Emunek irabazi du aurten Hausnartu sari nagusia “Lantokietako ahozko erabileraren neurketak. Interpretaziorako eta interbentziorako hainbat gako” lanari esker. Guk Haritz Goikoetxea elkarrizketatu dugu xehetasun gehiago jakin nahian.

Lantokietako ahozko erabileraren neurketei buruzko lan batekin saria irabazi du Emunek, baina zer da neurketa hori?

Soziolinguistika Klusterrak kale neurketak egiteko erabiltzen duen antzeko metodologia erabiltzen dugu guk lantokietan.

Hala ere, desberdintasun gutxi batzuk badira; adibidez, kaleko neurketetan adina, sexua, umeen presentzia moduko aldagaiak neurtzen dira. Guk aldagai horiek ez ditugu neurtzen, gero ekintzak ez baititugu aldagai horien arabera planifikatzen.

Baina, bestalde, enpresako langileek elkar ezagutzen dutenez, neurtzen ibiltzen diren langileek badakite elkarrizketan parte hartzen dutenak euskaldunak ala erdaldunak diren eta, kale neurketetan ez bezala, neurtzaileek hori bai neurtzen dute. Horrek informazio interesgarri pila bat ematen digu: bakarrik euskaldunez osatutako elkarrizketak asko diren, elkarrizketa horietan euskaldunak leialak garen…

Saritutako lanak zer ekarpen egiten duela esango zenuke?

Orain arte, euskaldunak %80 diren enpresa batean neurketak egin eta euskarazko elkarrizketak %50 izaten zirela jakin genezakeen, adibidez; baina, ez genekien zeintzuk ziren datu on edo txar horren atzean zeuden arrazoiak. Ikerketa honekin erabilera datu horretan eragiten duten 5 aldagaiak identifikatzera iritsi gara:

  • Elkarrizketetako partaideen euskara ezagutza: elkarrizketetan zenbat euskaldunek parte hartu duen.
  • Elkarrizketetako partaide kopurua: izan ere, elkarrizketa asko talde handietan izaten direnean, euskararen ahozko erabilera jaitsi egiten da. Izan ere, talde handietan denak euskaldunak izatea zailagoa da eta, erdaldunen bat tartean denean gaztelaniaz hitz egitea da espero daitekeena.
  • Euskaldunen trinkotzea: euskaldunak euskaldunekin zein neurritan elkartzen diren; euskaldunak sakabanatuta egotearen edo euskaldunen dispertsioaren justu kontrakoa izango litzateke.
  • Euskaldunen leialtasuna: bakarrik euskaldunak egon diren taldeetan euskaraz izandako elkarrizketen proportzioa.
  • Euskaldune hiperleialtasuna: euskaldunak eta erdaldunak egon diren elkarrizketetatik zenbat izan diren euskaraz. Dena den, faktore horrek ez du besteek duten pisu berbera, hiperleialtasunik ez egotea edo oso txikia izatea baita ohikoena.

Nola erabil ditzakegu hortik ateratako datuak? Jo dezagun enpresa batean neurtaldi batetik bestera erabileran jaitsiera egon dela. Urteko plangintzan nola landuko dugu hori?

Erabilera datu orokorraz gain, begiratu beharko dugu 5 faktore horietako zeinetan gabiltzan kaxkar eta hor eragin.

  • Adibidez, euskaldunen trinkotzea baxua dela ikusten badugu, hau da, euskaldunak euskaldunekin gutxitan elkartzen direla ikusiz gero, Bazkaltegia, Arnasguneak… moduko ekintzak antolatu beharko ditugu.
  • Hiperleialtasuna bada baxua, hau da, erdaldunen bat tartean dagoenean beti-beti gaztelaniaz hitz egiteko joera dagoela baldin badakigu, TELP moduko saioak jarriko ditugu martxan.
  • Aldiz, leialtasuna bada hobetu beharrekoa, hau da, bakarrik euskaldunak elkartzen direnean erdararako joera egonez gero, hausnarketa saioak edo konpromiso kanpainak abiatuko ditugu.

Ekintzekin asmatzeko garrantzitsua da diagnostikoa zein den jakitea eta horren arabera planifikatzea ekintzak.

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistika Klusterra, Urtxintxa eta Emun elkarrekin egindako proiektua duzue hauxe. Gazteak, sare sozialak eta hizkuntza kudeaketa izan dugu aztergai.

Horretarako, “arrakastatsutzat” jotzen ditugun 6 bat esperientzia deskribatu eta bertatik estrapolagarriak izan daitezkeen ikasgaiak ateratzea bilatu dugu. Esperientzia guztiak gazteekin harremana dutenak dira, baina esparru desberdinetakoak izan daitezen bermatu da: hedabideak, gazte-taldeak, kirol arlokoren bat, musika taldeak… Gainera, sare sozial ezberdinetan kokatzen diren esperientziak izan dira aukeratuak: Tuenti-n, Facebook-en eta Twitter-en. Sei kasu horiek honako hauek izan dira: Doka kafe antzokia, Euskal Herria Zuzenean festibala, Gaztea irratia, Ken 7 musika taldea, Gernikako Gaztetxea eta Mikel Astarloza kirolaria. Bi aditurengana ere jo dugu: Koldo Diaz doktore-gaiarengana eta Gorka Julio Teketen adituarengana.

Gazteak eta sare sozialak from Soziolinguistika Klusterra on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Eralan III:

Julen Arexolaleiba

Abenduaren 1ean izandako Eralan lantaldeen topaketa saioko hirugarren eta azken hitzaldiaren laburpena da gaur eskaintzen dizueguna. Maite Artola eta Mari Luz Estebanen ondoren izan zen Julen Arexolaleibak emandako hitzaldia.

Julen Arexolaleibak adostasunaren garrantziaz eta elkarlan ez lehiakorraz hitz egiteko baliatu zuen bere interbentzioa. Administrazioa euskaraz aldizkariak Joxe Azurmendiri urrian egindako elkarrizketa hartu zuen abiapuntutzat identitate kontzeptuari buruz hausnartzeko. Orain arteko definizio itxiak baztertu eta identitatea modu aldakor eta dinamikoan ulertu behar dugula adierazi zuen.

Irakurtzen jarraitu...

Abenduaren 1ean izandako Eralan lantaldeen topaketa saioko bigarren hitzaldiaren laburpena eskainiko dizuegu gaurko alean. Aurreko astean hasitako bidearen jarraipena.

Mari Luz Esteban EHUko Antropologia Saileko irakaslea da eta bere ibilbidea feminismoan zentratu da, bereziki. Feminismotik euskalgintzarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gako eman nahi izan zituen bere hitzaldiarekin. Jabekuntzaren kontzeptuaren gainean bi diziplinen arteko zubia eraikitzeko proposamena izan zen.

Feminismoaren baitan ibilbide luzea duen kontzeptua da jabekuntza Hegoamerikako eta Afrikako emakumeak erabiltzen hasi zirenetik(gaztelaniazko empoderamiento edo ingelesezko empowerment hitzetik dator).

Irakurtzen jarraitu...