Gaur egun 360 bazkide dituen Eika kooperatiba 1973. urtean sortu zen Etxebarrin (Bizkaia), Lea-Artibai eskualdean. Bazkide gehienak Lea-Artibai eskualdekoak edo ingurukoak izanik, %89k daki edo ulertzen du euskara. Aurretik ere kasu aurreratu gisa nabarmendua izan du, besteak beste Soziolinguistika Klusterrak. Oraingoan, praktika on bat azaltzeko eskatu diegu, makinak euskaratzen egin duten bidea, hain zuzen ere.

Aurkezpena1

Eika Mondragon Korporazioko Industria Arloko Osagaien Dibisioan dago, eta sutegi elektrikoentzako osagaiak egiten ditugu bertan: bitrozeramikentzako foku irradiatzaileak, eta labeentzako erresistentzia elektrikoak. Eika Taldeko kide ere badira Poloniako planta (EPL), Txekiakoa (CZEika) eta Mexikokoa (EMX).

Euskara Planari dagokionez, honako hau da gure helburu nagusia: Etxebarriko Eika kooperatiban lan hizkuntza eta langileok jasotzen dugun zerbitzu hizkuntza euskara izatea, eta eskualdean eragile moduan jardutea.

Hortaz, euskara planaren helburu nagusia ezagututa, eta Eika industria enpresa dela kontuan izanik, tailerreko makinen arloan aparteko esfortzu eta inbertsio pertsonal eta ekonomikoa egin dugu; izan ere, tailerrean dago langile kopuru handiena –300etik gora makina daude tailerrean, eta 360 bazkideetatik 272 zuzeneko langileak dira–.

Horren erakusgarri, Eikako prozeduretan –inbertsio berrien prozeduran zehazki–, jasota dago makinek euskarazko aukera izan behar dutela, bai botoietan, bai pantailetan. Eta hornitzaileak aukerarik ematen ez duenean, Eikan bertan euskaratzen dira.

Horrela, 15 urtez euskararen normalizatzen jardun ondoren, tailerreko makinen kasuan lortu ditugun emaitzak azpimarragarriak dira:

1) Makinen botoiak: %86 euskara hutsez daude.

Izan ere, Eikako euskararen eskuliburuan jasota dago barne errotuluak –eta, beraz, makinen botoiak– euskara hutsez jarri behar direla.

Zergatik euskara hutsez? Gaztelaniazkoa ere begi aurrean daukagun bitartean euskaldunoi gehiago kostatzen zaigulako euskarazko hitza edo adierazpena geureganatzea. Euskara hutsean jarrita, ordea, euskaldunoi gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskarazko adierazpen berriak ikasteko bidea zabaltzen zaigu.

Euskaraz ez dakitenei, bestalde, ahoz azaltzen zaizkie errotuluek zer esan nahi duten (ez da txuletarik erabiltzen); berehala ikasten dute, euskarazko hizkuntza paisaiara ohitzen dira, eta apurka-apurka eta modu errazean euskararen munduan integratzeko ateak zabaltzen zaizkie. Guztiontzako da onuragarria.

2) Makinen aginte panelak eta pantailak: %73 euskaraz ere badaude –horietatik %90ean euskarak dauka lehentasuna, pantaila automatikoki jartzen baita euskaraz–.

Oraindik ere badira euskarazko aukerarik ez duten makina gutxi batzuk, bere garaian hizkuntza bakarrean egoteko diseinatu zirelako; makina horietako gehienak zaharrak dira.

Lan eta lorpen honen oinarrian, Eikako langile guztien nahia eta inplikazioaz gain, Eikako organoen euskararen aldeko apustu argia dago: euskara Eika barruko lan hizkuntza izatea, horretarako euskaraz lan egiteko langileen gogoa eta irakaskuntza arloan egindako lana aprobetxatuz.

Bidaltzailea: Ainhoa Irureta (Eikako produkzio arduraduna eta euskara koordinatzailea)

Irakurtzen jarraitu...

Euskara plana duten hainbat enpresatako informatikariok mintegia egin dugu. Honako galderari erantzuten saiatu gara: nola eragin dezakegu software erabiltzaileek euskarazko bertsioa aukera dezaten?

DanobatGroup, Ulma, Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Unibertsitatea, Goisolutions eta Emuneko informatikariak eta teknikariak elkartu gara. Gaiari buruzko hausnarketa partekatu dugu lehenik eta, ondoren, sormen-ariketatxo baten bidez, aurrera begirako lan-ildoetarako ideia ugari atera ditugu. Hona hemen batzuk:

– Softwarea garatzerakoan hizkuntza aukera bermatu behar da. Horrez gain, euskara lehenetsita zabaldu daiteke, eta gaztelaniaz nahi duenari aldatzeko eskaera eginarazi.

– Erabiltzaile berriei euskarazkoa bertsioa jarri diezaiekegu aldez aurretik eurei galdetu gabe eta kontrakorik adierazten ez duten bitartean.

– Windows-a euskaraz dutenei, Office-a zuzenean euskaraz jarri diezaiekegu.

– Euskarazko bertsioak erabiltzen dituztenei egiten duten ekarpena errekonozitu behar zaie.

– Softwareetako hizkuntza erabilera ere neurtu beharko litzateke, euskarazko bertsioetan alta emandakoen eta erabiltzaile aktiboen kopuruak ez baitira beti bat etortzen.

– Erabiltzaileak sistema eragilerako (edo nabigatzailerako) aukeratuta daukan hizkuntza har daiteke erreferentzia moduan eta hizkuntza horretan jar diezaiokegu garatutako softwarea ere.

Bukatzeko, informatika sailetan praktika on ugari dagoela eta horiek zabaltzearen garrantzia azpimarratu dugu. Mintegi honen bidez hasitako bideari segida emateko asmoa daukagu.

Irakurtzen jarraitu...