Joan den astean Garabidek mahai-ingurua antolatu zuen Fagor Taldeko Copreci kooperatiban  Imbaburako (Ekuador) gobernadore Paolina Vercourtere andrearekin, Mexikoko Tosepan kooperatibaren ordezkari batekin, CECIDICeko irakaskuntza eta ikerketa zentroko ordezkari batekin (Kolonbia) eta Fagor Taldeko kooperatiben ordezkariekin.

Bertan hainbat errealitate soziolinguistiko aztertu ziren, izatez oso desberdinak, baina, aukera eta erronka berdintsuak dituztenak.

Topaketa honetan gure kooperatiba industrialeko esperientzia eta gobernantza-modeloa ere partekatu genuen, kooperatibak nazioartera zabaltzeak dakartzan erronkak ahaztu gabe, gure erantzukizun eta konpromiso sozialari begira.

Copreciren instalazioetara egindako bisitarekin amaitu genuen,  eta harritu egin ziren (Paolina gobernadorea ingeniaria da lanbidez) gure produktuak sortzeko erabiltzen ditugun  muntaketa-kate  eta materialetako asko eta asko  Mondragon Taldeko beste kooperatiba batzuei erosiak direla ikustean.

Itxuraz hain desberdinak diren herrien eta komunitateen arteko topaketa-espazio hauek irekitzean, munduari begiratzeko modua aldatzen ari gara, loturak sortzen ditugu, hobeak bihurtzen gara.

Imanol Arriolabengoa (Fagor Taldeko Kontseilu Sozialeko lehendakaria)

 

Irakurtzen jarraitu...

Euskararen normalizazioa hizpide, hainbat kooperatibak hartu zuen parte uztailaren 18an MONDRAGONek antolatutako euskara topaketan.

Jarraibideen esparruan sakontzea da MONDRAGONeko euskararen plan estrategikoaren ildoetako bat. Zentzu horretan, Korporazioak ezarrita dituen Euskara Normalizatzeko Oinarriei eutsiaz batera, normalizaziorantz zenbait bide planteatu ziren Topaketan, hala nola euskaraz sortzea, ulermena bermatzea, euskararentzat funtzio propioak zehaztea eta eragileak sortzea. Finean, helburua da euskara normalizatzeko oinarrietatik euskararen normalizazio eredura bideak urratzen jarraitzea.

Ander Etxeberria MONDRAGONen hedapen kooperatiboaren arduradun eta euskara koordinatzaileak ireki zuen topaketa. Printzipio kooperatiboen artean jasotakoa gogora ekarriz –”Euskara, hizkuntza nazionala den aldetik, eta euskal kulturaren bereizgarriak suspertzen laguntzea”–, Korporazioak euskararen inguruan eginiko ibilbidea laburbildu zuen, zenbait mugarri azaldu eta 2006an onartutako Euskara Normalizatzeko Oinarriak azpimarratu zituen helburuari erreparatuta: lankideek zein hornitzaile eta bezeroek euskararen aukera bermatuta izatea.

Euskara Planak, Ziurtagiriak…

Oinarrion baliagarritasuna eta emaitza gogora ekarri ondoren (62 euskara plan Korporazioan, 28 Bikain ziurtagiri, Euslan eta Euskaragile egitasmoetan partaide gehienak kooperatiba kideak), normalizazioaren kontzeptuak iradokitzen duenaren gainean gogoeta egin zuten bertaratuek. Ondoren, normalizaziorantz egin beharreko bideen erakusgarri, Eika, Kide, Orkli, Fagor Taldea eta Fagor Ederlan kooperatibek euren egitasmoen berri eman zuten.

Eika (Ima Elexpuru). Euskaraz sortzeko lan ildoa abiatzera doaz datorren plangintzaldian. Epe motzean, euskaraz sortzeko dituzten aukeren diagnostikoa egingo dute eta estrategiak zehaztuko dituzte.

Kide (Zuriñe Arakistain): Lanpostuetako hizkuntza profilak definitu dituzte eta euskara kooperatibako kudeaketa sisteman txertatuko dute.

Orkli (Andoni Zubeldia): Hizkuntza eskakizunen proiektuarekin euskara enpresako sisteman sartzeko bidea ireki dute.

Fagor Taldea (Leire Okarantza): Plangintzaldi honetan euskarari funtzio propioak emateko lan ildoa abiatu dute, arlo instituzionaletik hasita eta bazkidetza harremanei helduta.

Fagor Ederlan (Ainhoa Mendibil). Hizkuntza ohiturak aldatzeko euskara eragileak aktibatu dituzte Prest! dinamikaren bitartez.

Amaiera emateko, Eider Alustiza Emuneko berrikuntza arduradunak normalizazioaren gainean jardun zuen. ENOren helburuaren garrantziari erreparatuz, hizkuntzaren normalizazioa lan munduan adierazteko gakotzat jo zituen honako ezaugarriak: euskarak erabilera erosoa izatea, naturala eta iraunkorra.

Jatorrizko albistea: Tu Lankide

Irakurtzen jarraitu...

MONDRAGON Korporazioak kudeatzen duen Nafarroako enpresen Euskara Batzordeak MAPSArekin elkarlanean antolatu du Topaketa. Helburuak honako hauek izan dira: batetik, Nafarroako gizarteari kooperatibetako euskara batzordeen lanen berri ematea eta beste enpresa batzuengana iristea; bestetik, euskara planetako esperientziak eta praktika onak partekatzea; eta, azkenik, MAPSAk euskara planarekin izan duen 10 urteko ibilbidea sozializatzea eta jendarteratzea. Topaketa EMUNek gidatu du.

 img-20161122-wa0004

Juantxo Martinez-Garcirian MAPSAko lehendakariak kooperatibak euskara planarekin egin duen ibilbidea azaldu du; besteak beste, hizkuntza politika esplizitatu izanak bazkideen eskubideak eta betebeharrak zehaztea erraztu duela azpimarratu du.

Ondoren, Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak Euskararen Plan Estrategikoaren gaineko azalpenak eman ditu; Mikelek aipatu duenez, enpresetan euskara planak sustatzea aurreikusten du Euskarabideak, bere esanetan arlo sozioekonomikoa gakoa baita euskararen prestigiorako.

Halaber, topaketan Sagrario Aleman eta Juan Kruz Lakastak euren iritzia eman dute; biek ala biek, euskalgintza eta administrazioaren artean elkarlana beharrezkoa dela nabarmentzeaz gain, euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko sinergiak batzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

Jarraian, enpresetako euskara planei egin zaie erreferentzia, horiek izan baitira Topaketako protagonistak. Jakina da Nafarroako egoera soziolinguistikoa zein den: euskararen foru legea, euskararen erabilera… Arlo sozioekonomikoan, aldiz, enpresek hizkuntzaren normalizazio prozesuan duten esku-hartzea nolakoa den ez da hainbeste zabaldu. Izan ere, egun, Nafarroako hainbat enpresak du euskara plana; Mapsa, Fagor Ederlan Tafalla eta Altsasuko MONDRAGONeko kooperatibek, esaterako. Halaber, Nafarroan hedatuta dauden eta euskara plana duten beste kooperatiba batzuk ere badira -Laboral Kutxa, LKS eta Eroski-. Horrela, zenbait enpresatako esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izan da Topaketan. MAPSAk azken urte hauetan izan dituen lorpenen berri eman du, besteak beste, hizkuntza politika, aldizkaria eta euskara eskolak. Bestalde, Fagor Ederlaneko errealitate ezberdinak aurkeztu dira; batetik, Fagor Ederlan Tafallaren euskara plana eta, bestetik, Fagor Ederlan kooperatibak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko plantetan izan duen euskararen normalizazio prozesuaren erakundetzea.

Nafarroako enpresen Euskara Batzordeari ere egin zaio aipamena, euskararen normalkuntza helburu duten erakunde horien guztien ahaleginak partekatzeko eta esperientziak trukatzeko helburuarekin eratu zena eta MONDRAGONek gidatzen duena, hain zuzen ere. Batzordea edozein enpresarentzat irekita dagoela ere azpimarratu da, Batzordean parte hartzeko ez baita ezinbestekoa euskara plana edukitzea edo MONDRAGONeko kide izatea.

Amaitzeko, Topaketari itxiera eman dio MONDRAGONen izenean Ander Etxeberriak, Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren zuzendari eta euskara koordinatzaileak. Anderrek, MONDRAGONek euskara normalizatzeko ezarrita dituen Oinarriak eta euskara planak garatzeko Korporazioak bideratzen dituen laguntzak aipatzeaz gain, nabarmendu du kooperatiba bakoitzaren egoera soziolinguistikora egokitutako normalkuntza plan bat abiatzeak kolektiboari dakarzkion onurak.

Irakurtzen jarraitu...

Donostia 2016 egitasmoaren barruan antolatu den Hitzargiak topaketan, hizkuntza gutxituak biziberritzeko Europan izan diren praktika eredugarriak aurkeztu dira ekainaren 23an eta 24an Hernaniko ORONA Ideo eraikinean.

eika_hitzargiak

Europako hainbat herrialdetatik etorritako ordezkariak izan dira bertan, bakoitza bere esperientzia azaltzen: Euskal Herria, Galizia, Katalunia, Asturias, Aragoi, Eskozia, Irlanda, Alsazia, Bretainia, Italia, Estonia, Bretainia, Portugal, Holanda, Finlandia, Poloniako kaxubiarrak,…

EIKA kooperatibaren esperientzia horien artean izan da, lan munduan euskara biziberritzeko esperientzia eredugarri moduan aukeratua izan baita, Europako gainerako esperientziekin batera. Hizlaria Ainhoa Irureta izan da, Eika Koop.E.ko industria zuzendaria.

Eguneroko lanean euskararen normalizazioaren alde plangintza eta kudeaketa egitea ezinbestekoa dela azaldu du bertan Ainhoak:

  • Euskaraz eskolatuta datozen belaunaldi berrientzat lan tresnak euskaraz prest izatea.
  • Lanpostu bakoitzak bete beharreko euskararen ezagutza zehaztuta izatea.
  • Lana euskaraz egitea ahalbidetuko duen hizkuntza politika eraginkorra zehaztuta izatea.
  • Kontratazio berriak eta barne promozioak egiten direnean, dagokion euskararen ezagutza eskatzea.
  • Eskakizuna betetzen ez duten langileak ezagutza eskuratzeko formazio planean integratzea.
  • Langileek zerbitzua euskaraz jasotzeko planifikazio zehatzak burutzea; arlo sozialetik, pertsonen sailetik, prebentzio sailetik, ….
  • Lana euskaraz egiteko planifikazio zehatzak burutzea: langileen arteko ahozko harremanetan, bileretan, produkzio prozesuan…

Iturria: TU lankide

Irakurtzen jarraitu...

Ekainaren 23an eta 24an izango da Hitzargiak Topaketa, Europa osoan hizkuntzak biziberritzen diharduten eragileak elkartzeko unea. Orona Fundazioan, Orona Ideon izango da, eta bi egunez eragileen arteko harremanak, elkarlanak eta sinergiak aktibatzeko era askotako aurkezpenak eta ekintzak bilduko ditu. Zabalik dago Topaketan parte hartzeko izena emateko epea, eta behin-behineko egitaraua ere webgunean dago kontsultagai.

Irudia2

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektuaren ibilbidean geldiune bat izango da Topaketa, biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateek elkar ezagutzeko eta haien arteko harremanak sendotzeko, etorkizuneko ibilbidean eraginkorragoak izan daitezen.

Dagoeneko 70etik gora jardunbide bildu dira Hitzargiak egitasmoan, 12 herrialdetakoak eta 24 hizkuntzatakoak.

Beste hizkuntza-komunitateengandik ikasteko, eta norberaren ezagutza eta eskarmentua beste komunitateetako kideekin partekatzeko aukera paregabea izango da. Izan ere, harremanak eta elkarrizketak sustatzea izango da Topaketaren helburu nagusietako bat.

Irakurtzen jarraitu...