Parkean nago. Umeak, 7 urteko lau mutil, txabola apaintzen dabiltza, harri koxkor, egur, makil eta bestelakoekin. Lau dira, lagunak, ikaskideak. Asmakizun betean dabiltza. Hurbildu zaizkio beste hiru lagun, eta tak, erdaraz hasi dira. Lehengoan Eibarko hizkuntza transmisioaren jardunaldian Paula Kasaresek esandakoak datozkit gogora:

Hizkuntza baten indarberritzearen termometroa parkean, egoera komunikatibo ez instituzionalizatuan, hartzen da. Indarberritzearen xedeetako bat bete da parkean umeak euskaraz ari direla ohartzen garenean.”

– Beñat, Anartz, zergatik egiten diezue erdaraz? Galdetu diet nik.
– Ez dakite ondo. Erantzun didate.

Baita zera ere! Haiek hobeto dakite euskaraz zuek erdaraz baino, eta, hala ere, zuek erdaraz ari zarete pentsatu dut nik.

Irakurtzen jarraitu...

Joan den maiatzaren 25ean egin zen Eibarko PORTALEA eraikinean Euskararen transmisioa mintegia bertako eta kitto! euskera elkarteak antolaturik.

Labur azaltzeko esan daiteke goizetik arratsaldera “in crescendo” joan zela eta bukaera laburra egin zitzaigula, mahai inguruarekin jarraitzeko gogoz geratu baikinen.

Goiza hotz samar hasi zen, aurkezpen ekitaldi labur eta hitz gutxikoa izan genuen, ondoren hitzaldien txanda izan zen, eta giroa hizlaritik hizlarira epeltzen, berotu egin zen. Lehenengo Euskararen transmisioa EAEn izan zen Jon Aizpurua. Eusko Jaurlaritzako hizkuntza ikerketa eta koordinaziorako zuzendaritzako teknikariak datu andana azaldu zigun eta berak sarreran adierazi gisa dagoeneko zaharkitu samar dauden datuak izan ziren 2006ko errolda datuetan oinarrituak izan baitziren.


Jon Aizpurua

Irakurtzen jarraitu...