Pello Jauregi EHUko irakaslea da Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean; besteak beste, “Kuadrillategi” egitasmoa eta “Aldahitz: eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan munduan” proiektua koordinatu ditu; Moti+Batu jardunaldietan eman zuen Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak hitzaldiak ere izan du han eta hemen oihartzuna. Oraingoan, berriz, EMUNeko lankideoi eman berri dugun “Nola txertatu eguneroko esku-hartzean ikerketa aplikatua?” hitzaldia izango dugu hizpide.
Pello Jauregiren iritziz, beharrezkoa da esku-hartzea ikerketaren eskutik joatea; esku-hartzeak noiznahi egiten ditugu, baina, gero, esku-hartze horien berri ematerakoan, zelofanez bildu ez ezik, ikerketarekin janztea komeni zaigu. Ikerketarekin sinesgarritasuna irabaziko du gure esku-hartzeak. Ikerketa diogunean, ez gara ari –nahitaez- prozesu konplexu bati buruz; neurketa sinple batetik datu, taula eta grafiko pila bat atera ditzakegu, eta baita ondorio interesgarriak ere.
Beraz, esku-hartzearekin batera ikerketa egitea komeni zaigu…
- Ikerketak zehaztasuna –irizpideak, adierazleak, aldagaiak eta abar zehaztea– eskatuko digulako.
- Ikerketak gero zein datu beharko ditugun aurrez pentsatzea eskatuko digulako, eta horrek proiektua osoaren ikuspegi orokorra geureganatzen laguntzen du.
- Esku-hartzearen komunikazioa egiterakoan, ikerketak sendotasuna eta argitasuna emango dizkiolako.
Edonola ere, ikerketak ere baditu bere muga edo ahultasunak:
- Oso dinamikoa dena estatiko bihurtzen dute datuek.
- Artifizialtasun kutsua ematen dio errealitateari. Esaterako, 4 maila duena “oso ona” multzoan sartzen badugu, eta “3,9” maila duenari, berriz, “ona” etiketa jartzen badiogu, errealitatea pixka bat desitxuratzen ari gara.
- Ikerketak serioegi edo matematikoegi hartzeko arriskua ere badago; adibidez, erabileran %12tik %14 igotzea positiboa izan daiteke… edo ez. Batzuetan, aldaketa txiki batetik erabateko ondorioak ateratzen ditugu eta, agian, ez da adierazgarria; errore-tarteak ere kontuan hartu behar dira.
Irakurtzen jarraitu...