Lantalan-en arnasguneen gaia jorratu berri dugu bi albisteetan:

Euskararen arnasguneak hedatzen

Arnasguneen tailerrak

Gaiari jarraipena eman nahi diogu datorren astean, 2014ko urtarrilaren 16an eta 17an, Donostian  egingo den ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldiaren berri emanez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ELE/Arnasguneak hedatuz izeneko proiektuari ekin diote elkarrekin. Proiektua lantzeko eta gizarteratzeko jardunaldi hau antolatu dute UEUrekin lankidetzan.

 

‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldiaren asmoa da herri euskaldunen garapenaren ikuspegi integral bat eskaintzea (etxebizitza beharrak, garapen ekonomikoa, azpiegitura handiak, kultur egoera…) eta garapen horrek euskaraz bizi diren herrietan izan ditzakeen eraginez gogoeta egitea.

Lehen aldiz aztertuko da euskararen normalizazioa hain ikuspegi integral eta zabalez. Aipatuko diren gaien artean dira lurralde antolaketa, hirigintza, lurraldearen garapena, legeen ikuspegia… Kanpoko esperientziak (Gales, Flandria, Aland) eta herri euskaldunen (Busturia, Zubieta, Zerain eta Zuberoa) beharrak eta bizipenak ezagutu eta aztertuko dira.

Jardunaldia arkitektu, idazkari, ekonomilari, legegile eta euskara normalizazioan dabiltzanei zuzenduta dago.

Matrikula doan da baina jardunaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Jardunaldia Carlos Santamaria zentroan izango da, Donostiako Ibaeta Campusean. Animatu eta parte hartu!

Unibertsitatea.net webgunean eskura dezakezue jardunaldien egitaraua eta informazio guztia.


Irakurtzen jarraitu...

UEUren ikastaroen baitan Gotzon Carcar-ek Iruñean eman zuen “Komunikazioa lantzen: aurkezpenetan entrenamendu trinkoa” ikastaroan Juan Luis Arexolaleiba EMUNkideak parte hartu zuen.

Albiste honetan Gotzonek berak ikastaroaren helburu eta edukien berri ematen duen bideoa duzu ikusgai batetik eta, bestetik, oso modu laburrean, gure lankideari azpimarragarriak iruditu zaizkion bizpahiru datu eta kontzeptu plazaratzen dizkizugu.

 

1. “Ilustrazioaren biktima gara”. Korronte horren arabera pertsonak, batez ere animali arrazionalak gara, hau da, “burua”. Hori ez horrela, bihotzean datza gizakion mamia.

2. Nola komunikatzen dugu?

  •      % 55: gorputza.
  •      % 38: ahotsa –bolumena, tonua, abiadura…-.
  •      % 7: edukia.

3.  Gorputzak beti dio egia.

  • Komunikazioan hartzaileekiko “begi kontaktua” modu kontzientean landu behar dugu.
  • Sentitzen ez baduzu ezin duzu transmititu. Burutik eta ahotik ateratzen diren hitzak belarrietara iristen dira. Bihotzetik ateratzen direnak bihotzera iristen dira.

4. Ondo komunikatzeko garrantzitsuena arnasa modu egokian hartzea da.

5. Makuluak gainditu behar ditugu: boligrafoa edo beste objekturen bat eskuan izatea, ppt desegokia, hitzezko makuluak: “eee”, “bueno”…

Hitz makuluek isiluneak lapurtzen dizkigute. Isiluneei esker musika posible bada, komunikazioan ere isiluneak behar ditugu. Isiluneek arnasa hartzeko eta gure mezua egituratzeko balio dute.

6. Komunikatzerakoan “eszenatokia menperatu” behar dugu. Helburu horrekin komunikatzaileak “arreta gunea” sortu, bere “gotorlekua” eta mapa izan behar ditu,…

7. Ezaguera vs. Jakinduria. Diferentzia eskarmentuan eta esperientzian datza. Jakintsua gai da praktikan jartzeko ezagutzen duena.

Gidatzen, igeri egiten…irakurriz edo internet-ez ezin da ikasi, praktikatu beharra dago. Horixe bera gertatzen da komunikazioarekin.

Ikastaroan, hainbat kontzeptu jaso ditugu baina, batez ere, “igerilekura bota gara”, etengabe aritu gara entrenatzen.

 

Gotzon-ek horrenbeste maite dituen metaforetako bat erabiliz: zein da elefante bat jateko modu bakarra?, ba, zatika. Horixe bera gertatzen da komunikazioarekin: garrantzitsuak diren elementuak pixkanaka txertatuz eta etengabe entrenatuz, “elefantea jatea” lortuko dugu.

Ikastaroa erabat praktiko eta sakona da, niri iritzian gomendagarria. Artikuluak norbaiten interesa piztu badu, udazkenean bertan, UEUk Eibarren antolatu duen ikastaroan, du entrenatzeko aukera.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

UEUk 2011ko uztailean Iruñean egin zituen ikastaroetako bat izan zen Euskararekiko sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko teknikak ikastaroa. Ikastaroaren arduraduna Virginia Belategi izan zen, PNL eta Adimen emozional gaietan aditua.

Bereziki, DBHko eskoletako irakasleei zuzenduriko jardunaldiak izan ziren, haur eta gaztetxoetan eragiteko. Ikastaroko hausnarketa nagusia: gazteei euskaraz egiteko eskatzen diegu, baina zer egiten dugu guk?

PNL eta Adimen emozionaletik abiatuta ariketa eta teknikak ikusi genituen, beti ere, jarrera eta portaeren inguruko hausnarketa bultzatzeko xedearekin.

“PNL teknikak programazio neurolinguistikoa esan nahi du. Hau da, buruan kode edo programa batzuk ditugu eta horien arabera funtzionatzen dugu. Kode horiek maila neurologikoan daude, hizkuntzaren bidez kodifikatuta. Zer esan nahi du horrek? Berriro, hizkuntzaren arabera kodifikatuta egon daitezkeela. Adibidez, nik neure buruari errepikatzen badiot behin eta berriz ez dudala hizkuntzak ikasteko balio, argi dago ez dudala inoiz hizkuntzarik ikasiko”.

http://www.flickr.com/photos/pere/523019984/

Helduok zein eredu transmititzen dugu?

Askotan eskatzen zaie gazteei euskaraz egiteko baina guk zer egiten dugu?

Horregatik, lehenik eta behin norberaren praktika zein den aztertu behar dugu. Hau da, gure jokabidea eta horren arrazoia ikertzea. Bakoitzak euskararen inguruan izan duen ibilbidean sakondu behar dugu.

Haurren motibazioan eragiteko zer egin genezake?

Aztertu beharreko beste kontu bat da gazteek zergatik ez duten euskaraz egiten.

Esaterako, zein motibazio falta duten. Gaztelaniaz hitz egiten badute, ea zergatik egiten duten, ezagutu zein jarrera edo jokabide dagoen horren atzean eta ikusi aldagarriak diren ala ez.

“Jarrera aldaketa bultzatzen saiatu behar dugu motibazio tresnak erabiliz; hizkuntzari atxikimendua, ezagutza… hizkuntzarekiko maitasuna sustatzea, azken finean”.

Motibaziorako:

  1. Jokabidearen azpitik jarrera dago. Jarrera aldatzen ez badugu, ezin dugu jokabidean eragin.
  2. Jarrerak alda ditzakegu, baina nahi dugun emaitza lortzeko, enpatia eta errespetua ezinbestekoak dira.
  3. Komunikazio pertsonalak pisu handia du motibazioa eragiteko orduan.
  4. Hizkuntza bat erabiltzeko kontzientzia eta gaitasuna behar dira eta gure lana biak indartzera joan behar du.

Zenbait teknika baliagarri sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko:

  • Arbolaren teknika: arazoaren arrazoiak izendatu eta horien artean zentrala dena aukeratu. Ondoren, arazo horren ondorioak eta arrazoiak kokatu egiten dira goian edo behean. Grafikoki arazoaren zuhaitza irudikatu arte.
  • Eguneroko erabilera ohiturak: euskara zertan eta non erabiltzen dugun kolore bidez irudikatu. Oso ondo dago grafikoa delako eta hiztuna bere kontraesanen aurrean jartzen duelako.
  • Entzuketa aktiboa: asko hitz egiten dugu baina gutxi entzun. Jendea entzun behar dugu, bere egoera eta arrazoiak ezagutu. Eta ondoren, egoera aldatzeko baliagarriak izan daitezkeen irtenbideak proposatu. Gehiegitan kontrakoa egiten dugu, zuzenean goaz ekintza plan edo soluzio magikoekin jendea behar bezala ezagutu gabe.
  • TELP Tailerra: Euskaraz eroso noiznahi eta nonahi sentitzeko tailerra da. Kontzientziari esker leialtasuna eskaintzen diogu gure hizkuntzari. Rol jokoak antzeztu genituen egoera ezberdinen aurrean jokabide bat antzeztuz.

DIMISIOA-KONTZIENTZIA-LEIALTASUNA (egin nahi)-BALIABIDEAK-ASERTIBITATEA (egiten jakin)

Motibazio ekintzen adibideak (Euskara planetan erabiltzen ditugunak azaldu zituen)

  • Euskara erabiltzeko kanpaina orokorrak
  • Euskara ikasteko baliabide egokiak
  • Gazte euskaltzaleen identifikazioa
  • Lehiaketak
  • Hausnarketarako ekimenak
  • Jaiak
  • Euskararen prestigioa lantzeko ekimenak
  • Beste zentro batzuetara bisitak
  • Aldizkariak
  • Kudeaketan parte-hartzea sustatu (lanak ardurak banatu)
Bidaltzailea: Mikeldi Zeberio, Aintzane Agiriano eta Larraitz Kortabarria Emuneko hizkuntza-teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Azken aldian asko hitz egiten dugu immigrazioaz. Gaiak pentsarazi egiten digu, immigrazioaren arrazoiak, etorri berrien eskubideak, etorrera gizartearen jarrera, immigrazioa eta hizkuntzak… Gaia zabala eta konplexua da, baina aldi berean erronka polita jarri digute. Erronka harrera gizarte bezala egin behar ditugunak ikasteko, egiten ari garenean inguruan hausnartzeko eta etorri berriekin batera etorkizuneko gure gizartea eraikitzeko.

Eta, zurrunbilo horren barruan, hizkuntzak ere sartzen dira. Hori dela eta, UEUk Hizkuntzak, kulturak eta lurraldeak ikastaroa antolatu du. Ikastaroaren gidaria Samira Goddi Mendizabal, Pasaiako immigrazio teknikaria izandakoa, euskalduna, kultur bitartekaria eta Magrebaren ezagutza handia duena.


Samira Goddi Mendizabal, Pasaiako immigrazio teknikari ohia

Hiru eguneko ikastaroan kontzeptu orokorrak ikusi dira, kultura, kulturartekotasuna, estereotipoak, doluak…eta kontzeptuak ikusten eta agertzen joan diren heinean kontzeptuen inguruko hausnarketa egin dugu.
Ikastarora hurbildu garenon artean profesio ezberdinetakoak egon gara. Euskalgintzan lanean ari direnak, irakaskuntzan eta gizarte integrazioaren inguruan dabiltzanak. Sektore ezberdinetako kezken pintzeladatxo bat ikusteko aukera izan dugu guztion artean.

Eta ondorioa? Sektore guztietan asko dugula ikasteko eta lan asko dugula egiteko.

Bidaltzailea: Olatz Irizar, Emuneko euskara teknikaria eta Kontseilu Errektoreko  Lehendakaria
Irakurtzen jarraitu...

Pasa den astean UEUk antolatuta, Community Manager-en inguruko ikastaro praktikoa izan da Eibarren, hiru egunetan. Irakaslea Mikel Lizaso izan zen. Han esandako guztiak laburtzea ezinezkoa da, baina ikastaroari buruzko zertzelada batzuk eman nahi ditugu. Gainera, ikastaroko eduki guztiak publikoak dira eta han izango duzue ikastaroen berri.

Gainera, UEUkoen blogean ere agertzen dira Mikel Lizasori eta Naiara Perez de Villarreali egindako elkarrizketak.

Irakurtzen jarraitu...