Euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira: bata Enpresagintza Fakultatekoa eta bestea Goi eskola Politeknikokoa. Lehen sariaren irabazlea Mikel Irusta Zurikarai izan da, Enpresagintzako ikaslea, IK4-Ikerlanentzat egindako “IK4-Ikerlanen informazio tresnen garapena jabetza industrialean oinarrituriko negozio ereduaren mesedetan”. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak 1.500 euroko saria eman diote seigarren edizio honetan. Bigarren sariaren irabazlea Irati Abad Fernández izan da, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea, Fagor Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: “Konpositeentzako HCL eta kargadorea duen transfer prentsaren diseinu estetikoa”. Kasu honetan, Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela sei urte sortu ziren, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. Mondragon Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira, 194 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean, eta horietako 16 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (Mondragon Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.

Irakurtzen jarraitu...

Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak, bosgarren urtez, saritu dituzte euskaraz idatzitako ikasketa amaierako lanik onenak. Miren Baranguan eibartarrak eta Garazi Perez de Arenaza arrasatearrak jaso dituzte sariak.

25760123512_3bbae102fd_o

Irakurri albiste osoa TUlankide.com-en

Irakurtzen jarraitu...

Azkue_bannerra

Maiatzaren 7an egingo da “Teknologia irakaslearen eskura” jardunaldia Euskararen Etxean, Bilbon.

Urtero bezala, Azkue Fundazioak  Jakintza Librearen Jardunaldiak egitasmoarekin lotutako topaketa antolatuko du; urtez urte askotariko gaiak landu izan ditu, eta 5. edizio honetan hezkuntza arloan jarriko du arreta.

Didaktika arloan eta dinamizazioan teknologiaren aplikazioa izango dugu hizpide, eta eskolak eskaintzerakoan hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu. Guztira, bost ikastetxe, arlo eta etapa ezberdinei lotutako proiektuen arduradunek euren esperientzien oinarriak azalduko dizkigute; gure ingurukoak eta baita estatu mailakoak ere.

Santiago Moll (@smoll73) eta Iñaki Telleria (@itelleria) dira jardunaldiaren hizlari nagusiak; bakoitza bere alorrean eredu eta erreferente da. Santiago Mollek hasiera emango dio jardunaldiari. Bigarren hezkuntzako irakaslea da Ciutadellan, Menorcan, eta bere esperientzia eta saiakerak dokumentatu, informazioa eta ezagutza partekatu, eta arlo digitalean lanari etekin handiagoa ateratzeko, 2013an Justificaturespuesta bloga sortu zuen. Arrakasta handia izan du hezkuntza arloan, eta errekonozimendua emateaz gain, 2014an bloga Bitácora sarietan finalista izan zen, eta aurten Educa.net lehiaketan irabazle izan da.

Iñaki Telleria ikastetxeetako kudeaketa aplikazioen dinamizatzailea da Tknikan, Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroan, eta IKT koordinatzailea ere bai. Tknikan irakaskuntzako gaitasun digitalen inguruko lan handia egiten dute, eta euren ekarpenak kontatuko dizkigu.

Jardunaldiaren formatua praktikoa izango da: hitzaldi nagusiez gain, ikasketa mailaren araberako hiru lan-talde osatuko dira eta, horrela, gai zehatzen inguruan sakonago lantzeko aukera izango dugu. Jardunaldia partekatze, elkartruke eta hausnarketarako gunea bilakatzea da helburua: askotariko esperientzien bidez zalantzak argitzea, eztabaidatzea, ideiak hartzea, lankidetzarako bideak elkarrekin topatzea, profesionalek elkar ezagutzea, eta abar. Emuneko hainbat aholkularik ere lan-taldeetan parte hartuko du, dinamizazio lanetan lagunduz.

Teknologia, edukien barneratze eta ulertze prozesuan beste osagai bat da eta dinamika, metodoan erabiltzeak onurak eskaintzen ditu. Gainera, baliabideak, tresnak, erremintak… euskaraz ere erabil ditzakegu, eta horixe bera indartu nahi dugu egun horretan. Beraz, irakaskuntza arloan gaitasun digitalen eskuratzeaz, lanketaz, aplikazioaz eta zabalkundeaz jarduteko aukera paregabea izango dugu maiatzaren 7an.

Egitarau osoa hemen ikus dezakezu. Oraindik izena emateko garaiz zabiltza.

Irakurtzen jarraitu...