Lan-mundua euskalduntzearekin lotura zuzenik ez badu ere, ohikoa da EMUNen aholkularitza jasotzen duten erakundeetako eta enpresetako langileek euskarazko liburuak gomendatzeko eskatzea; maiz, etxeko txikienekin edo txikienek irakurtzeko.

Hori dela-eta interesgarria iruditu zaigu Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegitik iritsi zaigun gida; mintegi horretan unibertsitateko irakasleek, eta Debagoieneko ikastetxeetako eta udal liburutegietako profesionalek parte hartzen dute, eta 2001 eta 2014 urteen artean argitaratutako 1.614 haur eta gazte literatura libururen irakurketa partekatua egin dute; eta, irakurketa horretatik oso gomendagarriak direnak gida honetan jaso dituzte. Gidaren sarreran adierazten denez, mintegiko kide direnak ere harrituta daude euskaraz zenbat liburu on ditugun ikusita; bitxikeri gisa, 1.614 liburu horietatik 686 jatorriz euskaraz argitaratuak dira.

Haur eta Gazte Literatura Irakur Gida 2001-2014-1

Iturria: http://www.mondragon.edu

Irakurtzen jarraitu...

MONDRAGONek eta Mondragon Unibertsitateak (MU) euskararekiko duten konpromisoa dela-eta, euskaraz hobekien idatzitako titulu ofizialetako amaierako bi lan (gradu edo master amaierakoak) saritu dituzte aurten, laugarrengoz. Sariek lanen txostenaren euskararen kalitatea eta egokitasuna saritzen dituzte.

Arizmendi Ikastolan Josune Etxanizek egindako lan batek jaso du lehen saria, eta Electra-Vitorian Ander Elustondok egindakoak bigarrena.

lantalan_MU

Electra-Vitoriako tutorea, Eider Olabe -argazkian eskuinetik bigarrena- Anderren izenean saria jasotzen

Sari hau MONDRAGON Korporazioaren Euskara Batzordearen ekimenez sortu zen eta unibertsitatetik lan-mundura pasatzen diren ikasleek ikasketa amaierako lanak euskaraz egitera animatzea du helburu.

Mondragon Unibertsitatean, 2014an, guztira 277 lan egin ziren euskaraz (2013n 176 izan ziren). Bestalde, sarietan parte hartzeko 5 baldintzak kontuan hartuta (MUko ikaslea izatea; lana MONDRAGONeko erakunde batean egitea; txostena euskaraz idaztea; 2014an aurkeztea; 9 edo hortik gorako nota akademikoa izatea) sarietara 20 lan aurkeztu ziren 2014an (2013an 32 izan ziren).

Electra-Vitoriari saritutako lanak “Barne-logistikaren hobekuntza eta muntaketa-prozesuetako lan-kargaren orekatzea, igogailuen fabrikazioan” izenburua zuen eta, esan bezala, Ander Elustondo gasteiztarrak egindakoa zen.

Ander, une honetan, Kopenhagen ari da Operazioen Analisia eta Kudeaketa espezialitatean masterra egiten, baina aurreko ibilbidea Duranako Ikasbidea Ikastolan –DBH eta Batxilergoa–, Mondragon Unibertsitatean –Industria Antolakuntzako Ingeniaritza Gradua– eta Electra-Vitorian –ikasketa amaierako lana– egin zuen.

Anderri sariaren errudunen gainean galdetuta, Electra-Vitoriako lan-taldeak emandako babesa oso garrantzitsua izan zela nabarmendu digu. “Babes horrek aldaketak eta hobekuntzak gauzatzen lagundu zidan, jendea motibatzen batik bat. Horrek proiektuaren arrakastan zeresan handia izan zuen. Horrez gain, bai Eiderrek –Electra-Vitoriako tutoreak– eta bai Aitorrek –unibertsitateko tutoreak– emandako aholkuek lana hasieratik bide onean jartzen lagundu zidaten”.

Sari honekin Electra-Vitoriak 2014. urtea biribildu du, duela 3 hilabete Lazarraga saria jaso baitzuen.

Irakurtzen jarraitu...