutzen ditugun sare sozialez gain alternatiba asko daude eta hizkuntza minorizatuek sare sozialetan aukera handiak dituzte.

Aipagarria da nola 2006-2008 urte bitarte horretan blogen sasoian euskaraz sarean idazten zena 2009-2011n idatzi dena baino gehiago zela. Blogek komunitateak eratu zituzten, parte hartzea eraginez, gaur egun aldiz, sare sozialetan diskurtsoa hedabideek eta talde antolatuek jartzen dute eta erabiltzaileok horrek zabalkundea egiten dugu. Fenomeno hau ez da soilik euskararekin gertatu, gaztelaniari ere berdina gertatu baitzaio.

Hizkuntza komunitarioak eraiki behar ditugu, sortu eta hedatzen duten komunitateak. Euskal komunitatea meta-komunitate bat da, hainbat komunitatek eratutako meta-komunitatea. Azken batean, komunitate antolatuak behar dira, sormena landuko dutenak, gaien arabera sortuko dutenak, komunitatearen laborategia izango direnak. Behin komunitatea eratuta, meta-komunitateak komunitateen arteko loturak bermatuko ditu sare sozialen bidez. Laborategian sortutakoa kanpora ateratzeko komunitateek ondo komunikatuta egotea ezinbesteko da.

Irakurtzen jarraitu...